ANIMSA

Nola nabigatu seguruago? ( I. )

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra Política de Cookies.

NABIGATZAILEAK

Interneten sartzeko erabiltzen dugun funtsezko tresna nabigatzailea da. Hainbat daude gure eskura, denak oso ezagunak: Internet Explorer, Firefox, Chrome, Safari, etab.

Pixkanaka-pixkanaka, Interneteko bizitza errazago egiten duten funtzionalitateak hartzen joan dira: bisitatzen ditugun lekuen historia gordetzen dute, idazten ditugun hitzak edo esaldiak osatzen dituzte eta zerbitzuetara iristeko pasahitzak gogoratzen dituzte. Askok, gainera, bilatzaile bat dute, behar dugun hura aurkitzeko lana erraztuko diguna.

Prestazio horiek oso baliagarriak dira, baina kontuan hartu behar dugu erabiltzen diren nabigatzaileak asmo txarreko norbanakoek ere erabiltzen dituztela gure gailuetara iristeko. Horregatik, arriskuak ezagutu behar ditugu eta neurriak hartu behar ditugu teknologiaren onurez modu seguruan gozatzeko.

Pribatutasuna

Nabigatzaileek funtzio asko dituzte Interneteko sarbidea errazteko. Baina hori, batzuetan, oso arriskutsua izan daiteke gure pribatutasunerako:

  • Nabigazio-historia Interneteko gure jarduera osoaren erregistro osoa da. Gure nabigatzailerako sarbidea duen edonork ikusi ahal izango du zer egiten aritu garen eta noiz aritu garen.
  • Gehienetan, web-orri beraiek bisitatzen ditugu eta antzeko gauzak bilatzen ditugu. Horregatik, bilaketa bat tekleatzen dugunean, aurreko beste batzuetan oinarritutako bilaketen hautespena eskaintzen digu nabigatzaileak. Horrek helbide osoak idazteko lana aurrezten digu, baina iradokizun horiek beraiek eskainiko zaizkio gure nabigatzailea erabiltzen duen edozein pertsonari, eta horrek arrastoak emango dizkio gure portaerari eta lehentasunei buruz.
  • Interneteko gero eta zerbitzu gehiagok eskatzen dituzte erabiltzaile-izena eta pasahitza sartu ahal izateko. Nabigatzaileak horiek gogoratzeak esan nahi du gure nabigatzailerako sarbidea duen edonork ordezka dezakeela gure nortasuna gune horietan guztietan.
  • Sare sozialetan sartzen garenean (Google+, Facebook, Twitter, etab.) ‘eduki saioa irekita’ aukera hautatzen badugu, ez da nahikoa izango orria ixtea saioa amaitzeko. Gure nabigatzailearekin sare horietan sartzen den edonork izango du gure profilerako sarbidea.

Pribatutasun-arriskuak mugatzeko, nabigatzaile nagusietan dauden nabigazio pribatuko fitxak erabil ditzakegu. Nabigatzaileak guri buruz biltegiratzen duen informazioa murrizten dute horiek, esaterako, historia, cookieak edo aldi baterako fitxategiak, eta hori oso baliagarria da ordenagailu publikoetan nabigatzen dugunean.

Osagarriak eta pluginak

Osagarri edo luzapenak gure nabigatzaileetan eraginkorrago egiteko instalatzen diren elementuak dira eta funtzio espezifikoez arduratzen dira: bilaketa-barrak, beste zerbitzu batzuekiko integrazioa, pop-upak blokeatzea, etab.

Osagarri horietako batzuek, ordea, asmo txarra izan dezakete: gure ohiturei buruzko informazioa biltzea edo iragarkiak txertatzea. Oro har, hori isilpean egiten da doako aplikazioak instalatzean, eta, horregatik, garrantzitsua da instalazio-aukerak berrikustea.

Kontuz ibili behar da jakin gabe instalatuta ditugun nabigatzaileei lotutako zenbait aplikaziorekin ere (pluginak): Java, Flash, bideo-erreproduzigailua, etab.  Horietako asko gure ordenagailua kutsatzeko sarbide gisa erabiltzen dira izaten dituzten segurtasun-hutsegiteengatik.

Cookieak

Cookieak nabigatzaileek ordenagailuan biltegiratzen dituzten fitxategi txiki batzuk dira eta erabiltzaileak bisitatutako web-orriei buruzko datuak gordetzen dituzte.

Informazio horretan egon daitezke aukeratutako hizkuntza edo bistaratzea, kontsultatutako edukia, erabiltzaile baten saio-identifikatzailea edo sarbide-egiaztagiriak. Nabigazioa errazteko balio dute, baina, gorde ondoren, informazioak beste xede batzuetarako balio dezake.

Gaur egun, cookieen erabilera onartzeaz gain, ez dugu aukera handirik erabiltzaile arruntarentzat. Desaktibatzen baditugu, baliteke zerbitzu batzuek behar bezala ez funtzionatzea. Dena den, aldian-aldian ezabatu daitezke.

Eguneratzeak

Nabigatzaileek segurtasun-hutsegiteak izan ditzakete, eta hutsegite horiek asmo txarreko norbanakoak gure informazioa eskuratzeko edo gure gailuen kontrola hartzeko sarbidea izan daitezke.

Horregatik, eguneratuta eduki behar ditugu, ahal izanez gero eguneratze automatikoak aukeraren bitartez. Funtzionalitate hori nabigatzaile nagusiek dute.

Azken aholkuak

Interneten nabigatzea ez da liburu bat irakurtzea edo aldizkari bat gainetik irakurtzea bezala. Kontu handiz ibiltzen ez bagara, hainbat arrisku ditugu: informazio-lapurreta, pribatutasuna galtzea edo galera ekonomikoa, beste batzuen artean.

Beraz, teknologiaren onurak baliatu nahi baditugu arriskuan ibili gabe, neurri batzuk hartu behar ditugu nabigatzeko orduan:

  • Pasahitzak gogoratzeko aukera ekidin.
  • Saioak ixteko ‘saioa itxi’ edo ‘logout’ aukera erabili, besterik gabe leihoa itxi beharrean.
  • ‘Saioa irekita eduki’ aukerari marka kendu sare sozialetan edo posta elektronikokozerbitzuetan saio bat hasten denean, bereziki ekipamendu partekatu batean ari bagara.
  • Aldian behin, instalatutako osagarriak eta luzapenak berrikusi. Ospe ona dutenak eta nabigatzaileen orrialde ofizialetan eskainitakoak soilik instalatu.
  • Ekipamendu partekatu edo publikoetan ‘pribatuan’ nabigatzeko aukera erabili.
  • Web-orrien egiaztatzailea instalatu, antibirus nagusi gehienek eskaintzen dutena.
  • Gure pribatutasuna babestu, nabigatzaileari informazio sentikorra gordetzeko aukera ematen dioten aukerak saihestuz.
  • Gure nabigatzaileak eskaintzen dituen doikuntza-aukerekin ohitu.
  • Nabigatzailea eguneratuta eduki.
  • Adi egon eta web-orri susmagarriak ez bisitatu.

Nabigatzaileei buruzko informazio gehiago.

https://www.adslzone.net/2014/09/17/comparativa-de-navegadores-web-chrome-firefox-safari-e-internet-explorer/