Toki Administrazioa Udal Informatikari buruzko VI. Nafar Topaketetan bildu da
ANIMSAk Udal Informatikari buruzko Nafar Topaketak egin zituen martxoaren 6an, erakundearen 40. urteurrenean. Topaketa hauetarako aukeratutako leloa “PERTSONEN BULTZADAREKIN, TEKNOLOGIA LAGUN” izan zen; izan ere, tokiko erakundeetan ez dago eraldaketa digital posiblerik hura gidatuko duten pertsonarik gabe eta aurrerapen teknologiko horiek herritarren zerbitzura ezarri, erabili eta kudeatuko dituzten profesional-talderik gabe.
Jardunaldia Berriobeitiko Luze El Toro hotelean egin zen eta ehun pertsona baino gehiago bildu ziren, Nafarroako toki-entitateetako teknikari eta politikarien artean. Ekitaldia Joseba Asironek, ANIMSAko presidenteak, eta Txema Aguinagak, erakundeko zuzendari kudeatzaileak, ireki zuten.
Jarraian, Mónica Legaspik, Ourenseko Diputazioko kontu-hartzaileak, eta Juan Carlos García Meliánek, kontratazio publikoan aditua den abokatuak, AA toki-administrazioetan arrakastaz ezartzeko zenbait gako eskaini zituzten.
ANIMSAren aldetik, Ana Burgui Aldunatek, Azpiegituren zuzendariak, eta Eduardo Tuñón Gonzalok, Aplikazioen zuzendariak, “Etorkizunera itzultzea” gaiari buruz hitz egin zuten ANIMSAren 40 urteko historian toki-entitateetan gertatu den aldaketa teknologikoaren errepasoa eginez. Esku-hartzeetan datozen urteetako agertoki teknologikoaren ikuspegi orokorra eskaini zuten eta erakundeak gaur egun esku artean dituen proiektuak aurkeztu zituzten.
Topaketek Nafarroako entitateen arteko esperientzien trukerako gune bat izan zuten Iruñeko biki digitalen esperientziaren aurkezpen batekin, non bertako gerentea den Patxi Iraizoz Aguerrik, Herritarren Segurtasuneko arduraduna den Juanma Gilek, eta Zuhaitz Areitiok, Energia eta Klima arduradunak, parte hartu zuten, Susana Villalba Puig, ANIMSAko negozio-analistarekin batera.
Iruñeak egin zuen azalpenaren ondoren, hainbat toki-erakundetako ordezkariek parte hartu zuten mahai-inguru batean. Bertan administrazio elektronikoaren ekarpen handiez, zibersegurtasunaren garrantziaz, pandemiaren ondorioz bultzatutako telelanaz edo toki-erakundeetan AA ezartzeaz aritu ziren. Honako hauek esku hartu zuten: José Sánchez, Atarrabiako Udaleko Herritarren Arretarako Bulegoko arduraduna; Jesús Litago, Murchanteko Udaleko idazkaria; Delia Elizalde, Barañaingo Udaleko Informatika Arloko arduraduna; eta Sandra Martínez, Olazti-Olazagutiako Udaleko idazkaria, ANIMSAko Tatxi Pérez (Bezeroaren Arreta) eta Marta Conde (Komunikazioa) moderatzaileekin.
Azken hitzaldian Toni Merinok, Mataróko Udaleko gerenteak eta eraldaketa publikoan, berrikuntzan eta datuetan oinarritutako kudeaketan erreferenteak, aldaketetara egokituko den eta eraldaketa digitalari aurre egingo dion toki-administrazio berritzaile baten alde egin zuen.
Jardunaldiaren itxiera Xabier Alcuaz Anduezak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidenteak eta ANIMSAko kontseilariak egin zuen; bere hitzaldian arreta jarri zuen herritarren zerbitzura dagoen teknologian, eta ANIMSA zoriondu zuen 40 urte betetzeagatik.
▶️ HITZALDIAK
▶️ IRUDIAK