GUREKIN SOLASEAN… José Sánchez Uribarri, Atarrabiako Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuko arduraduna
“Ziurtagiri digitalerako nortasuna egiaztatzea herritarrek eskatutako zerbitzua da”
Atarrabiako Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzua duela gutxi eratu da Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalak (FGMT) emandako pertsona fisikoaren ziurtagiri digitala lortzeko nortasuna egiaztatzeko bulego gisa, ANIMSAren laguntzarekin. José Sánchez arduradunarekin hitz egin dugu, eta hark azaldu digu nolakoa izan den zerbitzu horren ezarpena eta herritarrentzat duen erabilgarritasuna.
Zer funtzio betetzen du Atarrabiako Herritarren Arretarako Zerbitzuak?
Udalean egiten diren izapide gehienak zentralizatzeko sortu zen Zerbitzua. Hemen lanean hasi nintzenean (2004) erroldako altak, bajak eta aldaketak, erregistroa eta gutxi batzuk gehiago kudeatzen ziren. Denboraren poderioz izapide berriak gehitu dira eta dagoeneko ia 50 dira.
Duela lau urte Cl@ve erregistro-bulego bihurtu ginen, Nafarroako Gobernuak iragarri baitzuen ezin izango zirela izapide jakin batzuk egin NAN+pin-arekin. Lehenengoak izan ginela uste dut. Jende asko etorri zen, baita inguruko herrietatik ere. Ehunka eta ehunka klabe iraunkor egin ditugu.
Zergatik bihurtu zarete ziurtagiri digitala lortzeko nortasuna egiaztatzeko bulego?
Herritarrek eskatutako zerbitzua da. Cl@ve-ak muga bat du: ez du uzten izapide jakin batzuk sinatzen. Herritarrek galdetzen ziguten ea ziurtagiri digitala egiten genuen eta Nafarroako Gobernuko bulegoetara jotzeko esaten genien. Horregatik, ziurtagiri digitala lortzeko nortasuna egiaztatzeko bulego izateko asmoa izan genuen, eta Nafarroako lehenengo udalerrietako bat izan gara. Herritarrei izapide elektronikoak egiteko erraztasunak eman behar dizkiegula uste dut.
Erraza izan al da? Zer laguntza jaso duzue ANIMSAtik?
ANIMSAren orientazioarekin eta Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalaren webgunearen bidez, uste genuena baino askoz errazagoa izan da zerbitzua ezartzea.
Miren Santesteban, ANIMSAko kontu-kudeatzailea, gurekin izan genuen, eta oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Askotan beste herri batzuetan ezartzen diren zerbitzuak ezartzen laguntzen dugu. Gure zerbitzuak berritzeko balio digu, eta ANIMSAri pilotu-lana egiten dio. Bi aldeoi ondo datorkigu. Izan ere, ideia berri batean laguntzen ari gara dagoeneko.
Zer pauso eman zenituzten akreditazio-bulego izateko?
Lehenik eta behin, FNMTren webgunaren formularioak osatu genituen, ziurtagiri digitaletarako erregistro-bulego gisa eratzeko eta bulegoko arduradun bat izendatzeko. Gure kasuan ni izan nintzen. Gero, pertsona erregistratzaile gehiago gaitu genituen; Atarrabiako Herritarrak Hartzeko Bulegoan (HHB) hiru pertsona gara (Joserra, Yolanda eta ni).
Ondoren, prestakuntza jaso behar genuela esan ziguten, eta oso interesgarria izan zen, ziurtagiri motez, datuen babesaz, zibersegurtasunaz eta abarrez hitz egiten zelako. Prestakuntzaren ondoren, pertsona fisikoaren ziurtagiriaren bulego izateko eta FNMTren bulegoen lokalizatzailean agertzeko eskaera egin genuen, eta baimenak eman zizkiguten.
Zer motatako ziurtagiri digitalak daude FNMTn?
Hainbat ziurtagiri daude, ziurtatu behar den azken erakundearen edo ziurtagiriaren xedearen arabera: pertsona fisikoaren ziurtagiria, ordezkariaren ziurtagiria, enplegatu publikoaren ziurtagiria, osagaien ziurtagiriak… Gure kasuan, bulegoa pertsona fisikoaren ziurtagiri digitala lortzeko egiaztatu genuen.
Zer egin behar dute herritarrek pertsona fisikoaren ziurtagiri digitala lortzeko?
Hiru urrats hauek egin behar dituzte:
– Ziurtagiria FNMTren webgunean eskatu. Han datu pertsonal batzuk sartu behar dira eta, amaitzean, kode bat lortzen da.
– Nortasuna egiaztatu: lortutako eskaera-kode horrekin eta dagokion identifikazioarekin erregistro-bulegora (kasu honetan, Atarrabiako Udalera) joan behar da nortasuna egiaztatzera.
– Ziurtagiria eskuratu/deskargatu: Nortasuna egiaztatu ondoren, ziurtagiria FNMTren webgunetik deskarga daiteke, ‘Ziurtagiria deskargatu’ atalean, dagokion motaren arabera (pertsona fisikoa).
Azken urrats horretarako, IFZ edo AIZ eta lehenengo urratsean lortutako eskaera-kodea behar dira. Kontuan izan behar da eskaera eta ziurtagiria eskuratzeko prozesua ordenagailu beretik eta erabiltzaile berarekin egin behar direla. Ziurtagiria automatikoki instalatzen da ordenagailuan. Nabigatzailean ziurtagiririk ba ote dagoen egiaztatzea eta segurtasun kopia bat egitea gomendatzen da.
Noiz joan daitezke herritarrak egiaztagiria eskuratzera?
Herritarrak Hartzeko Bulegoa 8:30etik 14:30era dago zabalik, astelehenetik ostiralera, eta ez da aldez aurreko hitzordurik behar.
Nola funtzionatzen ari da akreditazio-zerbitzu berri hau?
Ekainaren 8an ezarri genuen eta orain horren berri ematen ari gara jendeak ezagut dezan. LEHENENGO 20 egunetan 40 akreditazio inguru egin genituen. Oso erabilgarria da, beraz, eskatuko den zerbitzua izango da, cl@ve izan den bezala.
Eta nola doaz izapide elektronikoak Atarrabiako Udalean?
Izapide digitalak aurrera doaz. Dagoeneko, herritarren sarrera-erregistroen (eskaerak, instantziak…) ia % 50 elektronikoak dira. Enpresen kasuan, izapideak elektronikoki egitera behartuta daude, eta guk, Administrazio gisa, ere bai. Hori dela eta, bultzada saihestezina da.