ANIMSA

IRUÑAKO UDALTZAINGOAK KUDEATZAILE INFORMATIKO BERRI BAT IZANGO DU ZEREGIN GUZTIAK PLATAFORMA HOMOGENEO BATEAN INTEGRATZEKO

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra Política de Cookies.

ANIMSAk garapen berri honen kontratua kudeatuko du; garapen horri esker, agenteek lehen aldiz sistemarekin interakzioan jardungo dute gailu mugikorren bidez

Iruñako Udalak Udaltzaingoarentzako kudeatzaile digital berri bat martxan jartzeko eskatuko dio Asociación Navarra de Informática Municipal, S.A. (ANIMSA) elkarteari. Kudeatzaile horren bidez, Udaltzaingoak berak sortu dituen edo zereginak betetzeko kontsultatu behar dituen sistemak eta datu-baseak erabili ahal izango ditu. ANIMSAk proiektua idatziko du, baita kudeatzaile berria ezartzeko zuzendaritza-lana egingo ere.

Erakunde publiko honek gaur egungo sistemetako datuen migrazioa gainbegiratuko du, baita udal-sistemekiko eta segurtasun-indarrek erabiltzen dituzten beste kanpo-plataforma batzuekiko integrazioa ere (esaterako, ARCADIA 092rako; Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren garapenak; AVANTIUS espediente judizialak kudeatzeko sistema edo ARENA2 istripuen berri emateko sistema). Horrez gain, horretarako diseinatutako aplikazio baten bidez, agenteek lehen aldiz kudeatzailearekin interakzioan jardun ahal izango dute gailu mugikorrak erabiliz.
Adituak arduratuko dira proiektuari esleitutako langileak trebatzeaz, laguntza-zerbitzu teknikoa eskaintzeaz eta 2024an kontratua amaitzen den arte aplikazioaren mantentze-lanak kontrolatzeaz. Mandatuaren aurrekontua, guztira, 274.800 eurokoa da, programa informatikoa erostea eta produktua berariaz egokitzea barne (produktua garapen testatua izan behar da, eta estatu osoan ezarri). Horrez gain, urtean 18.000 euroko mantentze-gastuak jasoko ditu kontratuak.

Urrats horrekin, Udaltzaingoaren kudeaketa-sistema digitala modu integralean eguneratu nahi da, kidego horretan hasitako aldaketa- eta modernizazio-prozesuen barruan. Kudeatzaile berriari esker, gaur egungo teknologiako aplikazioak, erraztasunak eta sinergiak sartu ahal izango dira. Gogoan izan behar dugu kidegoak jarduera ugari egiten dituela eta informazio asko erabiltzen duela. Adibidez, iaz Iruñako Udaltzaingoak 80.000 trafiko-salaketa eta 9.000 salaketa administratibo jarri zituen, edo Ekintzak Koordinatzeko Zentroan (CECOP) herritarren 203.000 dei baino gehiago jaso ziren.

Kudeatzaile berriaren funtzioak

Kanpoalderantz, kudeatzaileak, Udaltzaingotik kanpoko plataformekiko lotura egokia ahalbidetzeaz gain, Polizia Judizialeko kontuak kudeatzeko aukera ere ematen du (atestatuak, atxiloketak, identifikazioak, kanpo-salaketak, emakumeen eta adin txikikoen aurkako tratu txarrak edo indarkeria, etab.), baita bide-segurtasuneko kontuak kudeatzeko aukera ere (salaketak, atestatuak eta trafikoarekin erlazionatutako delituak, edo ibilgailu-gordailuaren kudeaketa). Baina, horrez gain, polizia administratiboko gaiak integratuko ditu; besteak beste, salaketak, bide publikoan obrak edo jarduerak egiteko baimenak, ibi, azoka eta terrazen kudeaketa, edo animalia edo objektu galduen kontrola.

Barne-ikuspegitik, garapen berriari esker, polizia-jardueraren ikuspegi global eta integratzailea aplikatuta erabili ahal izango da informazioa, gainerako udal-sailekin koordinatuta. Horrez gain, kidegoaren eskumen guztiak homogeneizatuko dira. Izan ere, gaur egun, kudeatzaileak “adabakietan oinarritutako” garapen bat du, eta arazo zehatzak konpontzera bideratutako diseinuak biltzen ditu. Diseinu horiek modu independentean egin dira, eta une desberdinetan, beharrak sortu ahala.

Horrela, garapen berria erabiliz, Udaltzaingoaren langileak eta baliabide materialak kudeatu ahal izango dira, baita polizia-lana planifikatu eta polizia- edo biltegi-kontuak antolatu ere. Txostenak eta estatistikak sortu ahal izango dira, eta irudi-fitxategiak kudeatu (nola argazkiak hala bideoak). Halaber, kudeaketa administratiboarekin erlazionatutako zeregin guztiak integratuko ditu (esaterako, dokumentuen erregistroa, espedienteen kontrola eta telefono-agenda).

Teknologia mugikorrarekin sartu ahal izango dira agenteak

Kudeatzaile berriak gailu mugikorretatik lan egiteko funtzioak eskainiko ditu, eta hori oso garrantzitsua da ikuspegi operatibotik. Horrela, Udaltzaingoak, aplikazio baten bidez, hauek egin ahal izango ditu, besteak beste: herritarren eta ibilgailuen jardunak edo datuak eta aurrekariak kontsultatu, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak ibilgailuei eta haien titularrei buruz duen informazioa atzitu, edo informazio geografikoko udal-sistemaren mapak eta beste datu grafiko eta geoposizionatu batzuk ikusi (esaterako, terrazak eta desgaituentzako aparkaleku-plazak). Halaber, gorabeherak idatzi eta argazkiak erantsi (tokia, esku-hartze mota, auzi-jartzailea, agente jarduleak, tartean diren pertsonak eta ibilgailuak, etab.), edo gertakari salagarriak aurretik konfiguratu.

Agenteen gailu mugikorrez baliatuta, salatutako herritarrek edo beste batzuek salaketa sinatu ahal izango dute, edo Bluetooth bidez inprimatu, edo “helbidea” eremua geoposizionamendu bidezko kokapenarekin bete ahal izango da automatikoki. Halaber, poliziek denbora errealean ikusi ahal izango dituzte www.pamplona.es webgunean online argitaratutako araudiak.