ANIMSA

GAUR GUREKIN SOLASEAN… ISAAK VALENCIA ALZUETA

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra Política de Cookies.

Isaak Valencia Alzueta, Altsasuko Udaleko idazkaria.

  1. Nafarroako toki-erakundeetan behin baino gehiagotan hitz egin da Administrazio Elektronikoa ezartzeaz, baina oraindik batzuk mesfidati dira. Nola egin dio aurre aldaketari Altsasuko Udalak? Zer izan da zailena, eta zer edo nor erabili duzue gida gisa orain zaudeten tokiraino iristeko?
    Ia behar bat balitz bezala ezarri dugu Administrazio Elektronikoa, iazko martxoko konfinamenduaz geroztik garbi geratu baitzen beharrezkoa zela. Ordura arte, zenbait saiakera egin genituen, baina, gauza bat eta beste, ez genuen guztiz martxan jartzea lortzen. Konfinamendua inflexio-puntua izan zen, eta esan genezake beharra bertute bihurtu dugula.

Hala ere, oraindik batzuek uste dute lehengoa hobea zela eta ez dituzte garbi ikusten bitarteko elektronikoekin lan egiteak dauzkan abantaila garbiak, ez bakarrik barne-funtzionamenduari                dagokionez, baizik eta, batez ere, herritarrei dagokienez. Zailena, hain zuzen ere, aldaketaren beldurrari aurre egitea izan da.

  1. Esan al dezakegu “gerra deklaratu” diozuela paperari?
    Bai, zalantzarik gabe. Esan genezake “papera” bigarrena mailan geratu dela.
  2. Nolakoa izan da barne-aldaketa? Une honetan, nola zaudete?
    Zaila izan da, eta hala da oraindik ere, langile guztiek asko inplikatu behar dutelako, bereziki guztia aurrera eraman behar dugunok. Zalantzarik gabe diot azken 20 urteetan Udalak izan duen antolaera-aldaketarik handiena izan dela.
    Gainera, prozesua ez da inoiz amaitzen, eta etengabe aldatuz doa. Gure kasuan, hainbat etapatan gauzatu dugu prozesua. Hasiera batean, erakundeko ekipamendu informatikoa eta komunikazio-sareak aztertu genituen. Gero, egin beharreko inbertsioak egin genituen (ekipoak berritzea, zerbitzaria aldatzea, softwarea eguneratzea, konexioak hobetzea…). Eta, amaitzeko, Egoitza Elektroniko berria, espedienteen kudeatzailea, sinatzailea… jarri genituen martxan.
    Une honetan, Altsasuko Udalean Administrazio Elektronikoa ez dago sail guztietan berdin ezarrita: batzuek aurrerapen handia izan dute (esaterako, Ogasuna), eta beste batzuek, berriz, oraintxe amaitu dute prestakuntza-fasea, eta, ondorioz, ezarpen-maila txikiagoa da. Hala ere, prozesu horri esker, beste esparru batzuetan hobetu ahal izan dugu; esaterako, dokumentuen normalizazioa, eta prozeduren azterketa.
  3. Datuen arabera, bide zuzenetik al zoazte? Ba al dago argirik tunelaren amaieran?
    Bai, noski, baina dirudiena baino luzeagoa da tunela eta, batzuetan, amaierarik ez duela dirudi. Indar handiz ekin diogu urteari, eta espediente ugari ari gara elektronikoki tramitatzen, baina hobetu beharreko gauza asko daudela ikusi dugu, bai barruko prozesuetan eta kudeaketa-aplikazioetan, bai beste administrazio batzuekiko harremanetan. Edonola ere, garbi dago bide horrek ez duela atzera-bueltarik, eta, hasieran mesfidantza nagusi izan zen arren, orain inork ez luke paperera itzuli nahi.
  4. Zuen ustez, nola ikusten dute aldaketa herritarrek?
    Nire ustez, positiboki ikusten dute, nahiz eta herritar askorentzat Administrazio Elektronikoa oraindik ezezagun samarra izan eta aurrez aurreko arrera eskatu. Hor, Udalak proaktiboagoa izan behar du, eta dibulgazio-lana egin, bereziki gazteagoen artean.
  5. Zuen ustez, pandemia nolabait “onuragarria” izan da Administrazio Elektronikoa ezartzeko? Alegia, hura bultzatzera behartu du, herritarrek maizago erabili behar izan baitituzte bitarteko telematikoak.
    Ez dago zalantzarik pandemiak Administrazio Elektronikoa ezartzeko prozesua sustatzeko balio izan duela, bai administrazioarentzat, bai herritarrentzat. Denok jabetu gara ez geundela prest bitarte elektronikoen bidez harremanak izateko. Administrazio Elektronikoa indarrean jartzeko epeak luzatuz zihoazen legeek lortu ez dutena pandemiak kolpe batez lortu du.
  6. Zer aholku edo gomendio emango zenizkiekete beste toki-erakunde batzuei Administrazio Elektronikoa behar bezala ezarri ahal izateko?
    Administrazio Elektronikoa behar bezala ezartzeko, langile guztiek inplikatu behar dute, baina apustu politikoa ere izan behar da. Horretarako, denbora eta bitartekoak behar dira, bai teknikoak, bai ekonomikoak. Merezi du ahaleginak, baina beti ez dira lortzen emaitzak epe motzera. Administrazio Elektronikoa ezarri bitartean, gainera, ordura arte egiten zena ere aztertu behar da, eta eraginkorragoak izaten saiatu.