40 urte talde-lanean

ANIMSAren lau hamarkadetako aktiborik handienetako bat, zalantzarik gabe, bere gizataldea izan da. Bere ezagutzari, lanari eta konpromisoari esker, aurrera egin du gure enpresak.
ANIMSAren 40. urteurrenean, enpresaren iragana, oraina eta etorkizuna aztertuko ditugu, zazpi lankide beteranoren eskutik: Mitxel Equiza, Tatxi Pérez, Idoia Majo, Koro Otamendi, Javier Setas, Mari Carmen Galarza eta Jesús Vera.
Zazpiak 1987 eta 1995 artean hasi ziren enpresan lanean, ANIMSAk hogeita hamar langile baino gutxiago zituenean. Batzuk, Jesus esaterako, sei hilabeteko kontratuarekin sartu ziren “berritzeko aukerarik gabe” eta dagoeneko hiru hamarkada baino gehiago bete dituzte enpresan. Hasierako urte haietatik denek azpimarratzen dute plantilla ez ezik lagun-talde bat zirela, denak oso inplikatuak eta edozein albiste on ospatzeko prest.
Lehenengo lanek prozesu errepikakorren informatizazioarekin zerikusia izan zuten, hala nola uraren eta kontribuzioaren ordainagiriak jaulkitzearekin edo diru-bilketaren eta berankortasunaren kontrolarekin. Ordenagailu pertsonalen hastapenak zirenez, prestakuntza oso erabakigarria izan zen garai hartan. Doneztebeko, Castejongo eta Iruñeko geletan oinarrizko informatika irakatsi zen, ekipoen funtzionamendua, testu-editoreen erabilera edo “bakar-jokoa erabilita” sagua erabiltzen ikasteko.
Komunikazioen hobekuntzari, bilakaera teknologikoari eta lege-bultzadari esker, ANIMSAk eskaintzen dituen zerbitzuak hazi eta eraldatu egin dira, eta, Idoiak nabarmentzen duenez, teknologia berrietara egokitzen jakin du, eta garai berrietara egokitutako zerbitzuak eta produktuak eskaini dizkie bezeroei. Eta ez dira zerbitzuak izan aldatzen bakarrak, horiek eskaintzeko eta erakundeekin komunikatzeko modua ere nabarmen aldatu da. Erosketak, adibidez, Nafarroako Gobernuaren Kontratazio atariaren bidez egiten dira orain eta euskarria gehienbat online eskatu eta ematen da. Jada ez dira hainbeste joan-etorri, dei eta mezu elektroniko behar. Hala, bizkortasuna eta eraginkortasuna irabazi dira, betiere bezeroarekiko harreman zuzena eta tratu pertsonala ez galtzeko ahalegina eginda, Korok dioenez.
Enpresa-eredu berezia
Beteranoen iritziz, ANIMSAren zeregina markatu duen alderdietako bat bere eredu eta egitura berezia da. Javier Setasek azpimarratu bezala, bezeroak akziodunak diren enpresa publikoa da, eta jabeak tokiko erakundeak dira. Aldi berean, merkatuan dagoen enpresa bat da, eta beste irtenbide batzuekin lehiatzen da; horregatik, eguneratuta egon behar du eta kalitatezko zerbitzua eman behar du bizirauteko. Gainera, akziodunen osaketa dela eta, Nafarroako udalerrien bilakaera politikoak eragina izan du erakundean.
Barne egitura ere berezia izan da. Hamarkadetan zehar, ia bi enpresa egon dira batean, alde batetik Iruñeari eta bestetik gainerako tokiko erakundeei zerbitzuak ematen zizkietenak, eta Erabiltzaileentzako Arreta, Sistemak edo Aplikazioen Garapena arloak bikoiztuta zituzten. Hala ere, azkenaldian, “zeharkakotasuna” gertatu da, eta, horren ondorioz, sailak bateratu egin dira eta irtenbideak, aplikazioak eta zerbitzuak berriro aprobetxatu dira.
Etorkizunera begira
Atzera begira jarrita, taldea bat dator esatean dena ez dela bide erraza izan ANIMSAko taldearentzat. Krisi-uneak eta lan-arazoak egon dira. Ahaztuko ez dituzten zenbait bidelagunen bat-bateko eta ustekabeko galerak ere izan dira.
ANIMSAren egungo egoerari eta etorkizunari dagokionez, gehienak baikor agertu dira. Enpresa “sendotua”, “egonkorra” ikusten dute, “giza kapital handia” duena, Nafarroako Gobernuarekin eta beste erakunde publiko eta pribatuekin lankidetza estua duena, eta bezero gehienak zerbitzuarekin “pozik” dituena.
Mari Carmen Galarza, Prestakuntzako kudeatzailea:
“Erakunde txiki askok laguntza behar dute informatika-gaietan, eta erakunde handiei espezializazio handia eta egitura osoa eskain diezaiekegu”
Tatxi Pérez, Bezeroen Arretarako zuzendaria:
“1994an Nafarroako udalei zerbitzu informatikoak eskaintzen zizkieten lehiakideak iritsi izanak aditzera eman zigun ez genuela monopoliorik, eta zerbitzu lehiakor eta kalitatezkoa eskainita bakarrik izango genuela gure etorkizuna ziurtatuta.”
Idoia Majo, analista teknikoa:
“ANIMSAk garai berrietara egokitzen eta aurrera egiten jakin du, teknologia berriekin batera, eta kalitateko zerbitzuak eskaini dizkie tokiko erakundeei”
Javier Setas, Erabiltzaileentzako Euskarriaren kudeatzailea:
“Oraindik gogoan dut 1999ko Gabon zahar gaua Iruñeko Udaltzaingoaren egoitzan, 2000 efektua saihesteko egindako lan guztiak arrakasta izan ote zuen egiaztatzen”
Koro Otamendi, Kontratazioetako teknikaria:
“Erosketa Sailean, erabat aldatu dugu lan egiteko modua, deietatik hasi eta plataforma eta sistema automatizatuenetara”
Mitxel Equiza, Sistemen administratzailea:
“Gure bazkideei eta herritarrei plus bat eman diezaieketen beste administrazio eta enpresa batzuekiko lankidetza indartzen jarraitu behar dugu”.