ANIMSAk Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoa egokitu du epe exekutiboan zorrak ordaintzeko aukera izateko

Zerbitzu berri hori eskaintzeko aplikazioa garatu du, baita tableta eta mugikorretan behar bezala bistaratzeko responsive diseinua ere.
Udal kudeaketa digitalizatzeko beste urrats bat eginez, Iruñeko Udalak online izapide bat prestatu du bere egoitza elektronikoan, epe exekutiboan zorrak ordaintzeko aukera ematen duena ordainketa-gutun bidez. Ordaintzeko bide berriak dira; baina ez dituzte aurrekoak ordezten (horiek ere abian jarraituko dute). Ordainketa-izapidera atal honen bidez sartzen da: “Nahitaezko Diru-bilketarako ordainketa-gutunak”.
ANIMSAk, Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoaren diseinuaz eta garapenaz arduratzen den enpresa den aldetik, zerbitzu hori abian jartzeko prozesuen, garapenaren eta programazioaren diseinua egin du. Zehazki, modulu berri bat gehitu zaio aplikazioari. Aplikazioa ordainketa egiteko beharrezkoak diren datuekin ordainketa-gutunak sortzeaz arduratzen da, Udalean jaulkitzen diren gainerako zorrekin (tasak eta zergak, trafiko-isunak eta autolikidazioak) egiten den bezala.
Egoitza elektronikoko “Ordainagirien ordainketa” atalean (bertatik, orain arte, tasa eta zergen ordainagiriak, trafiko-isunak eta autolikidazioak ordain zitezkeen), Nahitaezko Diru-bilketarako ordainketa-gutunak ordaintzeko aukera sartu da.
Nahitaezko Diru-bilketak emandako ordainketa-gutunean agertzen diren erreferentzia eta IFZ bakarrik eman behar dira. Ordainketa txartel batekin (zordunketa- edo kreditu-txartela) edo Udalaren erakunde laguntzaileren baten banku elektronikoaren bidez egin ahal izango da (horretarako beharrezkoa da erabiltzailea izatea).
Era berean, “Ordainagirien ordainketa” izapidea luzatu dela aprobetxatuz, orrialdearen diseinua responsive motara aldatu da; eta horri esker, webgunea hainbat gailutan (mahaigaineko ordenagailuetatik hasi eta tableta eta mugikorretara) ikus daiteke behar bezala.