GUREKIN SOLASEAN… Mikel Belarra
Mikel Belarra, Berako udal-idazkaria
“ANIMSAren laguntza teknikoarekin, wifi-sare publiko baten instalazioa edozein udalen eskura dago”

Wifia mugikorretara iristearekin batera, administrazio publiko askok Interneterako sarbidea erraztu nahi izan zieten herritarrei, wifi-teknologiaren bidez sare publikoak hedatuz. Operadoreen inbertsioak babesteko, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) araudi murriztaile bat ezarri zuen 2010ean, administrazioak operadoreekin baldintza berdinetan lehiatzera behartzen zituena. Hala ere, Telekomunikazioen Lege Orokorraren berrikuspenak (11/2022 Legea) halako sareen desarautzea ekarri zuen, eta, horri esker, toki-erakundeek zerbitzu horiek murrizketa gutxiagorekin eskaini ahal izan dituzte.
Berako eta Lesakako udalek sare publikoaren (WiFi) proiektua jarri dute martxan ANIMSAren eskutik. Mikel Belarra Berako idazkariarekin hitz egin dugu, proiektuaren nondik norakoak azal diezazkigun.
Interneterako zein sarbide eskaintzen zenieten orain arte Berako herritarrei?
Ia hutsaren hurrengoa. Kultur etxean eta liburutegian pasahitzarekin babestutako wifia dago, eta gauza bera gertatzen da udaletxeko bulegoetan ere, barruan erabiltzeko wifia baitago. Hitzaldi bateko hizlari batek edo bilera batera joaten den pertsona batek eskatuz gero, pasahitza emango zaie..
Zergatik planteatu zenuten wifi publikoa eskaintzea?
Berako eta Lesakako udalek, merkataritza-zerbitzuak hobetzeko proiektu zabalago baten barruan, pentsatu zuten ideia ona izango zela eremu komertzialeneko bezeroei wifi irekia eskaintzea.
Banda zabaleko zerbitzuak areagotuz, IKT zerbitzuen erabilera bultzatu nahi da herritarren artean. Horrela, alde batetik, zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoa errazten zaie herritarrei, legez horretarako eskubidea baitute; eta, bestetik, bezero eta bisitarien esperientzia hobetzen da, eta horrek garapen ekonomiko eta komertzialaren alde egitea dakar.
Zertan datza proiektua?
Azken belaunaldiko wifi-sare publiko bat jarri da, Interneterako sarbidea emango diena kalitate-, abiadura-, segurtasun- eta trazabilitate-maila handiak dituzten erabiltzaile eta bisitariei. Zehazki, bi sarbide jarri dituzte Beran, eta bat Lesakan.
Soluzio integral bat bilatu dugu, hardwareko, softwareko eta zerbitzua eskaintzeko behar diren lizentzia guztiak barne hartuko dituena: wifi bidezko sarbide-puntuak (APak), kableak jartzea, switchak eta suebakiak wifi-eremu bakoitzerako.
Wifi publiko bat denez, indarkeriazko edukiak, pornografikoak eta joko-orriak eskuratzeko aukera mugatuta dago. Sareak 300 erabiltzaile baino gehiago onartzen ditu antena bakoitzeko. Abiadurari dagokionez, 30 megako deskarga-abiadurako baldintzekin lan egin ohi da, eta instalatu diren antenek 1.000 megarainoko abiadura eskaintzen dute. Gaindimentsionatuta daude etorkizuneko protokoloetan pentsatuz.
Zein da emanaldiaren aurrekontua? Behin jarrita, zenbateko kostua izango du Udalarentzat?
Nafarroako Discom Redes de Telecomunicación enpresa izan da esleipenduna eta 13.720 euroko (BEZa barne) kostua izan du, Next Generation EU funtsekin erabat finantzatuta. Ondoren, udal bakoitzak telefono-lineen kostua ordaindu beharko du (40 euro hilean linea berriengatik, Berako kasuan).
Zer pauso eman dira?
Instalazioaren lizitazioa irailaren 2an egin zen; enpresa esleipendunarekin kontratua azaroaren hasieran sinatu zen, eta lanak abenduaren 15erako amaitu dira. Orain, Udala arduratzen da wifi-sare horien euskarri diren telefono-lineak kontratatzeaz.
Zein izan da ANIMSAren papera? Zer esan nahi izan du zure erakundearentzat?
Guk ez genituen ezagutzen wifi-sare baten alderdi teknikoak. ANIMSAko Azpiegitura Sailak bi zentzutan lagundu digu. Alde batetik, lizitazio-pleguaren baldintza teknikoak idazteko aholkua eman digu; eta, bestetik, aurkeztutako proposamenen balorazio teknikoa egiteko laguntza eman digu.
ANIMSAren laguntza teknikoak edozein toki-erakunderen eskura dagoen proiektu bihurtzen du?
Bai, aholkularitza tekniko horrekin edozein udaletan egin ahal izango litzateke, instalazioaren kostua herri askorentzat onargarria izango litzatekeelako, eta herritarrek eskertuko dute.
Aipagarria da, gainera, instalazio horiek etorkizunera begira duten interesa; izan ere, aldaketa txiki batzuk eginda, azpiegitura horiek datuen konexioa behar duten beste sistema batzuk konektatzeko erabil daitezke: argiztapenaren kontrola, hesiak ixtea, aparkaleku mugatuko guneetarako matrikulen kontrola, eraikin publikoetako berokuntzaren kontrola eta abar.
Zergatik izan da bi udalen arteko proiektu mankomunatua?
Esan dudan bezala, ekintza proiektu zabalago baten parte da: “Baztan-Bidasoa. Tokiko merkataritzatik komunitatea ehunduz”, barnean MINCOTUR deitzen duguna, Europako Next Generation EU funtsekin finantzatua, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez, Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Ministerioaren deialdi baten bidez, landa-eremuetan merkataritza-jarduera babesteko. Proiektuan 17 udalek parte hartzen dute, eta haien artean daude Lesaka eta Bera, lizitazioez eta kudeaketa guztiaz arduratu den erakunde onuraduna. Proiektuaren bidez, 13 jarduera egiten ari dira; batzuk erabilera arruntekoak dira, eta beste batzuk biztanleria eta merkataritza-sare handieneko herrietan egiten dira, Lesaka eta Berarako wifi-sare publikoaren kasuan bezala.
