2024ko apirilak 10

Gurekin solasean… Jesús María Rodríguez Gómez

Foto noticia

Jesús María Rodríguez Gómez, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Departamentuko zuzendari nagusia

“Eraldaketa digitala onuragarria da toki-erakundeentzat, baita herritarrentzat ere”

Jesús María Rodríguez Gómez

Haren ibilbide politikoa Toki Administrazioari lotuta egon da Ribaforadako zinegotzi eta alkate gisa, NUKFren ordezko presidenteorde gisa, bere alderdiaren Udal Kontseiluko presidente gisa eta, 2019tik, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Departamentuko zuzendari nagusi gisa. Kasualitatea izan da, edo toki-politikak erakartzen zaitu?

2007an, zinegotzi egin nintzen, politika interesatzen zitzaidalako, bereziki tokikoa. Herritarrengandik hurbilen dagoena da, eguneroko bizitzan eragin zuzenena duena. Tokikotasunarekiko lotura horrek eraman ninduen Zuzendaritza Nagusiaren buru izateko proposamena onartzera. Udalean 12 urte eman ondoren, toki-erakundeetan zenbait behar eta ideia abian jarri behar zirela ikusi nuen, eta iruditu zitzaidan nire udal-esperientzia baliagarria izan zitekeela.

Gaur egun, zer erronka dituzte toki-erakundeek?

Nagusiki, jasangarritasuna (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa), digitalizazioa (zeina gizartea eraldatzen ari baita), eta erronka demografikoa (Erkidegoan 272 udalerri baitaude, haietako batzuk oso txikiak). Azken erronka horri aurre egiteko, beren zerbitzuak hobetzen ari dira udalak, adinekoak zaintzen, eta enplegua eta etxebizitza eskaintzen, gazteek beren bizi-proiektua gara dezaten.

Nafarroako Gobernuaren legegintzaldi honetako ekimen nagusietako bat Toki Administrazioaren digitalizazioarena da. Ekimen horretan, Gobernuko hiru departamentuk parte hartzen dute. Zergatik interes hori?

2015etik, administrazio elektronikoa herritarren zerbitzura jartzeko legezko betebeharra dute, baina udalerri txikietan ez da erraza digitalizazioa, eta digitalizazio-maila desberdina da. Hori dela eta, konektagarritasunaren gaia konpondu ondoren, Gobernuak toki-erakunde guztien eraldaketa digitala sustatzea erabaki du. Epe luzerako lana da, eta onuragarria izango da toki-erakundeentzat, baita herritarrentzat ere.

Zer proiektu biltzen ditu?

ON@ proiektua, administrazio elektronikokoa; azpiegitura elektronikoak zentralizatzeko proiektua (CPD), toki-erakundeei zerbitzari komun bat emango diena, beren datuak segurtasunez gorde ahal izateko; eta kanal anitzeko proiektu bat, irisgarritasuna bermatzeko eta herritarrei arreta emateko hainbat bide aprobetxatzeko.

ANIMSAk garatu du haietako bat, ON@, administrazio elektronikoa hobetzeko, 20.000 biztanletik beherako erakundeetan Sedipualb@ ezarriz. Zergatik izan dute konfiantza administrazio elektronikoko tresna horretan?

Aztertutako plataforma bat da, ondo funtzionatzen duela egiaztatu da, eta Nafarroako 100 toki-erakundetan eta Espainia osoko beste erakunde askotan dago ezarrita. Tresna publikoa (Albaceteko Diputazioak sortua) eta jasangarria delako ere egin genuen haren alde, lankidetzakoa denez, mantentze-lanen prezioak eskuragarriak baitira. Gainera, kontuan hartu behar da udalek herritarren eta enpresen datu sentikor asko erabiltzen dituztela, eta datu horiek eskuratzea eta haien segurtasuna oso garrantzitsuak direla.

Zer laguntza emango du Nafarroako Gobernuak proiektu honetan?

20.000 biztanletik gorako erakundeek MRR funtsak zuzenean digitalizatzeko laguntzak jaso dituzte. Proiektu honetan, MRR funtsen onuraduna Nafarroako Gobernua da, eta hura arduratzen da Ministerioaren aurreko tramitazioaz eta justifikazioaz. Tracasa proiektuaren kudeaketaz arduratzen da, eta ANIMSA, berriz, ezarpenaz eta euskarriaz.

Azken asteetan Foru Erkidegoan barrena ibili zara ON@ proiektua aurkezten. Nolakoa izan da toki-erakundeen harrera?

Oso pozik gaude bileren interesagatik eta proiektua erregistratzen ari den atxikimenduengatik. Nik toki-erakunde guztiak animatuko nituzke Erkidego honetan gehiengoa izango den tresna bat eskuratzeko aukera emango dien proiektuarekin bat egin dezaten; horrela, ANIMSAren, Tracasaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza izango dute. Tresnak toki-erakundeen beharren arabera jarraituko duela eta bilakaera izango duela bermatzen dute.

Zergatik da administrazio elektronikoa bidea? Zer esango zenieke ingeniari gisa digitalizazioaz eta teknologia berriez mesfidatzen direnei?

Digitalizazioa positiboa da bai herritarrentzat, bai toki-administrazioentzat.  Lehenengoari komunikazioa eta izapideak egitea errazten dio, arreta presentzialerako atea itxi gabe; eta Udalei lana modu eraginkor eta efizienteagoan egiteko aukera emango die, lan errazak automatizatuz balio handiagoa ematen duten beste zeregin batzuetan aritu ahal izateko.

Eraldaketa digitaleko proiektu hau 2024an amaitzen da. Zer beste proiektu digital dituzte zorroan?

2024an abian jarritako digitalizazio-proiektu horiek jarraipena izan behar dute. Datozen sei hilabeteotan, toki-erakundeek estaldura eta sostengua emateko dituzten beharrak ikusiko ditugu. Gainera, aurten hausnarketa estrategiko bat egiten ari gara, eta horretatik ekintza zehatzak aterako dira, toki-erakundeek eraldaketa digitaleko prozesu horrekin jarrai dezaten, adibidez, orain udalek bakarka ematen dituzten zerbitzuak zentralizatuz.

Volver arriba