ANIMSA

Kontuz!!! Eguberrietako kanpaina… baita eraso eta birus informatikoen arloan ere.

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra Política de Cookies.

Teknologiak aurrera egiten du: mugikor hobeak ditugu, tabletak, bankuan sartzen gara internetetik… Baina, halaber, ospe txarreko informatika-programen mehatxuak eta gaitasunak ere egunetik egunera berritzen dira informazioa ebatsi eta etekinen bat lortzeko.

timosEguberrietan, areagotu egiten dira internet bidez egindako erasoak eta iruzurrak. Beharbada gero eta gehiago fidatzen garelako, beharbada sareen bitartez gero eta erosketa eta transakzio gehiago egiten ditugulako, beharbada erlaxatzen garelako; kontua da jakitun izan behar dugula inguruan ditugun mehatxuez, haietan ez erortzeko.

Hona hemen iruzur-iturri nagusietako batzuk, ziberdelitugileek eta lapurrek gaur egun gehien erabiltzen dituztenak.

Karitateko iruzurrak.

Iruzurgilea karitateko erakunde baten ordez aritzen da, eta dohaintzak eskaintzen ditu egoera jakin batzuetan laguntzeko: hondamendi naturalak, eraso terroristak, gaixotasunak, edo ama zein seme-alaba gaixo batzuei laguntzeko. Batzuetan, ospe handiko beste erakunde batzuen logotipoak ere erabiltzen dituzte. Maiz gertatu dira Katrina urakana, 2004ko tsunamia, minbiziaren aurkako borroka, HIESa eta halakoak direla medio.

Loteria saltzea internet bidez.

Bi abantaila ekartzen ditu Eguberrietako loteria-dezimoak internet bidez erosteak: ez da ilararik egin behar administrazioen aurrean eta erosleak bere dezimoaren zenbakia edo haren bukaera aukera ditzake. Halere, loteria sarean erosiz gero, iruzurraren biktima izateko arriskua dago.

Estatuko Loteria eta Apustuen webgunea euskarri nagusia da loteria-dezimoak erosteko orduan, baina badira beste webgune asko zerbitzu hori eskaintzen dutenak, eta hor dago iruzurra egoteko arriskua. Honako hauek hartu behar dira kontuan segurtasunez erosteko:

1. Egiaztatu billetea benetakoa dela. Horretarako, begiratu behar da billeteak hura jaulki duen entitatearen zigilua ote duen.
2. Ez fidatu ustez ongintzazko entitateen partizipazioen salmentarekin. Iruzurrak izan daitezke oso prezio merkeak badira (4 edo 5 euro inguru), eta beste kontu batzuk ere aztertu behar ditugu, besteak beste, ea billetean partaidetzaren zenbateko osoa ageri ote den, ongintzako zer erakundetara edo kausatara bideratzen den dirua, baita dezimoaren zenbakia ere.
3. Ziurtatu webgune seguru baten bitartez erosten duzula. Segurua bada, giltzarrapo edo giltza bat agertuko da orriaren beheko aldean, eta estekan “s” bat agertuko da erosketa egiten den unean (https//www…).
4. Gorde mezu elektronikoak eta egin pantaila-argazkiak. Gomendagarria da loteriaren erosketari lotutako mezu guztiak gordetzea eta pantaila-argazkiak egitea prozesuan zehar, bereziki webguneak ordainketak baieztatzen dituenean.

WhatsApp bidezko iruzurrak.

Bat-bateko mezularitzaren aplikazio mugikorraren arrakasta lagungarria izan da iruzur berriak ere ager daitezen. Horrela, ‘check urdin’ polemiko hura sartu zenean, iruzur bat zabaldu zen Twitter bidez: gure telefono-zenbakia sartuz gero, funtzionaltasun hori desaktibatzeko aukera zegoen. Gure terminalean ‘malwarea’ sartzeko modu bat zen, egin gabeko zerbitzuengatik tarifak kobratzeko. FACUA kontsumitzaile-erakundeak ere alerta bat zabaldu zuen: SMS bat bidali zen modu masiboan, WhatsApp bidez haiekin harremanetan jartzeko eskatzen zuena. Erantzunez gero, zenbateko handi bat kobratzen ziguten fakturan, SMS Premium-eko zenbaki bat baitzen, eta ez zenbaki arrunt bat.

Kreditu-txartelaren bidezko iruzurrak.

Webguneak sortzen dituzte, benetakoak itxuraz, inon ez diren ondasunak benetako balioan baino askoz merkeagoan saltzeko, hala nola kontzertu, ikuskizun, edo kirol-ekitaldietarako sarrera faltsuak, jantziak edo material elektronikoa, besteak beste. Kreditu-txartel bidez ordaintzen da. Halako kasuetan bi gauza gerta daitezke: artikulua ordaintzea eta sekula ez jasotzea edo gure kreditu-txartelaren datuak ebastea gure izenean erosketak egiteko. Ez fidatu inoiz oso prezio merkeak dituzten produktu garestiak ikusten badituzu, eta aktibatu alarmak, egun hauetan bereziki.