2025eko apirilak 15

GUREKIN SOLASEAN… Antonio Ángel Moleón Segura, Arroizko alkatea

Foto noticia

“Digitalizazioak administrazioaren gardentasuna errazten du”

Arroizko Udala ANIMSAren bezero bihurtu zen 2024an. Aldaketa nolakoa izan den aztertu dugu Antonio Ángel Moleón Segurarekin, herriko alkate, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) Batzorde Exekutiboko kide eta Nafarroako Gardentasun Kontseiluko kidearekin.

Nolakoa da Arroizko Udala?
Gurea 1.063 biztanleko udalerria da. Zerbitzu batzuk beste udalerri batzuekin batera eskaintzen dira, hala nola ura eta hondakinak (Montejurrako Mankomunitateak kudeatzen ditu) eta gizarte-zerbitzuak (Allo aldeko oinarrizko gizarte-zerbitzuen Mankomunitateak ematen ditu).

1990etik ziren ANIMSAko akziodunak. Zerk bultzatu zintuen urrats berri bat ematera eta erakundearen zerbitzuak txertatzera?
Bi gertaera izan ziren iaz, eta biak aldi berean gertatu ziren. Alde batetik, egoitza elektronikoa Sedipualb@ plataformara aldatu genuen ON@ proiektuaren bidez, Nafarroako Gobernuak bultzatuta eta NEXT funtsekin finantzatuta. Bestalde, kudeaketa-aplikazioak aldatu behar genituen, haiek ematen zizkigun enpresak jarduera eten zuelako. Orduan erabaki genuen dena batera egitea, bai egoitza elektronikoaren aldaketa, bai kudeaketa-tresnen aldaketa, dena ANIMSAren bidez, horrela titulartasun publikoko tresnen alde eginda.

Nolakoa izan da prozesua? Nolakoa izan da ANIMSAko langileen laguntza?
Egia esan, ANIMSAren tratua eta laguntza bikaina izan da prozesu osoan zehar. ANIMSAko teknikarien laguntza handia izan dugu beti, sortu diren zalantzak eta arazoak argitzeko. Langileek online ikastaroak egiteko aukera ere izan dute.

Zer digitalitzazio-maila zegoen Udalean?
Udal txikia izateko, ez geunden gaizki. Gabeziak genituen, baina beti saiatu gara digitalizazio administratiboan aurrera egiten. Orain bai, egia da aldaketa bultzada handia izan dela eguneratzeko, bai beharrezko tresnei dagokienez, bai horiek kudeatzen dituzten langileei dagokienez.

ANIMSAren zer zerbitzu ezarri dituzue dagoeneko edo martxan jartzeko asmoa duzue?
Sedipualb@ administrazio elektronikorako plataforma instalatu dugu, baita udal-kudeaketako aplikazio guztiak ere (kontabilitatea, katastroa, errolda, diru-bilketa, zirkulazio-zerga, JEZ eta abar).

Udal-langileen aldetik nolako harrera izan duzue?
Aldaketa bat egin ahal izateko, beharrezkoa da langileen konplizitatea eta lankidetza, aldaketa guztiak zailak direlako eta langileen prestakuntza eta egokitzapen berria behar direlako. Gure Udala txikia da eta langile gutxi ditu, baina esan behar dut aldatzeko erabakia hartu ondoren hartu duen konpromisoa erabatekoa izan dela eta horrek erraztu egin duela pixkanaka-pixkanaka ezarpenak egin ahal izatea, trebatzea eta Udala tresna berriekin kudeatzen hastea.

Zer suposatzen du Administrazioaren digitalizazioak herritarrentzat?
Herritarrek gero eta gehiago erabiltzen dute egoitza elektronikoa Udalarekin tramiteak egiteko, hala nola, instantzia bat egiteko edo errolda-ziurtagiria eskatzeko. Administrazioa pertsonengana hurbiltzen duen tresna da, joan-etorriak saihesten ditu, gardentasuna errazten du eta, batez ere, herritarrek Administrazio Publikoaren egunerokoan parte hartzea errazten du. Bizi behar dugun unea da, eta digitalizaziora egokitu behar dugu. Hala ere, herritarrentzako zuzeneko arreta oraindik ere badago, adinekoei kosta egiten baitzaie teknologia berriekin moldatzea.

Zer laguntza dituzte eraldaketa digitalerako?
Esan dezakegu asko erraztu dutela aldaketa egitea erabaki izana, Nafarroako Gobernuari esker, ANIMSAren eskutik egoitza elektroniko berria instalatzeko laguntzak gidatu baititu. Gainera, tresna publikoak jarri ditugu, eta Arroitzen, gure esku dagoen guztietan, tresna horien aldeko apustua egiten dugu.

Zer zailtasun dituzte tokiko erakunde txikiek eraldaketa digitalerako?
Horiek kudeatzeko eta finantzatzeko langileak falta dira batez ere. Arroitzen, bulegoetako langileak idazkari-kontuhartzaile bat eta administrari bat dira, eta herri batzuetan oraindik langile gutxiago daude. Hala eta guztiz ere, herritarrentzako irisgarritasun digitalean aurrera egitea dakarren edozein aukera aprobetxatzen saiatzen gara. Adibidez, duela gutxi Espainiako Gobernuaren “Administrazioa zugandik gertu” programarekin bat egin dugu, udalerrian bertan ziurtagiri digitalak lortzea erraztuko duena, eta landa eremuetara joaten den Polizia Nazionalaren unitate mugikorra eskatu dugu, pasaportea, NAN fisiko eta digitala eta ziurtagiri digitalak emateko. Herritarrei informazioa emateko, hedabide digital berrietara ere egokitu gara eta webgunea, sare sozialak, whatsapp-a eta QR bidezko etiketatze digitalerako tresna bat ditugu.

Volver arriba