GUREKIN SOLASEAN… Sergio Vitas Aguirre, Fustiñanako alkatea

Sergio Vitas Aguirre, Fustiñanako alkatea
“Sedipualb@ plataforma oso intuitiboa da, eta, ondorioz, aldaketa oso bizkorra izan zen”
2024an Fustiñanako Udalak bat egin zuen Sedipualb@ Administrazio Elektronikoaren plataforma publikoarekin, Nafarroako Gobernuak administrazio elektronikoa ezartzen laguntzeko egindako ekimen bati esker, Next Generation EU Europako funtsekin finantzatuta. Hango alkate Sergio Vitas Aguirrerekin hitz egin dugu, esperientziaren berri eman diezagun.
2024an, Fustiñanako Udalak bat egin zuen Sedipualb@ Administrazio Elektronikoaren plataforma publikoarekin, Nafarroako Gobernuak administrazio elektronikoa ezartzen laguntzeko egindako ekimen bati esker. Next Generation EU Europako funtsekin finantzatu zen ekimena.
Iaz Fustiñanan Sedipualb@ administrazio elektronikoaren plataforma ezartzea erabaki zenuten, zergatik?
Sedipualb@ plataformarekin lan egiten zuten hainbat udaletatik gomendatu ziguten administrazio elektronikoaren plataforma hori ezartzea, eskaintzen zituen abantaila eta aukerengatik. Edozein aldaketaren aurrean gertatu ohi den bezala, hasieran beste sistema batzuetara ohituta zeudenen errezeloak zeuden, baina pausoa ematea erabaki genuen, arina izango zen lan-tresna bat izateko, eta hori onuragarria izango zen herritarrentzat eta Udalean lan egiten dutenentzat.
Arina izan da plataforma berrirako urratsa? Zein puntutan daude?
Bai, ezarpena egun pare batean izan zen. Hasiera batean pentsatu zen, plataformak eskaintzen dituen aukera ugariak direla-eta, prozesu luze eta zaila izango zela, baina Sedipualb@ oso intuitiboa da eta horrek aldaketa oso arina izatea eragin zuen. 2024ko uda hasieran ezarri zenetik, dagoeneko espediente ugari bideratu dira plataformaren bidez.
Eta ANIMSAren akonpainamendua, nolakoa izan da?
Oso ona. Hasieratik eskaini digute laguntza eta prestakuntza, bai udal-langileentzat, bai Udalbatzako kideentzat. ANIMSAko langileak Fustiñanara joan dira eta telefono bidezko kontaktua egon da behar izan dugunean.
Zein da udal-teknikarien inplikazio-maila? Hainbat arlotan erabiltzen da?
Langileak zein zinegotziak oso inplikatuta daude prozesuan. Hasieratik trebatu dira plataforma erabiltzen, eta gaur egun Udaleko arlo gehienetan erabiltzen da. Ikastaldi bat egon zen, baina orain langileek eta zinegotzi gehienek ondo menderatzen dute.
“Sedipualb@ ezin hobeto egokitzen da Udalaren administrazio-prozeduretara”
Zein funtzionaltasun da erabilgarriena?
Pertsonalki, uste dut espedienteak modu digitalean kudeatzeko gai izanda eraginkortasun handiagoz kudeatzen direla dokumentuak. Korporazioarentzat, funtzionalitate erabilgarrienetako bat batzordeen deialdia geuk telematikoki egiteko aukera da, teknikariei eskatu beharrik gabe.
Bulegoetako ohiko lanean, oso erosoa da herritarrekin harremanak telematikoki ere izatea, udaletxera joan beharrik gabe. Askotan, zaila egiten zaie presentzialki joatea, ordutegia bat datorrelako beren lanaldiarekin. Orain, eskaerak edo bestelako tramiteak egin ditzakete beren etxeetatik, eta gero Udalak izapidetu egin ditzake bertara joan beharrik gabe. Hori da plataforma ezarri osteko berrikuntza handietako bat, eta espero dugu, denborak aurrera egin ahala, gero eta herritar gehiagok erabiliko dituztela tresna digital horiek. Enpresen kasuan, oso ohituta daude Udalarekin harreman telematikoak izatera.
Egokitzen al da Sedipualb@ Udalaren prozedura administratiboetara?
Ezin hobeki egokitzen da. Plataformak aukera asko ditu eta guk gure beharretara egokitu dugu.
Sedipualb@ plataformak laguntzen du arlo guztietako talde-lanean?
Argi eta garbi, bai. Udaleko arlo desberdinen arteko komunikazioa eta lankidetza errazten du. Espediente eta dokumentu guztiak modu digitalean eskuragarri daudenez, udal-arloen arteko koordinazioa eta lan-fluxua hobetzen da.
Eta beste erakunde eta administrazioekin egindako lanean?
Bai, horrek ere laguntzen du. Plataformak administrazio arteko tramiteak modu zuzenagoan egitea ahalbidetzen du, paperezko dokumentazioa murriztuz eta kanpoko eskaeren erantzuna azkartuz. Etorkizunera begira, interesgarria izango litzateke gure plataforma Sedipualb@-rekin lan egiten ez duten beste administrazioetako erregistroekin eta beste aplikazio batzuekin konektatzea.
“Sedipualb@-k udal-sail desberdinen arteko komunikazioa eta lankidetza errazten ditu, baita beste erakunde eta administrazio batzuekin lan egitea ere”
Nola ikusten duzu aldaketa?
Oso ondo. Hasierako prozesuak denbora eta baliabide aldetik inbertsioa eskatzen badu ere, onura nabaria izan da Udalean plataforma martxan egon denean.
Eraldaketa digitala errealitate bat da enpresetan eta administrazio publikoetan. Fustiñanako herritarrek baliabide elektronikoak erabiltzen al dituzte Udalarekin harremanak izateko?
Bai, Fustiñanako herritarrak gero eta gehiago ari dira bitarteko elektronikoak erabiltzen Udalarekin elkarreragiteko. Oraindik bidea egiteko badago ere, herritar askok baliatzen dituzte jada izapide digitalen abantailak. Erosoagoa eta irisgarriagoa da, ez baitute mugitu beharrik. Prozesuen arintasuna eta gardentasuna ere errazten ditu, eta hori onuragarria da bai Udalaren funtzionamendurako, bai herritarrentzat. Egokitu ez diren adinekoei aurrez aurre joateko aukera eskaintzen diegu.