2026ko urtarrilak 28

ANIMSA zure zerbitzura: Berrikuntza eta Garapena

Foto noticia

Zeintzuk dira irtenbide teknologikorik egokienak toki-erakunde bakoitzerako? Galdera horri erantzuteko, Nafarroako udalek ANIMSAren laguntza jasotzen dute.

Erakundea sortu zenetik, Berrikuntza eta Garapen Saila buru-belarri aritu da lanean irtenbide teknologikoak aztertu, hautatu, garatu, integratu eta mantentzeko; horrela, ANIMSArekin elkartutako toki-erakundeek aukera dute zerbitzu publiko berritzaileak, bizkorrak, eraginkorrak eta elkarreragingarriak emateko, betiere kalitatea, jasangarritasun teknologikoa eta erakundeen benetako beharrizanekiko bateragarritasuna bermatuz.

Hasieran Berrikuntza eta Garapeneko bi lantalde zeuden: bata Iruñeko Udalari arreta emateko eta bestea gainerako erakundeei arreta emateko. 2008an bi lantaldeek bat egin zuten, eta hamar pertsonak osatutako plantilla sortu zen, non aditu ugari dauden: software-arkitektoak, negozio-analistak, analista teknikoak, adimen artifizialean adituak diren analistak eta analista programatzaileak.

Adituen lantalde horrek IKT zerbitzu-sorta osoa eskaintzen die toki-erakundeei, eta irtenbide teknologikoen bizi-ziklo osoa estaltzen du: beharrizanak antzematen direnetik hasi eta irtenbideak ezarri eta garatu arte. Eskainitako zerbitzuen artean daude, besteak beste, merkatuko irtenbide teknologikoak hautatzea, aplikazioak garatzea eta integratzea, web atariak eta kanal digitalak sortzea eta zaintza teknologikoko lanak egitea.

Hori guztia aurrera eramateko, ANIMSAko langileek harreman estua dute bezeroekin, eta horrek irtenbide egokituak eta funtzionalak ematea bermatzen du. Proiektuak hala eskatzen duenean, garapen-lanak kanpora ateratzen dira eta, horrela, aditu eta teknologia espezifikoetarako sarbidea izatea lortzen dugu. Gainera, sailak sustatu egiten du Berrikuntza eta Garapeneko lantaldearen eguneraketa, kanpoko zein barneko prestakuntza eskainiz.

Proiektuak

ANIMSAko Berrikuntza eta Garapen Sailak proiektu garrantzitsuetan parte hartu du berriki, zenbait aplikazio (eskola-jantokietarako laguntzen kudeaketa; hutsik dauden etxebizitzen errolda; aparkatzeko baimen bereziak, eta ur-kontagailuen irakurketa) eta plataforma garatzeko (sarbide kontrolatuko eremura sartzeko eskaera; Iruñeko Emisio Gutxiko Eremuaren kontrola; Iruñeko Udaltzaingoarentzako kudeaketa integrala, eta Europako proiektuen kontrola).

Era berean, martxan jarri du iruzurraren aurkako salaketen kanal bat, Iruñeko 010 zerbitzurako voicebot bat eta adimen artifizialeko agente bat, HDK tresnan gorabeherak sailkatzeko. Horrez gain, zerbitzu ugari integratu dira Estatuaren bitartekaritza plataformarekin; funtzionalitate berriak eta webgune berriak garatu dira toki entitateentzat; Civivox zentroetan izena emateko tresna bat hautatu, kontratatu eta horren jarraipena egin da, eta Iruñeko Udalean Biki Digital bat ezartzeko lanetan lagundu da.

Ana Goyenak, saileko arduradunak, adierazi duenez, “proiektu berri bakoitzak aukera ematen du gizartean benetako inpaktua sortzeko. Oso pozgarria da garatzen dugun teknologiak zerbitzu publikoak hobetzen dituela eta gure bezeroen eta herritarren bizitza errazten duela ikustea”.

Datozen urteetan, ANIMSAko Berrikuntza eta Garapen Sailak zerbitzu publikoetan berrikuntza teknologikoa bultzatzen jarraituko du, teknologia berriak txertatuz —adimen artifiziala eta analitika aurreratua barne—, toki erakundeei soluzio adimentsuagoak, bizkorragoak eta eraginkorragoak eskaintzeko. Era berean, herritarren esperientzia hobetzeko lan egingo du, haien benetako premietan oinarritutako irtenbideak eskaintzeko, interfaze intuitiboekin eta prozesu erabilerrazagoekin.

 

ANIMSAK ESKAINITAKO BERRIKUNTZA-ETA GARAPEN-ZERBITZUAK

Irtenbide teknologikoen analisia

  • Beharrizanak antzeman eta aztertzea.
  • Betekizun funtzional eta teknikoak zehaztea.
  • SMerkatuko irtenbideak hautatzea edo irtenbidea neurrira garatzea.
  • Plegu teknikoak prestatzea. 

Aplikazioak garatu eta integratzea

  • Aplikazio korporatiboak diseinatu, garatu eta mantentzea.
  • Egungo sistemekin integratzea.
  • Datuen migrazioa eta kalitate-kontrola.
  • Ezartzeko laguntza eta dokumentazioa.

Web atariak eta kanal digitalak

  • Webguneak eta herritarren atariak diseinatu, sortu eta mantentzea.
  • Argitalpena, posizionamendua eta mantentze ebolutiboa.

Berrikuntza eta zaintza teknologikoa

  • Jardunbide egokien eta joeren analisia.
  • Tresnen homologazioa.
  • Metodologiak eta estandarrak definitzea.
  • Elkarreragingarritasuna sustatzea.

 

Volver arriba