ANIMSAk tokiko erakundeei laguntzen die segurtasunaren eskema nazionala betetzen
ANIMSA tokiko erakundeei laguntzen ari da informazioaren eta zerbitzu publiko digitalen segurtasuna bermatzeko giltzarri den prozesu batean: Segurtasunaren Eskema Nazionala (SENa) betetzea eta ziurtatzea.
SENa 2010etik derrigorrez bete behar den araudi bat da, 2022an eguneratu eta sendotu zena, eta administrazio publikoen informazio-sistemak gero eta ohikoagoak diren arriskuetatik (zibergorabeheretatik, adibidez) babesteko beharrezko neurriak ezartzen ditu. Arrisku horiek ez dira aparteko kontuak: egunero gertatzen dira munduan eta erakunde handiei zein tokiko erakunde txikiei eragiten diete.
Begi bistako emaitzak eman dituen bidea
28 tokiko erakundek hasi zuten prozesu hau gure laguntzarekin. Gaur egun, haietako hemeretzik dagoeneko ziurtagiria lortu dute Segurtasunaren Eskema Nazionalean. Horrek agerian uzten du erakunde horiek segurtasunarekin, gobernantza onarekin eta herritarren datuen babesarekin duten konpromisoa.
Gainerako erakundeetan lan nabarmena egin da helburu horri begira. Kasu batzuetan, erakundeei ez zaie ia ezer falta ziurtagiria lortzeko, azken urrats formal batzuk besterik ez. Beste batzuetan, auditoretza ofiziala eskatu ez duten arren, funtsezko segurtasun neurriak ezarri dituzte gertakariak saihesteko, arazoak laster antzemateko eta balizko eraso edo akatsen aurrean erresilienteagoak izateko.
Joan den urtarrilaren 29an, Segurtasun foroaren beste saio bat egin genuen, hau da, proiektuko erakunde guztiek parte hartzen duten espazio koordinatuko saio bat. Hainbat kontu egin ziren jardunaldian: lortutako aurrerapenen jarraipen xehatu bat, bizipenak partekatu eta ziurtapen-prozesuko hurrengo mugarriak landu. Horri esker, elkarlana sendotu eta denok segurtasunarekin dugun konpromisoa indartu genuen.
Zertarako balio du SEN ziurtagiriak?
Segurtasunaren Eskema Nazionalean, Zentro Kriptologiko Nazionalak (CCNak) jaulkitzen du ziurtagiria. Erakunde hori Inteligentzia Zentro Nazionalari (CNIari) atxikita dago. Behin ziurtagiria eskuratuta, publiko egiten da eta udalaren webgune edo egoitza elektronikoan zein CCNren webgune ofizialean kontsultatu daiteke. Horrek erakundearen gardentasuna, konfiantza eta gobernantza ona indartzen du.
Ziurtagiriaz beraz haratago, SENek lan egiteko modu ordenatuagoa, kontzienteagoa eta seguruagoa bultzatzen du. Bertan, informazioaren babesa eta zerbitzu publikoen jarraitutasuna benetako lehentasun bihurtzen dira.
Segurtasunarekiko eta herritarrekiko konpromisoa
Segurtasunaren Eskema Nazionala aukera paregabea da tokiko erakundeak indartzeko eta agerian uzteko gero eta zabalagoa eta irisgarriagoa den administrazio digitala seguruagoa ere izan daitekeela. Neurri horiek ezartzeak aukera ematen du berme handiagoko zerbitzu elektronikoak eskaintzeko, hala konfiantza indartuz eta herritarrei emandako zerbitzuaren kalitatea hobetuz, eraldaketa digital arduratsu eta seguruaren baitan.