GAURKO SOLASALDIA…
IDOIA ALKORTA ETA BELÉN MUTUBERRIA, Lesakako Udalaren webguneko erreferenteak.
Lesakak ia 3000 biztanle ditu guztira, eta udal nafar aitzindarietako bat izan zen ANIMSAko web atarien proiektuan WordPress plataformarekin. Abian jarri eta handik hiru urtera, arrakasta handiko kasua izaten jarraitzen du. Udalean proiektu horretaz arduratzen direnak, Idoia Alkorta eta Belén Mutuberria, trebe aritu dira webguneko funtzionaltasunei ahalik eta etekin handiena atera eta plataformak eskaintzen dizkigun aukera gehien-gehienez baliatzeko.
Izandako esperientziaren berri ematen digute gaur.
Gaur egun, udal webguneak erreferente bat dira herritarrek beren udalarekin duten komunikazioaren arloan; halere, mundu guztiak ez zuen horrela pentsatzen duela urte batzuk. Lesakako Udalak webgune bat zuen jada, zer unetan planteatu zenuten jauzi egin eta plataforma aldatzea?
Idoia Alkorta: Gure webgunea zaharkiturik zegoen, eta Udalak “ateak zabalik” moduko proiektu baten aldeko apustua egin nahi zuen. Hau da, herritarrak eta Udalak elkarri eragiteko aukera izatea: sare sozialak, buletinak, harremanetarako formularioak…
Belén Mutuberria: Hobetzeko aukera gutxi zegoen webgune zaharrean, bai diseinuaren mailan, bai funtzionaltasunetan. Aldatu behar izate hura eta web proiektu berriaren aurkezpena aldi berean gertatu ziren, eta, beraz, ANIMSAren esku utzi genuen prozesua.
Aldaketa planteatzeko orduan, zein izan ziren aurre egin beharreko lehenbiziko erabakiak?, beste webgune batzuk hartu zenituzten erreferentzia gisa?
I.A. Udal webgune aski aztertu genituen, eta informazioa eguneratua izateari garrantzi berezia ematen ziotenak aukeratu genituen. Adibidez, Zestoako Udalak bi tuit idazten ditu goizero-goizero. Halako adibideak ditugu erreferente.
B. M. Hurbileko udalenak ere aztertu genituen, bai Nafarroakoak, bai Gipuzkoakoak, ikusteko nola heltzen zioten webguneko atal turistikoari. Bi webguneen arteko trantsizioa baliatuta, edukiak aztertu eta erabaki genuen zein ziren mantentzeko moduko eduki interesgarriak. Horixe da lan zailenetako bat, eta lan amaigabea ere izaten ahal da. Prozesu horretan zehar, garrantzitsua izan zen webgunea argitaratuta egon beharreko data zehaztea.
Une honetan, denbora luzea daramazue lanean, nolakoa da egunerokoa? Nola antolatzen duzue lana?
I.A. Argi daukagu Udalaren iragarki-taulan ageri den guztiak webgunean ere agertu behar duela, inolako dudarik gabe. Printzipioz, ni arduratzen naiz bulegoko lanez, eta Belének kudeatzen du webguneko agendari eta atal kulturalari lotutako guztia. Baina beti harremanetan egoten gara eta ez dago batere problemarik edukiak argitaratzeko gure arlokoak ez badira ere.
B. M. Erritmoa hartzea eta lanean hastea izan zen garrantzitsuena. Egia da lan horrek aski gainean egotea eskatzen duela, baina guretzat bertze komunikabide bat da Udalaren eta herritarren artean. Lesakako bizilagunek gero eta gehiago erabiltzen dute webgunea, baita haren inguruko guztia, hala nola facebook, buletina edo twitter, jakiteko zer gertatzen den herrian.
Kontua hartuta webgune elebiduna dela, baduzue modu bereziren bat lana antolatzeko edukiak argitaratzeko tenorean?
I.A. Udalaren eguneroko jarduna elebiduna da, beraz, ez du aparteko ahaleginik eskatzen zentzu horretan. Erran dugun bezala, iragarki-taulara doan guztia webgunera ere badoa. Bertze tresna bat da, bertzerik gabe.
Webgunearen sorrera eta mantentze-lana prozesu luzea da, zein dira proiektuaren mugarri aipagarrienak?
I.A. Ur-kontsumoa irakurtzeko formularioak osatzeko aukera izan zen aldaketa aipagarrienetako bat. Herritarrek eguneko 24 orduak dituzte tramite hori egin ahal izateko, eta horrek hobekuntza handia ekarri zuen.
B. M. Bai, herritarrek hagitz ongi hartu zuten ziurtagiriak, JEZaren altak eta instantziak eskatzeko aukera, baita webgune bidezko tramitazioari lotutako guztia ere.
Webgune baten proiektua sekula ez da bukatzen, beti aplikazio, berrikuntza eta joera berriak agertzen baitira, gure plataformaren eboluzioa dakartenak. Nola planteatzen duzue hobekuntza horien ezarpena?
B. M. Bai gure webgunea, bai antzeko bertze batzuk eta haien funtzionamendua aztertzen eta ikusten jarraitzen dugu. Diseinua eta eduki garrantzitsuenetarako sarbidea eguneratu nahi genituzke, baina egia da anitzetan denborak itotzen gaituela.
Zuen ustez, zein da proiektuaren azken balorazioa?
B. M. Guretzat, webgunea bertze lan-tresna bat da. Beharrezkoa Udalaren komunikabide eta hedabide gisa eta gure lana garatzeko. Webgunean paratzen dugun guztia sare sozialetara doa eta sare sozialetan ateratzen dena prentsan agertzen da.
I.A. Egia da ezarpenean eta mantentze-lanean zehar zenbait fase eta egoeratatik pasatzen dela, hemen izan ditugun bertze proiektu batzuetan ez bezala. Kasu honetan, gainean egon beharra dago denbora guztia, hobetzen jarraitzeko. Une honetan, herritarrek “exijitu” egiten digute hori, eta pentsaezina litzateke Lesakak ez izatea orain webgune bat, gutxienez egun duguna bezain eguneratua.