GUREKIN SOLASEAN… Uxua Domblás Ibáñez
«Datu estrategikoek kontrol publikoaren pean egon behar dute»
Duela gutxi Iruñeko Udalak “Datuaren burujabetza digitala” lehen foroa antolatu zuen. Uxua Domblásekin, Arkitekturan doktorea eta Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zuzendariarekin, hitz egin dugu. Uxua Domblásek, bere erantzukizunetik eta zeharkako ikuspegi batetik, Udalaren kudeaketan datuak duen erabileran eta berrikuntzan egiten du lan.
Zein zen “Datuaren burujabetza digitala” jardunaldiaren helburua? Zer balantze egiten duzu topaketaz?
Helburua gelditzea eta udalean datua nola kudeatu nahi dugun eta hiri moduan norantz egin nahi dugun aurrera elkarrekin pentsatzea zen. Ez genuen jardunaldi bat gehiago egin nahi, abiapuntu bat sortu baizik. Beste erakunde batzuen esperientziak entzuteko, sektoreko funtsezko eragileekin begiradak kontrastatzeko eta udalarentzat erakundearen beharrei erantzungo dien ibilbide-orri partekatu bat eraikitzen hasteko gunea izan zen.
Balantzea oso positiboa izan zen. Oso jardunaldi zintzoa izan zen, non titular handirik gabe hitz egin den, errealitatean oinarrituta, asmatzeak eta akatsak kontatuz. Eta horrek ahalbidetzen du, benetan, aurrera egitea.
Zer da burujabetza digitala eta zergatik da hain garrantzitsua administrazio publikoentzat?
Burujabetza digitalak oso oinarrizko zerbaitekin du zerikusia: nork kontrolatzen dituen datuak, non dauden, nola erabiltzen diren eta erabakiak zein irizpideren arabera hartzen diren. Administrazio publiko batentzat hori funtsezkoa da, datuak ez direlako neutroak. Zerbitzuak emateko dugun moduari, hiria planifikatzeko dugun moduari eta, azken batean, gobernatzeko dugun moduari hertsiki lotuta daude.
Ez da bakarrik teknologia, erantzukizun publikoa ere bada.
Zeintzuk dira Iruñeko edo beste toki-entitate batzuetako burujabetza digitala hobetzeko gakoak?
Hiru gako oso argi daude. Lehenengoa, datuak ondo antolatzea eta gobernatzea. Datu asko ditugu, baina ez daude beti ordenatuta edo konektatuta. Bigarrena, kultura. Hau ez da bakarrik sistema-kontua, gakoa datuaren balioa ulertzen duten eta ulermen hori erabakitzeko erabiltzen duten pertsonak dira. Eta hirugarrena, elkarlanean egitea. Ezein administraziok ezin du bere kabuz egin. Bakoitzak datu batzuk biltzen ditu (udalak, Mankomunitateak, Unibertsitateak, Nafarroako Gobernuak…) eta beharrezkoa da, beti printzipio etikoak jarraituz, lankidetzan aritzea eta datu horiek trukatzea.
Posible al da gardentasuna, informaziorako sarbidea eta datuen babesa bateratzea?
Bai, ez da bakarrik posiblea, beharrezkoa da. Gakoa balio publikoa sortzen duten datuak irekitzearen eta pertsonen pribatutasunari eragiten diotenak babestearen arteko oreka bilatzea da. Beharrezkoa da zer datuk sortzen duten balio publikoa eta zer datu babestu behar ditugun bereiztea. Eta hor datuaren gobernantza funtsezkoa da: irizpide argiak, protokoloak eta begirada arduratsua izatea.
Non gorde behar dira datuak eta nola zaindu eta kudeatu behar dira?
Ez dago erantzun bakarra, baina ideia argi bat dago: datu estrategikoek kontrol publikoaren pean egon behar dute. Horrek ez du esan nahi dena barruan egin behar denik, baina bai erabakiak hartzeko, kudeatzeko eta irizpideak ezartzeko gaitasuna izatea. “Non dauden” baino gehiago, argi eduki behar dugu nola antolatzen diren, nola konektatzen diren eta nola erabiltzen diren. Burujabetza teknologikoa ez da udalek banaka buru dezaketen zeregina, eta horregatik da garrantzitsua administrazioen arteko lankidetza.
Bidearen zein zati du egina Iruñeak? Zer rol bete du ANIMSAk bide horretan?
Iruñeak bide garrantzitsua egin du dagoeneko, batez ere tresnen, kartografiaren, informazio-sistemen eta RETECH bezalako proiektuen garapenarekin.
Ibilbide honetan ANIMSA funtsezko pieza izan da. Ez bakarrik alderdi teknikoan, baizik eta bilakaera digital horri eusteko eta posible egiteko aliatu estrategiko moduan.
Orain erronka beste urrats bat ematea da: tresnak edukitzetik estrategia argia izatera pasatzea.
Eta zer erronka planteatzen zaizkio Udalari?
Erronka nagusia antolakuntzakoa eta kulturala da. Daukaguna ordenatu behar dugu, nork zer egiten duen, erabakiak nola hartzen diren eta informazioa nola partekatzen den definitu behar dugu.
Eta, batez ere, datuaren kultura sortu behar dugu erakunde osoan. Izan ere, eraldaketa digitala ez da sistemetan gertatzen, pertsonengan baizik.
Horretarako estrategia digital hau gidatuko duen taldea osatu beharko da, eta prestakuntza ere beharko da, bai prozesua gidatuko duen taldeari dagokionez, bai bakoitzaren beharren arabera erakundearen maila eta zerbitzuei dagokienez.
Nola txertatuko dituzue Udalaren estrategia orokorrean?
Xedea estrategia digitala zerbait paraleloa ez izatea da, zeharkakoa baizik, Estrategia hau hirigintzan, etxebizitzan, jasangarritasunean eta esparru guztietan lan egiteko dugun moduaren parte izatea. Ez da estrategia teknologiko bat, hiri-estrategia baizik.
Iruñeko Udalean abantaila bat dugu: dimentsio digitala Gerentziaren mende dago, arloen arteko koordinazioa errazten duen zeharkako organoa. Gainera, Bulego Estrategiko bat dago, hiri-agendaren ikuspegi orokorra duena, eta agenda horren dimentsioetako bat berrikuntza da.
Next Generation funtsek digitalizazioa bultzatu dute. Zer horizonte planteatzen da orain? Badago atzera egiteko arriskurik?
Funtsak bultzada handia izan dira, baina proiektuen nolabaiteko inertzia ere sortu dute. Orain beste fase batean sartzen ari gara: egindako guztia finkatzea, ordenatzea eta lanari zentzua ematea.
Arriskua ez da hainbeste atzera egitea, baizik eta sakabanatzea. Horregatik da hain garrantzitsua une honetan estrategia digitala ondo definitzea. Gure hiri-estrategiarekin bat datozen proiektuak aztertuko ditugu eta, baliabideak mugatuak direla kontuan hartuta, estrategia horren araberako lehenespenak ezarriko ditugu.
Iruñeko hiri-estrategiaren oinarria hiria ezin dela zatika jorratu da. Etxebizitza, klima-aldaketara egokitzea, bizikidetza edo jarduera ekonomikoa bezalako erronkak elkarri erabat lotuta daude.
Horregatik nazioarteko esparruekin, besteak beste Europako Hiri Agendarekin edo hiri-paisaia historikoari eta ondare biziari buruz UNESCOk dituen ikuspegiekin, lerrokatuta dagoen ikuspegi integratuarekin egiten dugu lan.