2026ko urtarrilak 28

ANIMSA eta COCS zerbitzuaren ezarpena erakunde elkartuetan

Foto noticia

Administrazio publikoen eraldaketa digitala etengabe ari da aurrera egiten, eta, horrekin batera, zibersegurtasunarekin lotutako erronkak ere hazten ari dira. Testuinguru horretan kokatzen da COCSen ezarpena, zeinaren bidez autonomia erkidego guztietan Zibersegurtasun Eragiketen Zentro bat sortu nahi baita. Estatu mailako ekimena da, eta gure foru erkidegoari dagokionez ANIMSA aktiboki ari da ekimenean parte hartzen.

Europako funtsekin finantzatutako proiektua da COCS, eta administrazio publikoen segurtasun digitala modu koordinatu, homogeneo eta irisgarrian indartzea du helburu. Proiektua nazio mailan kudeatzen da, eta ABEE batek koordinatzen du. Erakunde espezializatu handiek osatzen dute ABEE hori, besteak beste Telefonicak, zeinak gure probintzian proiektuaren koordinazio teknikoa bere gain hartu duen.

Segurtasunari lotutako ekimen-sorta zabala

COCS ez da tresna bat bakarrik, 25 ekimenek osatzen dute, eta horietako bakoitza segurtasun- tresna bat da bere horretan. Ekimen horiek babes digitalaren alderdi ugari estaltzen dituzte eta administrazioen benetako beharrizanetara egokitzeko pentsatuta daude.

Neurri horietako batzuek une oro funtzionatzen dute, egunaren 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan; hala, etengabeko gainbegiratzea eskaintzen dute, eta berehala erantzuteko gaitasuna dute gorabeherak gertatzen direnean. Beste neurri batzuek, ordea, eskari modura funtzionatzen dute, eta lanpostuetan programa jakin batzuk instalatzea eskatzen dute, sistemen kontrola hobetzeko.

ANIMSAren zeregina

Proiektuaren lehen fase honetan, ANIMSA laguntza ematen ari da hautatuak izan diren erakunde pilotuen ekimen jakin batzuk ezartzeko: Arguedas, Berriobeiti, Zizur, Galar eta Zizur Nagusia. Lan horri esker, neurriok ingurune errealetan probatu, prozedurak doitu eta udaletako eguneroko lanean nola integratzen diren ikus daiteke, betiere tokiko erakundeen errealitatetik hurbil eta ikuspegi praktiko batetik abiatuta.

ANIMSAren parte-hartzearen bidez erakundeei laguntza emango zaie, ekimenen ezarpena erraztuko da eta artekari-lanak egingo dira proiektuetako lantalde teknikoen eta erakunde bakoitzaren beharrizan zehatzen artean.

Etorkizunera begira

Fase pilotua amaitutakoan, ANIMSAk COCS sistemaren baitan izango duen zeregina eta emango duen zerbitzua zehaztea da helburua, ekimen horiek Nafarroako beste erakunde interesdun batzuetara zabaldu ahal izateko. Horiek horrela, administrazio gehiagok segurtasun-neurri horien onurak lortzea da asmoa, egungo arrisku digitalei erantzuteko eta horiek prebenitzeko duten gaitasuna indartu dezaten.

COCS sistemak administrazio digital seguruago bat lortzeko bidean aurrera egiteko aukera ematen du, estatu mailan koordinatutako ekimenetan oinarrituta eta tokiko erakundeen errealitatera egokitutakoa, betiere herritarren zerbitzura lan eginez.

 

 

Volver arriba