2018ko martxoak 22

Wifi4EU, udalen wifi zonentzako finantzaketa

Europar Batasunak Europako udalerrietan banda zabaleko wifi zonak instalatzea sustatzeko Wifi4EU izeneko ekimena iragarri zuen iaz. Une honetan martxan da prozesuaren lehen fasea eta, horregatik, proposamenak jasotzen dituen laguntzak lortzeko oinarrizko datuak eta jarraibideak laburbilduko ditugu hemen.

49_wifi_youZertan datza eta nola funtzionatzen du?

Udal-mugartean wifi zonak jarri nahi dituzten udalentzako 15.000 €ko laguntzak ditu programak. Enpresa instalatzaileei ordaintzeko erabiliko diren kupoi (vouchers) moduan banatuko dira laguntzak. Udal bat laguntzaren onuradun gisa aukeratzen badute, urte eta erdiko epea izango du instalazioa egiteko laguntza ematea onartzen denetik. Instalazioa amaitutakoan, enpresa instalatzaileari emango dio kupoia, eta horrek zuzenean kobratuko du Europar Batasunetik.

Finantzaketa osoa 120 milioi eurokoa da. Beraz, udal onuradunen kopurua 8.000 izango da gehienez.

Finantzatutakoak baino kostu handiagoak egon al daitezke?

Instalazioaren kostua 15.000 €tik gorakoa izan daiteke, baina kasu horretan udalak ordaindu behar du hortik gorako zenbatekoa.

Laguntzak instalazioa soilik finantzatzen du (instalazioaren eta konfigurazioaren ekipamendua eta eskulana). Mantentze- eta eragiketa-kostuak, etab. (bereziki wifi zonarako Interneteko konexioa) udalaren kontura izango dira. Kontuan izan behar da zenbait udalerritan wifi zona guztiz aprobetxatzeko nahikoa abiadura duen Interneteko operadore-konexioa lortzea konplexua eta/edo garestia izan daitekeela.

Zer egin behar dut laguntza eskatzeko?

Laguntza-programa honen onura handi bat da eskaeraren aurretik ez dela lanik egin behar, hau da, ez dela izan behar instalatu beharreko wifi zonaren aldez aurretiko proiekturik. Instalatu behar den wifi zonari buruzko ideia orokor bat aldez aurretik izatea ona den arren (kokapena, nahi den estaldura-eremua, erabiltzaile konkurrenteen kopurua…) ez da beharrezkoa laguntza eskatzerakoan datu horiek eskura izatea. Nahikoa da eskaera egitea.

Eskaera-prozesua bi urratsetan egiten da: aldez aurretiko izen ematea eta laguntza eskatzea.

1. urratsa. Aldez aurretiko izen ematea egiteko https://www.wifi4eu.eu/#/beneficiary-landing web-orrian sartu behar da eta argibideei jarraitu. Lehenik eta behin erabiltzaile baimendua sortu behar da laguntza-eskaera egiteko eta, erabiltzaile hori erabiliz, udalerriaren izena eman behar diren datuak sartuta. Aldez aurretiko eskaera egiteko plataforma erabilgarri dago une honetan. IZEN EMATEA EGIN NAHI DUTEN UDALEI LEHENBAILEHEN IZAPIDETZEKO GOMENDATZEN DIEGU.

2. urratsa. Eskaera 2018ko maiatzaren 15eko 13:00etik aurrera (Europako Erdialdeko ordutegia) egin ahal izango da, aldez aurretiko izena emateko urratsean sortu den erabiltzaile baimendua legeztatzen denean. Eskaera egiteko unera arte zenbat denbora geratzen den web-orri honetan ikus daiteke: https://www.wifi4eu.eu/#/home.

Onuradunak eskaera-ordenaren arabera esleituko dira (salbuespen batzuekin, herrialdeen arteko laguntzen banaketa bidezkoagoa bermatzeko). Beraz, benetako interesa izanez gero, garrantzitsua da izen ematea garaiz egitea eta, aukera gaituta dagoenean, eskaera egiteko adierazitako egunean eta orduan prest egotea.

Eska al dezaket laguntza? Zer aukera ditut hautatua izateko?

Laguntza jaso dezaketen udalerrien zerrenda esteka honen bidez deskarga daiteke: http://ec.europa.eu/newsroom/dae/document.cfm?doc_id=50302. Udalerria zerrendan badago, hautatua izan daiteke.

Laguntzak nolabaiteko homogeneotasunarekin banatuko direla bermatzeko, udalerri onuradunen gutxieneko eta gehieneko kopuruak daude. Gutxienekoa 15 da herrialdeko, eta gehienekoa onuradun guztien % 8, hau da, 640 udalerri. Dena den, hautatua izatea edo ez izatea, aukera erabilgarri dagoenean, hau da, 2018ko maiatzaren 15eko 13:00etik aurrera (Europako Erdialdeko ordutegian) eskaera egiteko orduan izaten den bizkortasunaren baitan dago.

Ekimenari buruzko informazio osoa web-orri honetan aurki daiteke https://www.wifi4eu.eu/#/home.

Volver arriba