15 erakunde sartu dira ANIMSAren akziodun

Joan den ekainaren 10ean, beste 15 toki-erakunde batu ziren ANIMSAren akziodun izateko. Bazkide berriekin, gure enpresak hazten jarraitzen du, eta 184 izatetik 199 akziodun izatera igaro da. Allo, Aranaratxe, Gazteluberri, Desoio, El Busto, Eulate, Ezkaroze, Larraona, Otsagabia, Orkoien, Santsol eta Ziordiko udalak, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatea, NELS Sarea eta TEDER elkartea sartu dira ANIMSAn.
Gure egoitzan gauzatu zen Iruñerriko Mankomunitateak bazkide berriei egindako akzioen salmenta, eta aukera baliatu genuen alkateetako birekin hitz egiteko, informatikaren eta teknologia berrien arloan dituzten kezkak eta beharrak ezagutzeko.
Pablo Mikeleiz Compains, Ezkarozeko alkatea:
“Herritarrek gero eta gehiago eskatzen dute izapideak digitalki egin ahal izatea”
Nolakoa da Ezkaroze?
Biztanleriari dagokionez, Ibarreko bigarren udalerria da, eta edadetu asko ditu. Jaurrieta eta Orontzerekin talde bat osatzen dugu eta zerbitzuak partekatzen ditugu.
Zer behar ditu zure udalerriak informatikaren eta telekomunikazioen arloan?
Orain arte ez zen udal-mailan gehiegi erabiltzen eta orain martxan jartzen ari gara. Izapide digitalak egin ahal izatea aurrerapauso handia da guretzat. Adibidez, sinadura erraztea garrantzitsua da, Udala osatzen dugunok lan egiten dugulako eta ezin garelako lekualdatu.
Zerk bultzatu zaituzte ANIMSAn sartzeko urratsa ematera?
Barne-kudeaketan eta kontabilitatean digitalizazio handiagorantz jo behar genuen, eta herritarrei zerbitzua eskaini, gero eta gehiago eskatzen baitute izapideak digitalki egin ahal izatea.
Udalaren erronkarik al duzue bereziki IKTen arloan?
Nafarroako Gobernuak Next funtsekin bultzatutako ON@ proiektuan parte hartzen dugu. Badaukagu egoitza elektronikoa, eta orain kontua da jendeak erabiltzea barruan eta kanpoan.
Zer espero duzue ANIMSArengandik?
Udal-langileek hiru udaletan lan egiten dute, arazo handiak izaten dituzte beti, beraz, espero dugu lana erraztu eta, zalantzarik izanez gero, ANIMSAko langile teknikoek lagundu ahal izatea.
Álex López Orejuela, Orkoiengo alkatea:
“IKTen arloan profesionalizatu egin nahi dugu, segurtasun-arrazoiengatik eta kudeaketa hobetzeko”
Nolakoa da zure udalerria?
4.000 biztanle inguru ditu, herri txikia da Iruñerriaren barruan, eta tamaina ertainekoa Nafarroa osoari dagokionez. Gai batzuentzat tamaina hori abantaila bat da baina eremu batzuetan oraindik egitura bat behar dugu.
Zer behar duzue informatika- eta telekomunikazio-gaietan?
IKTen etxeko erabileratik gatoz, eta ANIMSArekin profesionalizazioa bilatzen dugu, segurtasun-arrazoiengatik eta kudeaketa hobetzeko.
ANIMSAren zerbitzuen erabiltzaile izan zarete akziodun egin aurretik?
Ez. ANIMSArekin hasi gara software eta hardware informatikoarekin, eta dagoeneko hitzordua jarri dugu gainerako tresnak ikusteko, ahalik eta gehien laguntzeko helburuarekin.
Zeintzuk dira zure erronkak IKTen arloan?
Gure kudeaketa-prozesuak teknologiaren bidez hobetu nahi ditugu. Orain arte, uharte txiki gisa funtzionatzen genuen, eta, orain, lotura handiagoa izan nahi dugu eremu guztien artean, eta, ANIMSAren laguntzarekin, herritarrentzako zerbitzua ere hobetu nahi dugu, automatizazioaren bidez eta AAren bidez.
Zer espero duzue aurkitzea ANIMSAn?
Hilabete hauetan jada topatu duguna: profesionaltasuna, kudeaketa ona eta laguntza, hori baita askotan toki-erakundeoi falta zaiguna.