2015eko uztailak 20

Haur eta nerabeentzat arriskutsuak izan daitezkeen 10 aplikazio

ninos Gazte eta nerabe gehienak aro digitalean sortutakoak badira ere, kontuan hartu behar dugu balitekeela behar adinako heldutasunik ez izatea aplikazio guztiak behar bezala erabiltzeko. Jarraian, adin txikikoek erabiliz gero, erne egoteko moduko 10 aplikazio.

1. Yik Yak: aplikazio horretan, erabiltzaile guztiak anonimoak dira. Bidalitako mezuaren egilearen hurbileko 500 pertsonak ere ikus dezakete hark bidalitakoa. Horren ondorioz, bullying edo bestelako erasoen kasuan lagundu lezake aplikazio horrek.

2. SnapChat: aplikazio horretara bidalitako argazkiak eta bideoak bidali eta handik segundo gutxira autosuntsitzen eta desagertzen dira. Edukia desagertzen denez, edozein eduki mota bidaltzeko libre direla pentsarazten die erabiltzaileei. Ordea, irudiak ikusten diren segundo horietan pantailaren irudia harrapa daiteke; hortaz, egiatan edukia ez da desagertzen.

3. Poof: aplikazio horrek telefonoan dagoen beste edozein aplikazio ezkutatzeko aukera ematen du. Deskargatzeko plataformetatik kendu badute ere, oraindik ere erabil daiteke aurretik deskargatuta bazegoen.

4. Omegle: Ezezagunekin solas egiteko aplikazio bat. Erabiltzaileak “zu” eta “ezezaguna” dira. Hala eta guztiz ere, baliteke Facebookekin konektatuta egotea, eta, horren ondorioz, antzeko profilak hautatzen ditu. Halako aplikazioetan areagotu egin daiteke profil faltsuen erabilera.

5. Whisper: Sekretuen aplikazioa. Aplikazio horretan erabiltzaileak anonimoak dira, eta, hasiera batean, ezagutzen ditugun pertsonei “konta ezin dakizkiekeen” sekretuak partekatzeko sortu zen.

6. Down: app horrek “Facebookeko lagunak” sailkatzeko aukera ematen du, adibidez nork atera nahi duen parrandan, edo nork nahi duen sentimenduzko loturarik gabeko harreman bat izan. Kointzidentzia izanez gero, harremanetan jartzen ditu bi pertsonak.

7. Vine: aplikazio horrek 6 segundoko bideoak ikusteko eta argitaratzeko aukera ematen die erabiltzaileei. Askotan kritikatu da helduentzako, nerabeentzako eta haurrentzako edukiak nahasteko aukera ematen duelako.

8. Tinder: bikotekidea aurkitzeko aplikazioa; erabiltzaileek beren argazkia argitaratu behar dute. Inork gure interesa piztu badu, bere argazkia markatzen dugu; hark gurea markatu badu, aplikazioak harremanetan jartzen gaitu. Adingabeek ezin dute erabili teorian, baina aski da jaioteguna aldatzea erabili ahal izateko.

9. Qooh.me eta Ask.fm: ezezagunek galderak egiten ahal dizkigute bi aplikazio horien bidez. Erabiltzaileak anonimoak direnez, maiz galderak eta erantzunak ezegokiak, erasotzaileak edo mehatxatzaileak ere izan daitezke.

10. Kik Messenger: txateatzeko aplikazio bat da; erabiltzaileek erregistratu behar badute ere, zaila da horiek identifikatzea. Beraz, anonimo izatea, berriz ere, erasoak edo nortasun faltsuak bultza ditzakeen tresna bat izan daiteke.

Volver arriba