GUREKIN SOLASEAN… Carlos Andrés Uranga, Iruñeko Udalaren Ekonomia Sustapen, Berrikuntza, Gazteria eta Garapenerako Lankidetza zuzendaria
“Helmugaren Plataforma Adimendunak informazio egituratua eta homogeneoa ematen digu erabaki hobeak hartzeko eta turismoa modu eraginkorragoan kudeatzeko”
Iruñeak Helmugaren Plataforma Adimenduna (PID, gaztelaniaz) garatu du datuak analizatzearen bitartez turismoaren kudeaketa hobetzeko. Proiektua Industria eta Turismo Ministerioak finantzatu du Helmuga Turistiko Adimendunen Sarearen barnean eta ANIMSAk garapenaren fase ezberdinetan parte hartu du. Carlos Andrés Urangarekin hitz egiten egon gara, Iruñeko Udalaren Ekonomia Sustapen, Berrikuntza, Gazteria eta Garapenerako Lankidetza zuzendariarekin, proiektuaren helburuei, ANIMSAren egitekoari eta tresna berri horrek administrazioari, turismo-sektoreari eta herritarrei emango dizkien abantailei buruz.
Zer da Helmugaren Plataforma Adimenduna eta zer behar estaliko ditu?
Helmugaren Plataforma Adimenduna Industria eta Turismo Ministerioak Helmuga Turistiko Adimendunen Sarearen barnean zeuden helmugei zuzenduta egin zuen deialdi baten ondoren sortu zen. Iruñeak, erabilera-kasu gisa, jende askoko ekitaldien kudeaketa eta horrelako ekitaldiek zerbitzu publikoetan sortzen duten inpaktua aurkeztu zuen. Proposamen hori beste 45ekin batera hautatu zuten 200 hautagaitza baino gehiagoren artean.
Plataforma, funtsean, sistema bat da eta askotariko iturrietako datuak integratu eta hizkuntza komun batean antolatzen ditu. Plataformari esker, hobeto ezagutzen dugu nor datorren hirira, nola mugitzen den, zer gastu egiten dituen eta turismo-fluxu horiek nola eragiten duten zerbitzuetan, hala nola garraioan, garbiketan edo segurtasunean. Hala, informazio egituratua eta homogeneoa eskuragarri dugu erabaki hobeak hartzeko eta helmuga modu eraginkorragoan kudeatzeko.
Nola garatu da proiektua?
Laguntza jaso eta gero, lehendabizi proiektuaren zuzendaritza kontratatu zen, SEGITTURek egin zuen. Gero laguntza teknikoa txertatu genuen administrazio-koordinazioa egiteko eta, bukatzeko, plataformaren garapena lizitatu genuen eta NEC Ibéricak egiten du. Zuria Nafarroako plazan zegoen Civivoxean ere garapen-lantalderako espazio bat gaitu genuen eta bertan egon dira lanean dozena bat programatzaile eta urrutiko langileak ere bai.
Proiektu konplexua izan da, eragile asko egon dira inplikatuta eta koordinazio-lan izugarria egin dute. Gainera, orain dela gutxi epea abuztura arte zabaldu da azken garapenak osatzeko.
ANIMSAk proiektua garatzen eta ezartzen lan egin du. Zer egin du zehazki ANIMSAk eta nola funtzionatu du lankidetzak?
ANIMSA ezinbestekoa izan da proiektuan. Lehenik eta behin, erakunde instrumental gisa lan egin du proiektuaren zuzendaritza kontratatzeko eta garapen-kontratuaren plegu teknikoak sortzen parte hartu du. Horrelako betekizun teknologikoak definitzeko ezinbestekoa da ezagutza espezializatu hori izatea.
Gainera, ANIMSAk zeregin oso garrantzitsua izan du plataforma Iruñeko Udalaren biki digitalarekin integratzeko; azken hori iaz garatu zuten. Jada existitzen ziren garapenak aprobetxatzen eta bikoizketak ekiditen lagundu digu. Bitartekari teknikoa izan da baita ere enpresa garatzailearekin prozesu osoan zehar.
Zer onura ematen ditu plataforma honek Iruñean turismoa kudeatzeko eta Turismo Sailaren eguneroko lanerako?
Onura nagusia datuetan oinarritutako erabakiak hartu ahal izatea da. Orain arte, informazio ugari sakabanatuta egoten zen erakunde eta enpresa ezberdinen artean. Plataforma honi esker, ikuspegi bateratua eta ia-ia denbora errealean eskuragarri dugu.
Modu horretan, ekitaldiak hobeto planifikatu ahalko dira, zerbitzu publikoak zuzen dimentsionatu ahalko dira eta bisitarien jokaera zehaztasun handiagoarekin ezagutu ahalko dugu. Adibide garbi bat Sanferminak dira. Kontaketa-sistemei esker, badakigu benetan zenbat pertsona dauden hirian eta horrela, hobeto antolatu ditzakegu garraioa, garbiketa edo udaltzaingoaren banaketa. Ez da gauza bera 500.000 pertsonentzako edo milioi bat pertsonentzako planifikatzea.
Gainera, espero dugu orain lan handia behar duten prozesuak automatizatzea, hala nola Sanferminetako urteko balantzea egitea, hainbat organismoren datuak bilduz.
Nola hobetuko du Iruñeko bisitarien esperientzia?
Ziurrenik bisitariek ez dute zuzenean hautemango plataforma existitzen denik eta hori seinale ona izango da. Partida baten arbitroa bezalakoa da: bere lana ongi egiten badu, ia ez da nabaritzen.
Hobekuntza izango da zerbitzu publikoak hobeto dimentsionatuta egongo direla, hiria garbiagoa, antolatuagoa izango dela eta erantzun doituagoak emango zaizkiela bisitarien benetako premiei.
Bisitarien profila hobeto ezagutu ahalko dugu baita ere eta eskaintza turistikoa beren ezaugarriei eta ohiturei egokitzeko gai izango gara, pertsonalizatzeko. Hala, esperientzia turistikoak informazio egokituagoa eta pertsonalizatuagoa izango du eta eskaintza dibertsifikatua izango da.
Zer erabilgarritasun izango du enpresentzat? Eta zer onura emango dizkie bizilagunei?
Turismo-enpresek, bereziki hotelek, informazio oso baliagarria izango dute eskuragarri kudeaketa-lanak egiteko. Modu anonimoan konparatu ahalko dituzte hainbat adierazle, hala nola okupazioa, erreserbak, prezioak edo logela bakoitzeko ostatu-gauak antzeko establezimenduetan. Horrela, errazagoa izango da beraientzat merkataritza-kontuei eta prezioei lotutako erabakiak hartzea.
Horretaz gain, hiriko ekitaldiei, bisitarien aurreikuspenei edo merkatuaren bilakaerari buruzko informazioa ere eskuragarri izango dute eta, horrela, hobeto planifikatu ahalko duten beren jarduera.
Herritarrentzat, onura izango da zerbitzu publikoak hobeto kudeatuko direla. Zehaztasun handiagoarekin jakiten badugu nola garatzen ari den turismo-jarduera, hobeto antolatu ahalko ditugu garbiketa-lanak, garraioa, segurtasuna edo mugikortasuna eta hiriko bisitarien esperientzia eta egoiliarren bizi-kalitatea hobetuko dira.
Helmugaren Plataforma Adimendunak iturri ezberdinetako informazioa integratzen du. Nola laguntzen du ikuspegi orokor horrek erabakiak hartzen eta turismo-plangintza egiten?
Gakoa da, hain zuzen ere, orain arte jabe ezberdinen artean sakabanatuta zeuden datu horiek integratzea: Adibidez, AENA, RENFE, hiri-arteko autobusak, hotelak, herritarren segurtasuna, Iruñeko Eskualdeko Mankomunitatea…enpresa pribatuen, publikoen eta administrazio ezberdinen informazioa.
Plataformari esker, datu horiek egituratu eta homogeneizatu daitezke helmugaren ikuspegi orokorra eskuratzeko. Horrela, hobeto planifikatu ahalko ditugu ekitaldiak, zerbitzu publikoen beharrak aurreikusiko ditugu, ekonomia-inpaktuak ezagutuko ditugu edo turismo-sektoreari informazio erabilgarria emango diogu. Aldaketa garrantzitsua da, zatikatutako informazioarekin lan egin beharrean, datu-base komun batekin lan egingo dugulako.
Iruñeko PID Espainiako PIDen integratuta dago. Horrek zer esan nahi du Iruñearentzat?
Gure proiektua estatuko ekimen baten parte da, SEGITTURek koordinatzen duen Helmuga Adimendunen Plataforma, alegia. Helmuga bakoitzak bere esperientzia eta datuak ematen ditu. Guk jende askoko ekitaldiak kudeatzearen inguruko ezagutza partekatzen dugu eta beste helmuga batzuek egindako garapenak aprobetxatzen ari gara, adibidez, kongresuetako turismoari, turismoaren ekonomia-inpaktuak neurtzeari edo hotelek datu-hornitzaile gisa egiten duten lanari buruzkoak. Kolaborazio-proiektu bat da eta denok ikasten dugu elkarrekin.
Estatuko Helmugen Plataforma Adimendunak helmugentzat eskuragarri jartzen ditu zenbait tresna eta zerbitzu digital, eta horiei esker, posible da aurrera egitea turismoaren digitalizazioan eta kudeaketa adimendunean. Oso zaila izango litzateke tresna horiek banaka garatzea. Tresna horiei esker datuak sortzen dira, helmuga eta turistak ezagutzen dira, kolaborazio publiko-pribatua egiten da, promozioa eta marketina gauzatzen dira eta datuak ustiatzea eta aurreikuspenak eta simulazioak egitea ahalbidetzen duten turismoari buruzko adimen-sistemak ezartzen dira.
Datuen erabileran oinarritutako proiektua izanik, konfiantza ezinbestekoa da. Nola bermatzen da plataforma horretan datu pertsonalak babesten direla?
Plataforma osoa Segurtasunaren Eskema Nazionala betez garatu da, berme guztiekin, eta datuak anonimoak dira.
Informazioa ematen dutenen konfiantza ezinbestekoa da. Enpresek eta administrazioak jakin egin behar dute datuak soilik helmugaren kudeaketa hobetzeko erabiltzen direla eta pertsonen edo enpresen informazioa ez dagoela arriskuan. Kolaborazioa proiektuaren zutabeetako bat da.
Ekainean egindako aurkezpena eta gero, proiektua bi hilabetez luzatu da. Zer etapa hasiko da ondoren?
Bi hilabete hauetan azken moduluak osatuko dira eta plataforma elikatzen bukatuko dugu datuekin eta funtzionalitateak gehitzen jarraituko dugu. Hurrengo fase batean garatu dena finkatu beharko da. Hau da, dena zuzen dagoela egiaztatuko dugu eta alderdi publikoek zein pribatuek baliozkotzat jo beharko dute.
Plataforma eskuragarri dagoenean, garrantzitsua izango da erabiltzaileak prestatzea beren eguneroko lanean integratu dezaten, bai ostalaritza-sektorean, bai administrazioan. Erronka da lortzea udalak eta turismo-sektoreak plataforma ohiko moduan erabili dezatela Iruñea helmuga turistikoaren kudeaketa hobetzeko.