GAUR GUREKIN SOLASEAN…… Joaquín Sagüés, ANIMSAren kudeatzailea

“Aurten, nota onarekin bete ditugu ezarritako helburuak”
2021a oso urte positiboa izan da ANIMSArentzat, pandemiak eragindako zailtasunak gorabehera, bere aurrekontu-helburuak bete baititu eta ekintza garrantzitsuak gauzatu baititu zibersegurtasunaren arloan. ANIMSAren kudeatzaile Joaquín Sagüésekin egin dugu amaitzera doan urte honen balantzea.
Amaitzear da beste urte zail eta ezohiko bat, aurtengoa ere pandemiak markatua. ANIMSAren kudeatzaile gisa, 2021aren zer balantze egiten duzu?
Nire ustez, oso urte positiboa izan da ANIMSArentzat, ekitaldi honetan aurrekontuko proiektu asko gauzatu baititugu. Oro har, nota onarekin bete ditugu ezarritako helburuak.
Bi urteotan, ANIMSAk agerian utzi du zer-nolako gaitasuna duen toki-erakundeen behar berezietara egokitzeko eta haiei erantzuteko. Nola baloratzen duzu bilakaera hori?
ANIMSA toki-erakundeengandik ahalik eta hurbilen egoten saiatzen da, eta, aipatu duzun aldi horretan, bereziki saiatu da. Horretarako, alde batetik, toki-administrazioek herritarrei zerbitzua ematen jarrai zezaten ahalbidetu du, kasuan kasuko bitartekoak erabilita (teknikariak, lizentziak, telelana, etab.). Bestetik, bizkor eta malgutasunez erreakzionatu ahal izan dugu garai hauetan gertatzen ari diren etengabeko aldaketen aurrean: eskakizun teknologiko berriak, araudiak, behar sozial berriak, etab. Horren haritik, bereziki aipatzekoa da toki-administrazioen eta -erakundeen arteko elkarrekikotasuna, ahalegin eta profesionaltasun handiz elkarlanean aritu baitira geneuzkan helburuak bete ahal izateko.
ANIMSAren 2021eko proiektu nagusietako batzuk zibersegurtasunarekin erlazionatuta egon dira.
Hala da; zibersegurtasuna modan dago. Eta ez da gutxiagorako, segurtasun informatikoa oso garrantzitsua baita arlo guztietan; besteak beste, gizarte-harremanak, ekonomia, administrazioen arteko harremana, administrazioak herritarrekin duen harremana, etab. ANIMSAk ziurtapen bikoitza lortu du zibersegurtasunaren arloan, Segurtasunaren Eskema Nazionalarekin bat etorriz. Ziurtapen hori 9 toki-erakundek eta 32 erakunde publikok soilik dute Espainian.
Gainera, 15 toki-erakunderekin batera, Zibersegurtasunaren Bulegoa sortu dugu, segurtasun-zerbitzu eskuragarriak eskaintzeko. Proiektu honetan, Kriptologia Zentro Nazionalak (CNIren mendekoa) lagundu du, eta esan beharra dut arlo honetan erreferentzia garela Estatuan, hala esan baitute CCN-CNIren arduradunek eurek kongresu eta biltzarretan egin dituzten esku-hartze publiko askotan. Ea datozen hilabeteetan erakunde gehiago sartzen diren proiektuan.
Beste erronka eta motibazio batzuekin ekingo diozue urte berriari. Hain zuzen ere, zein dira 2022rako helburuak?
Aurten ere, toki-erakundeak digitalki eraldatzen jarraitzea, administrazio elektronikoa finkatzea, herritarrei zerbitzu digital berriak eskaintzea eta zibersegurtasuna bermatzea izango dira gure lehentasunezko helburuak. Hori alde batera utzita, oso pozgarria litzateke “Next Generation” funtsetan parte hartu ahal izatea, bere garaian hiru proiektu oso garrantzitsu aurkeztu baikenituen edukiari eta zenbatekoari zegokienez: udal-kudeaketako ekosistema berria, Zibersegurtasunaren Bulegoa eta herritarren gaikuntza digitala.
Baina apur bat haratago joanda… nola ikusten duzu ANIMSA etorkizunean?
Ilusio handiz beteta. ANIMSA enpresa fidagarria eta ospetsua da sektorean; hori dela eta, gure jardueran proaktibitate eta berrikuntza handiagoa bilatzea izan behar du gure erronkak. Gainera, zenbait alderdik (esaterako, toki-erakundeen zibersegurtasuna eta herritarren gaikuntza digitala) babes garrantzitsua behar dute administrazioaren aldetik, eta haiek sustatzen jarraitu behar da. Nahiz eta arlo horiek badiren gure enpresaren ildo estrategikoen parte, haietan lanean jarraituko dugu zerbitzua kalitate handikoa dela bermatzeko. Eta, horri dagokionez, ANIMSA aitzindaria izan da, eta hala izango da datozen urteetan ere.