50 ORDENAGAILU ZAURGARRITASUN-EGOERAN DAUDEN FAMILIETAKO ZENBAIT GAZTEK IKASI AHAL IZATEKO
Iruñeko Udalak, “la Caixa” Fundazioak eta CaixaBankek TIC TAC programa abiarazi dute eten digitala minimizatzeko familia zaurgarrienen artean.
Iruñeko Udalak, “la Caixa” Fundazioak eta CaixaBankek TIC TAC programa abiarazi dute eten digitala minimizatzeko familia zaurgarrienen artean.
TIC TAC programaren xedeak dira haurren eta nerabeen eskubideak bermatzea eta zaintzea eta Covid-19 gaitzaren pandemiak egun eragin duen egoera honetan “arrakala digital” delakoa murrizten laguntzea. Programak eskola-laguntza ematen die adingabeei, teknologia berrien bidez. Iruñeko Udalak, “la Caixa” Fundazioak eta CaixaBankek abiarazi dute programa, ANIMSAren lankidetzarekin eta laguntza teknologikoarekin. Programa horri esker, ordenagailu bana eta Interneterako konexioa jasoko dute zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeak dituzten Iruñeko 50 familiak, adingabe horiek ikasi eta eskolako lanak egin ahal izateko.
“la Caixa” Fundazioak eman ditu 50 ekipo informatikoak, 15.000 euroko zenbatekoz erosiak, CaixaBanken Ekintza Sozialeko arloaren bidez. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuarekin koordinatuta abiarazi da programa, departamentuak gauzatzen dituen beste ekimen batzuen osagarri izan dadin.
Auzo-unitateetatik koordinatuko da programan parte hartzeko aukera, ikastetxeen lankidetzaz, horiek identifikatuko baitute halako baliabiderik ez duen populazioa. Irailean, behar premiazkoenak hauteman dira, eta, urrian, ekipoak banatuko dira.
Ekipamendu informatikoak maileguan utziko dira, erabilera-kontratu baten bidez, eta fidantza sinboliko bat jarrita, familiek zainduko dituztela eta arduraz erabiliko dituztela bermatzeko. TIC TAC programan parte hartuko dutenek ekipamendu informatikoen erabilera azaltzeko egingo den informazio-saioan parte hartu beharko dute, eta ikasturtea bukatutakoan ekipamenduak egoera onean itzultzeko konpromisoa hartu beharko dute.
Ikasturtean zehar, jarraipena egingo zaie, eta, eskolak bukatutakoan, programaren funtzionamendua ebaluatuko da. Asmoa da programa beste zenbait ikasturtez luzatzea, eta, gainera, arrakala digitalarekin eta haurrek eta nerabeek hezkuntza jasotzeko duten eskubidearekin lotutako beste proiektu batzuetarako iturburu izatea.
Covid-19ak gaur egun eragin duen egoera honetan, martxoan eta apirilean izandako itxialdia eta ikastetxeetako egungo protokoloak kontuan hartuta, gazteek, hezkuntza jasotzeko, Interneterako sarbide segurua eta gailu egokiak izan behar dituzte nahitaez, segurtasun- eta eraginkortasun-baldintzetan izan ere. Agerikoa da “arrakala digitala” badagoela, eta, batez ere, zaurgarritasun-egoeran dauden haurrei eragiten diela.
Hori horrela, ordenagailu horiek utziz, kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea bermatzen lagunduko dugu, eta tresna eta metodologia digitalak erabiltzeko aukera emango diegu.
Udalaren, “la Caixa” Fundazioaren, CaixaBanken eta ANIMSAren iritziz, lehentasuna da, ezinbestean, haurren eta nerabeen eskubideak bermatzea eta zaintzea. Proiektua, gainera, 2030 Agendako Garapen Iraunkorrerako Helburuen esparruan sartzen da. Ildo horretatik, Haurren eta Nerabeen Arretarako I. Plana lantzen ari da Iruñeko Udala; plan horretan, adingabeen eta nerabeen arretari, segurtasunari eta eskubide-bermeari ematen zaie lehentasuna. Halaber, UNICEFek sustatutako Haurren Lagun diren Hirien Sareko kidea da Iruña.
Lurraldea saretzen duenez, CaixaBanken bulego-sarea oso erabilgarri izan daiteke “la Caixa” Fundazioari bere lan sozialean laguntzeko, tokiko gizarte-erakundeen beharrak hautemanez eta Fundazioaren aurrekontuaren zati bat bideratuz. 2019an, bankuaren bulegoen % 92k proiektu sozialen bati lagundu zion, eta laguntza ekonomikoak lortzen lagundu zieten milaka erakunde sozial txiki eta ertain solidariori, haien programak gauzatu ahal izateko.
ANIMSAk, IKT irtenbide hobeak emateko duen xedearekin bat, egoera zaurgarrian dauden gazteei teknologia berriak erabiltzeko aukera emateko xedez parte hartzen du proiektu honetan. ANIMSA arduratuko da Interneterako konexioa optimoa dela eta ekipamenduak behar bezala abiarazten direla ziurtatzeaz.