HONEKIN LAGUNDUKO DIZUGU… TELELANA

Metodo eraginkor eta malgu baten alde, segurtasuna arriskuan jarri gabe
Telelanean (edo, bestela esanda, urrutiko lanean), langileek bulego tradizionaletan ez beste toki batzuetan egiten dute lan. Lan-metodo hau nagusiki teknologian eta komunikazioan izan diren aurrerapenek ahalbidetu dute, eta, hari esker, erakundeek etenik gabe gauza dezakete beren jarduera, eta langileei malgutasuna eskain diezaiekete. Informazio-sistemen ikuspegitik, funtsezkoa izan da teknologiak egokitzea produktibitatea mantentzeko eta datu eta sistemen segurtasuna bermatzeko.
Zer tresnak ahalbidetzen dute telelana?
Telelanaren arrakasta azpiegitura teknologiko sendoa ezartzearen araberakoa da. Hona hemen eredu hori ahalbidetzen duten oinarrizko tresnetako batzuk:
Sare pribatu birtualak (VPN): VPN sareei esker, segurtasunez erabil daitezke erakundearen baliabideak urrutitik, eta iragaitzazko datuen pribatutasuna bermatzen da.
Elkarlaneko plataformak: Microsoft Teams-ek, Google Workspace-k eta antzeko tresnek denbora errealean elkarlanean aritzea errazten dute, eta taldeak harremanetan egon daitezke, eta produktiboak izan jarrai dezakete, edonon daudela ere.
Hodeiko sistemak: hodeian oinarritutako soluzioei esker, segurtasunez biltegiratu eta atzi daitezke datuak edozein gailutatik, eta eragiketekin jarrai daiteke.
Autentifikazio-faktore bikoitzaren (2FA) garrantzia
Nahiz eta aipatutako tresnak funtsezkoak izan telelanerako, erronka handienetako bat sarbideen segurtasuna bermatzea da. Hor sartzen da autentifikazio-faktore bikoitza (2FA).
Bi urratseko egiaztapen-prozesu bat da, eta beste segurtasun-geruza bat gehitzen du, pasahitz hutsaz gain. Metodo horretaz baliatzeko, erabiltzaileek bi motatako kredentzialak eman behar dituzte sistema korporatiboetan sartu aurretik: pasahitz bat (ezagutzen dute) eta aldi baterako kode bat (baduten gailu batera iristen zaie, hala nola telefono mugikor bat edo token fisiko bat).
Ikuspegi horrek nabarmen hobetzen du segurtasuna, baimenik gabeko sarbideen arriskua murrizten delako, baita pasahitzak lapurtzen badira edo arriskuan jartzen badira ere. Hona hemen 2FA metodoaren abantaila batzuk:
Phishing-erasoen aurkako babesa: nahiz eta norbait phishing-tranpa batean erori, erasotzailea ezin izango da sartu bigarren faktorerik gabe.
Iruzurren murrizketa: pasahitza baino zerbait gehiago behar denez, norbaitek kontuak usurpatzeko probabilitatea txikitu egiten da.
Sarbide segurua edonondik: telelanean leku desberdinetatik lan egiten denez, 2FA metodoak funtsezko geruza bat gehitzen du sistema sentikorretarako sarbidea babesteko.
Nabarmendu behar da ANIMSArekin lan egiten duten udal batzuk dagoeneko hasi direla 2FA ezartzen urrutiko sarbideetan (Iruñea eta Tafalla). Emaitzak positiboak izan dira, eta, ondorioz, konfiantza handitu egin da sistemetan. Hortaz, urrats erabakigarria eman dute beren azpiegitura digitala indartzeko urrutiko lanaren testuinguruan, eta besteentzat eredugarri bihurtu dira.
Telelanak garatzen jarraitzen duen heinean, segurtasunak lehentasuna izaten jarraitu behar du, eta arriskuak minimizatzeko teknologiak eta jardunbide hobeak bereganatu behar dira.