IRUÑEKO UDALAK BIDEO-DEI BIDEZKO ARRETA-ZERBITZU BERRI BAT JARRI DU ABIAN IZAPIDEAK EGITEKO

Bideodei bidezko izapideen zerbitzu berri hori martxan jartzearekin batera, Iruñeko Udalak egungo gizartearen eskaerei emandako arreta eguneratzen du, zerbitzu pertsonalagoa eskainiz, erosoa, azkarra eta segurua, eta herritarra edonondik sar daiteke, aurrez aurreko arreta-puntu batera joan beharrik gabe. Baliabide berri horretarako sarbidea, baita bideodei bidezko arreta jasotzeko behar diren informazio eta agiri guztiak ere pamplona.es/vamoscontigo webgunean daude.
Pandemiak herritarrek eskatzen duten arreta modua aldatu du, eta hori agerian geratzen da iazko datuak aztertuz gero; izan ere, Iruñeko Udalaren aurrez aurreko arretarako eskakizunak % 36 baino gehiago jaitsi ziren 2019arekin alderatuta, eta kopuru hori konfinamendu-hilabeteei dagokiena baino askoz txikiagoa da. Aitzitik, 2020an % 13 baino gehiago handitu zen 010 telefonoaren bidez egindako eskakizun telefonikoen eta elektronikoen kopurua. Baina, askotan, arreta telematikoak ez du ahalbidetzen izapide batzuek behar duten gertutasun-maila. Egoera horren aurrean, orain martxan jarri den bideodeiaren baliabidea konponbide eraginkorra da, horrelako izapideak egiteko aukera ematen baitu, arreta pertsonala eta zuzena emanez, eta herritarrek joan-etorriak egin eta udal-bulegoetara sartu beharrik gabe.
Zerbitzu berri horretara sartzea oso erraza eta irisgarria da herritarrendako, eta horiek bideodei bidezko arreta eskatu beharko dute pamplona.es/vamoscontigo webgunearen bidez, Iruñeko Udalaren webgunean. Online gune horretan bertan aurkituko dituzte bide horren bidez eskaintzen diren zerbitzuetarako sarbidea eta ikus-entzunezko baliabide bat, non zehatz-mehatz erakusten den nola jaso horrelako arreta eta erabiltzaileak izan ditzakeen zalantza guztiak konpontzen diren.
Izapideak egitea teleoperadore batek zuzenean lagunduta
Guztira bederatzi dira, momentuz, bideodei bidez egin ahal izanen diren izapideak: Jakinarazpenetarako helbide orokorra aldatzea, zergen banku-helbideratzea; aldizkako zergen edo tasen ordainagirien xehakapenak edo kopiak ematea; zergen ziurtagiriak, txostenak edo agiriak; ordaindu gabeko zorrik ez izatearen gaineko egiaztagiri edo frogagiriak; zirkulazioaren gaineko zergen inguruko erreklamazioak edo errekurtsoak; hiri-lurzoruaren balioa kontsultatzea, gainbalioa kalkulatzeko, eta errolda-agiria eskuratzea. Azken izapide hori, adibidez, izan zen iaz gehien eskatu zena Udalaren herritarrendako informazio-telefonoaren bidez, osotara 36.801 eskaera egin baitziren. Halaber, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez gehien egindakoen artean laugarrena izan zen, 20.100 sarrera baino gehiago izan baitziren izapidea hori egiteko webgunean.
Internet-konexioa duen edozein gailu mugikorretatik sar daiteke
Bideodei bidezko arreta zerbitzu berrira sartzea edozein gailu mugikorretatik egin daiteke, baina ordenagailu baten bidez –eramangarria zein mahai gainekoa– egitea gomendatzen da. Gailuak kamera, mikrofonoa eta bozgorailuak eduki behar ditu, eta arreta egokia izan dadin, gomendatzen da bideodeia zaratarik gabeko leku lasai batetik eta entzungailuak erabiliz egitea. Erabiltzaileak Interneteko konexioa beharko du eta ordenagailuan Chrome nabigatzailea erabiltzea, edo ‘Jitsi Meet’ aplikazioa gailu mugikorretan eta tabletetan (kasuan kasu, Android edo IOS bertsioa erabiliz).
Arreta ahalik eta azkarrena eta zehatzena izan dadin, erabiltzaileak prest eduki beharko du bere identifikazio-agiria (NANa, IFZ, pasaportea…) bideodeia hastean. Beharrezkoa izanen da arreta emanen dion pertsonari hura erakustea, behar bezala identifikatzeko eta kudeaketa egin ahal izateko. Garrantzitsua da azpimarratzea zerbitzu hori bakarrik nor bere izenean erabil daitekeela, eta ez beste baten izenean. Izapidea egiteko beharrezko agiriak operadore batek balioztatuko ditu bideodeian. Ez du lege-baliorik izanen arreta-unera arte, baina prozedura bizkortzen lagunduko du.
Laugarren bide bat herritarren eskaerei erantzuteko
Bideodeia aurrez aurreko arretari, 010 arreta-zerbitzuari eta Udalaren egoitza elektronikoari gehitzen zaio, Iruñeko herritarrak Udalarekin harremanetan jartzeko laugarren aukera gisa. Iaz aurrez aurrez osotara 27.751 pertsona artatu ziren, eta horietatik, % 90 baino gehiago erroldari dagozkio, eta gainontzekoak erregistroari. Denbora-tarteak nabarmen hobetu ziren aurreko urtearekin alderatuta, izan ere, batez beste, Kondestablen 7 minutu eta 38 segundutatik 4 minutu eta 34 segundutara murriztu ziren. Hamar minutu baino gutxiagoan arreta jaso zuten herritarren kopuruak ere gora egin zuen, kopuru hori % 86 gaindituz.
Bestalde, Iruñeko Udaleko Herritarrendako Arreta Zerbitzuak (010 telefonoak), iaz guztira ia 800.000 dei izan zituen, 2019an baino % 13 gehiago. Azpimarratu behar da artatutako deien kopurua 8.000 baino gehiago igo zela, hots, batez beste 1.138 arreta bide horren bidez, astelehenetik ostiralera, eta 63, larunbatetan. Bestalde, mezu elektroniko bidez egindako arretak 10.000 baino gehiago izan dira, aurreko urtekoen bikoitza baino askoz gehiago, eta SMSek eta email masiboek gora egin dute, 2019an baino % 25 gehiago, guztira 564.847.
2020an Iruñeko Udaleko egoitza elektronikoak ia 345.000 sarrera izan zituen. Horietatik, ia % 90 telematikoki egin daitezkeen 100 izapideetako 25i dagozkie. Gehien eskatutakoak, hurrenkeran, honako hauek izan ziren: hiriko Sarbide Kontrolatutako Eremuan erregistratzea; aurretiko hitzordua eskatzea edo bertan behera uztea; eskabide orokorra; errolda-agiria eskuratzea edo eskatzea, eta ordainagiriak, isunak eta autolikidazioak ordaintzea.