GUREKIN SOLASEAN… Patxi Iraizoz Aguerri, udal-kudeatzailea Iruñeko Udalean
«Erronka da teknologiaren aurrerapena islatu dadila herritarrentzako arreta pertsonalizatu hobean»
Iragan azaroan, Patxi Iraizoz Aguerrik Iruñeko Udaleko Gerentzia hartu zuen. Iraizoz Zuzenbidean lizentziaduna da eta Pertsonen Zuzendaritza eta Giza Baliabideen Kudeaketako (DHRO) Masterra egin zuen. Enpresa pribatuan giza baliabideen arloko zenbait kargu izan ditu eta, azken urtean, Nafarroako Gobernuko adar juridikoan administrazio publikoko teknikari gisa lan egin du. Horrez gain, Berriozarko Udaleko zinegotzia da. Udalean esku artean dituen proiektuen inguruan hitz egin dugu berarekin.
Zer-nolakoak izan dira Iruñeko Gerentziaren buru gisa eman dituzun lehenengo asteak?
Kontuan izan behar da dagoeneko legegintzaldiaren erdia iragan dela; hortaz, frenetikoak izan direla esango nuke. Izan ere, ahalik eta lasterren arlo guztiak eta horien zuzendariak ezagutu nahi izan ditut eta, aldi berean, aurten garatu beharreko xedeak ezarri behar dira. Nabarmendu nahi dut arlo guztiak prest azaldu direla eta haien jarduerak ezagutzen lagundu didatela, esan bezala, lan-erritmoa oso azkarra izan arren. Gero eta udal gehiagok daukate kudeatzaile-kargua.
Zein da kudeatzailearen rola toki-erakunde batean? Enpresa-kudeatzaile baten rolaren oso desberdina al da?
Sektore pribatutik ezagutzen dudana kontuan izanda, agian desberdintasunik handiena da, batzuetan, enpresa-kudeatzaileak rol estrategikoa izan behar duela, baina toki-erakunde batean rol hori gobernu-taldeak dauka. Dena den, antzekotasunak dituzte, izan ere, erakunde-kudeatzaileak zenbait arlo uztartu behar ditu, proiektuak dinamizatu eta sustatu behar ditu, eta ezagutza jakin bat izan behar du, nahiz eta gai guztiak gainetik jorratu. Toki-erakunde batzuen dimentsioa eta konplexutasunagatik, kargu hori ezinbestekoa da zenbait proiektu gidatzeko eta arlo zehatz bati ez dagozkionak bere gain hartzeko.
Zein da Udaleko arloetan eta erakunde autonomoetan aurkitu duzun teknologia- eta digitalizazio-maila?
Ohikoan, digitalizazioari eta aurrerapen teknologikoari dagokionez, ustea da sektore publikoa sektore pribatua baino pauso batzuk atzerago doala, eta agian bada horrela. Gero eta toki-erakunde gehiagok, aitzitik, badakite ezin garela atzean geratu. Izan ere, zerbitzu publikoak hobetzeak, baliabideak modu eraginkorrean erabiltzeak eta aurrerapen teknologikoak oso lotura estua daukate. Iruñeko Udalari dagokionez, behar bezala lanean ari delakoan nago eta, noski, hobetzeko tartea badago. Baina ANIMSAren eskutik hainbat proiektutan lanean ari gara, unean uneko proiektuetan zein eguneroko kudeaketarako proiektuetan, Udalak dagokion norabidean aurrera egin dezan.
Udalak ANIMSArekin duen harremanaren arduradun gisa, zein izan da orain arteko harremana?
Behin Gerentziara heldu nintzenean, bildu nintzen lehenengo pertsona Txema Aguinaga izan zela esan beharra daukat. Orduan ohartu nintzen ANIMSA Udal honentzat garrantzitsua dela eta, ordutik aurrera, etengabeko harremana izan dugu. Aurreko kudeatzaileak zeukan fluxu bera mantendu nahi izan dut. Udalean informazio-teknologiaren arduradunik falta denez, Gerentziak beste ardura batzuk hartu behar ditu eta, horrenbestez, ANIMSAko langileekin harremana areagotu da. Hori lehentasunezko gaia da eta horretan lanean gabiltza berehala konpontzeko.
Zein berritasun dakar ANIMSAri aurten egindako eskaerak?
Lehenengo berritasuna eta agerikoena da 2025ean 5.527.000 euroko eskaera egin zela eta 2026an 6.515.468 eurokoa. Horrek argi uzten du zer-nolako konfiantza daukan Udalak ANIMSAn. Ia 70 proiektu kudeatu beharko dira (batzuk beste toki-erakunde batzuekin lankidetzan). Zaharkitutako aplikazioak berritzeaz gain, software-garapenean arituko gara eta zenbait proiektu ditugu esku artean, hala nola AA txertatuta duen app bateko txata, zerbitzuen benetako kostua kalkulatzeko Nafarroako Gobernuko gidara moldatzea, Inventic, Natiket, etab.
Zein proiektu teknologiko garatuko ditu Iruñeko Udalak 2026an?
Proiektuetako bat biki digitalena da, duela bi urte hasi zen eta, printzipioz, 2025eko abenduaren 31n amaituko zen. Baina asmoa da sei hilabetez luzatzea lanak amaitzeko. Gobernu-taldeak teknologia hori garatzeko konpromiso irmoa dauka; beraz, behin proiektuko lan pilotuak amaituta, praktikan ezartzeko aukera aztertuko da. Proiektu hori estrategikoa da eta Udaletik harago doa, datuak hartu, aztertu eta interpretatu ostean, aukera ugari eskaintzen baititu.
Udaletik harago doala esan dut, izan ere, Nafarroako Gobernuak (Tracasaren eskutik) parte hartzen eta laguntzen du eta hori ezinbestekoa da. Gainera, Iruñetik hurbil dauden beste toki-erakundeei ere aukerak eskaini ahal dizkielako.
Orain badirudi guztiak adimen artifiziala izan behar duela. Nola lagundu dezake teknologia horrek udal-kudeaketan eta herritarrentzako zerbitzuan?
Funtsean, lehen adierazi dudan bezala, eraginkortasuna hobetzen eta baliabideak optimizatzen lagun dezake, datuen analisiaren bidez hartutako erabakietan oinarrituta. AAri esker, erabaki egokiak hartzea ahalbidetuko duten simulazioak egin ahal izango dira. Beste batzuetan, izapideak erraztu ahal izango dira eta, hortaz, gardentasuna
eta irisgarritasuna hobetu.
Zer proiektu ari da garatzen Iruñeko Udala teknologia horrekin?
Nagusiki, aipatu dudan biki digitalen proiektua. Zortzi proiektu pilotu garatzen ari gara, mugikortasun-konponbideen, hiri-kontserbazioaren, energiaefizientziaren, hirigintzaren eta beste gai batzuen inguruan. Behin horiek amaituta, sortutako arazoen eta egoeren aurrean erantzutea askoz errazagoa izango da eta baliabideak behar bezala planifikatu ahal izango dira.
Zer erronka izango ditu Iruñeak hurrengo urteetan teknologiaren eremuan?
Nire ustez, Iruñeak zein gainerako administrazio publikoek etorkizun handia daukate aurretik. Hurrengo urteetarako erronkak izango dira teknologia-aurrerapena herritarrentzako arreta espezializatu hobean islatzea, eta Iruña hiri adimentsuago eta jasangarriago bihurtzeko tresna izatea. Aldi berean, langileak prestatzen, pribatutasuna kudeatzen eta datuen segurtasunean lan egin beharko dugu, eta oztopo horiei pixkanaka aurre egin beharko diegu.