GAUR GUREKIN SOLASEAN… Izaskun Gortari, Etxalarko Udaleko idazkaria

Izaskun Gortari Sein, Etxalarko Udaleko idazkaria
“Pozik gaude aldaketarekin”
Etxalarko Udala ON@ proiektuan parte hartzen ari den toki-erakundeetako bat da. Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuaren Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren (PRTR) Next Generation EU Europako funtsekin finantzatutako proiektu hau bultzatu du.
Proiektu hau Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean dago sartua eta, halaber, kokatua bai 11. osagaian: “Administrazio Publikoen modernizazioa”, bai C11-I3 neurrian: “Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren eta Autonomia Erkidegoetako eta Toki Erakundeetako administrazioen eraldakuntza digitala eta modernizazioa”, bai 5. estrategia-ildoan: “Administrazio digitaleko oinarrizko zerbitzuen elkarreragingarritasuna”, honako jarduketa hau ere barne harturik: “Administrazio Elektronikoko plataformak eta soluzioak ezartzea eta hobetzea 20.000 biztanletik beherako Toki Erakundeetan”.
Izaskun Gortari Etxalarko idazkariarekin hitz egin dugu berak bere esperientzia konta diezagun.
Zergatik erabaki zenuten ON@ proiektuan parte hartzea?
Etxalarko Udalean urte batzuk generamatzan beste enpresa batekin administrazio elektronikoa erabiltzen, baina egia da nahiko garesti ateratzen zela eta arazo batzuk ere izaten genituela. ON@ proiektuan parte hartzeko aukera ikusi genuenean, aprobetxatzea erabaki genuen gehien bat ikusita inguruko udalek ANIMSArekin funtzionatzen dutela.
Prozesuaren zein puntutan zaudete?
Deialdi atera zenean martxan jarri ginen eta poliki poliki egokitzen joan gara. Momentu honetan egonkortua dago proiektua eta martxan ditugu zerbitzu guztiak (ORVE, Autentica, Sedipualb@…).
Zer ekarpenak egin ditu administrazio elektronikoak udal kudeaketari?
Batez ere, prozesuak arintzen ditu. Kontrola ere ematen digu, dena hor dagoelako. Edozein kontsulta edo zalantza dagoenean, dena hor dago kontsultatu ahal izateko. Eta azkartasuna, bai hemen gure artean, bai hemendik kanpo ditugun beste harremanetan (arkitektoari edo gainerako administrazioei edo dena delakoari gauzak bidaltzean). Lehen emailez egiten zena orain zuzenean sartzen da espedientean, eta bakoitzaren eginkizunak programan bertan markatuta daude. Adibidez, hirigintzako zerbait baldin bada, zuzenean iristen zaio arkitektoari eta zerbait kulturala bada, Kultura Batzordeari iristen zaio, eginkizunak edo lanak banatuta daudelako. Hasieratik konfiguratzen dituzu zer gai izango dituzun eta zer talde izango dituzun eta nola banatuko diren ardurak eta horrela, zerbait iristen denean, automatikoki bideratzen duzu.
Sedipualb@ plataforma egokia al da udal txikientzat?
Gurean bai, aurreko esperientzia ere oso aberatsa zen, baina batzuetan gehiegizko tramitazioak zeuden. Aukera sorta oso luzea zegoen, baina, egia esan, gehiegizkoak ziren gurea bezalako udal txiki batentzat. Gureak askoz sinpleagoak dira: hirigintza gaiak, kultura gaiak, ingurumena… Espediente asko daude maila horretan. Sedipualb@ gurera ondo egokituta dago. Konfigurazioa egiterakoan zure ohiko eginkizunetan pentsatzen duzu eta horietara bideratzen zara. Alde horretatik, praktikoa da. Administrazio publikoen plataforma bat denez, gure eguneroko funtzionamendua islatu dezake. Administrazioek izan ditzakegun arazoak antzekoak dira, enpresek izan ditzaketenetatik ezberdinak. Zurea bezalako administrazio batek horrelako plataforma bat sortu eta partekatzea oso lagungarria da.
Zein zerbitzu erabiltzen dituzue gehien ON@ proiektuan sartuta daudenen artean?
Denak. Sedipualb@ erabiltzen dugu eta, horren barruan, nik SEGRA erabiltzen dut ebazpenak prestatzeko; nire lankideek SERES eta SEFYCU erabiltzen dituzte espedienteak kudeatzeko eta irteerak eta sarrerak kontrolatzeko; administrazioko langileek, FACE fakturetarako; eta hemendik kanpora bidali beharreko tramiteetan, ORVEren eta AUTENTICAren bidez egiten dugu.
Pertsonalki, aldaketa nola bizitzen ari zara?
Pozik gaude aldaketarekin. Poliki poliki ikasten ari gara eta izan ditzakegun hanka-sartzeak zuzentzen ari gara. Hasieran, probetarako espazioa erabili genuen eta formazioa ere izan genuen. Plataformak aurrekoaren antza du. Egitura ezberdina da, baina ohitura daukagu eta nire lankide batek Sedipual@rekin lan egin du eta ez du arazorik izan.
Nolakoa izaten ari da ANIMSAren laguntza?
Ona. Zalantzak ditugun aldiro, ANIMSAra deitu eta handik edozein arazorekin laguntzen digute berehala. Sarbidea ematen diegu eta konektatu egiten dira. Gainera, aurrez aurreko formakuntza izan genuen eta astero aukera ematen dute gaika formakuntza on line egiteko. Han zalantzak galdetu ahal dituzu.
Nola egokitzen ari dira herritarrak?
Egoitza elektronikoaren erabilera gero eta ohikoagoa da, nahiz eta pertsona batzuei hori guztia arrotza egiten zaien. Poliki poliki aurrera egiten da. Batzuetan hona etortzen dira, eta guk bitartekari lanak egiten ditugu. Gero eta gehiago ari dira barneratzen horrela egin behar dela, badakite ziurtagiri elektroniko bat behar dela… Hemen eskaini dira clav@ ateratzeko ikastaroak. Adineko jendeari kosta egiten zaio, baina gazteagoek erabili egiten dute. Enpresek barneratua dute edozein lizitazio dela, edozein kontratu dela, gurekin harremanetan jarri behar dutela plataformatik. Haiek aldaketa egina dute.