Iruñeak salaketak kudeatzeko tresna informatiko berria izango du 2026an
BITES programak erraztu egiten du salaketa-buletinen urratsetan datuak automatikoki kargatzea eta eskuzko lan batzuk ezabatzea
Iruñeko Udalak, Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorraren bitartez, 2026ko urtarriletik aurrera tresna informatiko berria izango du salaketak kudeatzeko. BITES izenarekin, tresna sortzen lagundu duten pertsonen akronimoa, abantaila eta hobekuntza ugari ditu erregistro-prozesuan, hala nola salaketa-buletinen urratsetan datuak automatikoki kargatzea eta orain arte eskuz egiten ziren lanak kentzea.
BITES programa, hasiera batean, Jokabide Zibikoak Sustatzeari eta Espazio Publikoak Babesteari buruzko Udal Ordenantzan jasotako arau-hausteen salaketak kudeatzeko erabiliko da.
Aplikazioari esker sinplifikatu egiten da salaketen espedienteak izapidetzeak behar dituen urrats ugariak betetzeko prozesua, bai arinak, prozedura sinplifikatua garatzen denean, bai larriak edo oso larriak. Prozesu honetan honako hauek sartzen dira: espediente bat sortzea, salaketa-buletinaren datuak biltzen dituen agiri bat, kasuaren arabera Correos erakunderako ziurtagiri-txartel bat, datu-baseko sarrera bat, NAOra bidaltzen den hartu-agiri bat eta hainbat ziurtagiri, prozesua osatu arte.
Prozesu horretan orain arte datu berberak sartu behar ziren espedientearen une desberdinetan, lana behar ez bezala biderkatuz. Datu horietako asko aplikazioarekin automatikoki osatzen dira. Gainera aplikazioak automatikoki sortzen du ordainagiria salaketa bati alta ematean, jaso izanaren jakinarazpen-datak eguneratzen ditu eta Access-eko fitxategiak ezabatzeko aukera ematen du, programatik datuak zuzenean kontsultatu eta estatistikak lortu ahal izango baitira.
Era berean, aplikazio berriak aukera ematen du ofizioak eta ebazpen-proposamenak automatikoki Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikora bidaltzeko. Entregatu ezin izan diren jakinarazpen guztiekin BOEra bidali behar diren zerrendak ere automatikoki sortuko dira, eta, argitalpen-dokumentua BOEn jasota dagoenean, agiri hori BITESen sartuko da eta, modu automatizatuan, espediente bakoitzean txertatuko da, lan handia aurreztuz eta transkripzio-akatsak saihestuz.
Azken lau urteetan tresna proba-faseetan aplikatuz egindako azterlan batek erakusten du sortutako ordainagirien kopuruak behera egin duela: 2022an 2.994 erregistratu ziren, 2023an 1.745, 2024an 1.600 eta aurten, gaur arte, 1.675. Espediente-kopuruari dagokionez behera egin du: 2022an 3.364 espediente izan ziren, 2023an 3.285, 2024an 2.979 eta aurten 2.650 espediente izan dira.