ANIMSA

GAURKO SOLASALDIAN…

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra Política de Cookies.

Yolanda González Vianako alkateak eta Estefanía Tudanca udaleko ofizial administrariak.

“UDALBATZAREN BILKURAK TELEMATIKOKI EGITEN JARRAITUKO DUGU”

VIANAKO ALKATEAK EZ DU ZALANTZARIK. GAINERAKO TOKI ERAKUNDEEK ETA, ORO HAR, GIZARTE OSOAK BEZALA, VIANAKO UDALAK ERE EGOKITU BEHARRA IZAN ZUEN GURE BIZIMODUA HANKAZ GORA JARRI DUEN BIRUS HONEK ERAGINDAKO EGOERAREN AURREAN.

ITXIALDIAK IRAUN ZUEN HILABETEETAN, VIANAKO UDALAK TELEMATIKOKI EGIN ZITUEN UDALBATZAREN BILKURAK.

Toki Erakundeek –horiek izango baitira gaurko elkarrizketaren ardatz– ahalegin eraldatzailea, irudimentsua eta, bereziki, arretatsua egin behar izan dute herritarrak leialki artatzen jarraitzeko.

Horren adibide garbia da Vianako Udala. Egun batetik bestera, arduraz jokatuz, eta, zergatik ez esan, ausardiaz, udalbatzaren bilkurak telematikoki egiten hastea erabaki zuten, nahiz eta hori guztiz pentsaezina izan zenbait hilabete lehenago.

Maiatzaren 21ean egin zuten lehen bilkura telematikoa.

Yolanda González Vianako alkateak eta Estefanía Tudanca udaleko ofizial administrariak azalduko digute nolakoa izan den esperientzia.

 

 

  • Zergatik erabaki zenuten bilkurak telematikoki egitea, nahiz eta beste udal batzuetan bilkura presentzialak egiten jarraitu?

Y.G: Egoera normalizatu beharra zegoen, eta udalbatzak bilkurak egiten jarraitzea herritarrei normaltasun-irudi bat helarazteko modu ona zen. Ezin genuen udalaren jarduera eten, eta udalbatzaren bilkurak funtsezkoak dira. Gure bilkura-aretoaren ezaugarriak zirela-eta, ez zen segurua bilkura presentzialak egitea, eta, gainera, arduratsuak garela erakutsi nahi genien herritarrei; hori horrela, bilkura telematikoak aukera egokiena zirela iruditu zitzaigun.

 

  • Behin bilkura telematikoak egingo zenituztela erabakita, zer urrats egin zenituzten horiek prestatzeko?

Y.G: Lehenbizi, merkatuko hainbat soluzio ikusi genituen, baina ez genuen aurkitzen konponbide eraginkorrik emango ligukeenik.

E.T: Lehenengo bilkuraren bezperan, ANIMSAra deitu nuen, laguntza eskatzeko, eta argia egin zitzaigun. Haiekin solasean egon ginen tarte batez, eta, berehala, antolatuta zegoen dena. Ezarpena bikain atera zen, inolako arazorik gabe.

 

  • Nola bizi izan dute aldaketa hori zinegotziek?

Y.G: Hasieran, adi-adi eta egin behar zenerako prest zeuden guztiak; konexioekin edo terminalen akatsen batekin lotuta sortutako arazo txikiak alde batera utzita, ongi egokitu ziren zinegotziak. Errezelo bat edo beste izan zen taldeen artean segurtasun juridikoa eta aldaketa zirela eta, baina besterik ez.

 

  • Nola konpondu zen udalbatzaren bilkuren segurtasun juridikoa ziurtatzeko beharra; hau da, segurtasun juridikoa, udalbatzako kide guztien parte-hartzea eta eztabaidaren eta bozketen baliozkotasuna bermatzeko bitartekoak izateko beharra?

Y.G: Planteamendua bera da lehenengo bermea. Pantaila baten bidez ikusten dugu elkar, baina prozedura osoa modu presentzialean egiten den prozedura bera da. Saioa hasi baino lehen, parte-hartzaile guztiak identifikatzen ditu idazkariak, eta nazio-lurraldean dauden galdetzen die, legezko eskakizuna baita hori. Zinegotziek hizpidea eskatzen dute, nahi dutena adierazten dute, berme berekin bozkatzen dira gaiak… Ez dago inolako arazorik, ez legezkotasunarekin ez parte-hartzearekin lotutakorik.

E.T: Idazkariak bideoak izenpetzen ditu, eta plataforman betiko esekitzen dira, berme osoz. Gainera, herritarrek zuzenean ikus ditzakete saioak.

 

  • Nola lagundu du ANIMSAk prozesu horretan?

Y.G: Edozein arazo sortu, eta mundua gainera eroriko zitzaigula uste genuenean, ANIMSAra deitzen genuen, eta berehala ematen ziguten erantzuna, prestutasun osoz; edozein ordutan ematen ziguten behar genuen irtenbidea.

E.T: Arazo teknikoak bagenituen, soinua akoplatzen bazitzaigun edo estalduarekin arazoak bagenituen, adibidez, eta ez bagenekien zer egin, telefonoa hartu, eta ANIMSArekin hitz egiten genuen. Haiek, arazoa hauteman, eta irtenbide bat ematen ziguten berehala. Sekulako laguntza eman digute, baldintzarik gabekoa.

 

  • Nolakoa izan da bilakaera, arazo txikiz betetako hasiera horretatik bilkura telematikoen funtzionamendua menderatuta duzuen une honetara arte?

E.T: Probatzea izan da kontua; akatsak egin, berriz hasi, eta ikastea. Lehenengoa ongi atera zen, eta, bitxia bada ere, gero hasi ziren arazo txikiak agertzen. Bideokonferentziako tresnak

ongi funtzionatu du hasiera-hasieratik. Udalean ez dugu inoiz grabatzeko arazorik izan, bai, ordea, saioa udaletxeko bideo tresnarekin bidez emateko.

Y.G: Bilkura grabatzeak arduratzen gintuen gehien, gero sinatu egin behar baitzen grabazioa, eta inoiz ez dugu arazorik izan horretarako.

 

  • Bilkurak telematikoki egiten jarraitzeko asmoa al duzue?

Y.G: Oraingoz, garbi dut bilkura telematikoekin jarraituko dugula; osasun-egoera honetan gauden bitartean, ez dut bilkura presentzialik deituko, inor arriskuan ez jartzeko. Abantaila gehiago ikusten dizkiet bilkura telematikoei desabantailak baino; bikain funtzionatzen dute, eta seguruak dira, ikuspegi teknologikotik zein juridikotik. Herritarrentzat, jarrera arduratsuaren eredu dira; kontuan hartu behar da udalak zer irudi ematen duen, eta herritarrek ikusi behar dute guztion osasuna zaintzeaz arduratzen garela, eta osasun-alorreko arau guztiak betetzen ditugula.

 

  • Nola bizi izan dute herritarrek aldaketa?

Y.G: Oso ongi onartu dute; askok diote nabarmen erosoagoa dela, eta errazagoa dela saioak horrela ikustea. Jendeari gustatu zaio, eta ikusleak izan ohi ditugu.

E.T: Inor ez da kexatu.

 

  • Inoiz pentsatu al zenuten hain aldaketa handia egin beharko zenutela egun batetik bestera?

Y.G: Ez. Azken Gabonetan esan izan baligute martxoan nola egongo ginen, ez genuen sinistu izango. Oraindik asko dugu egiteko, baina asko ikasi dugu, hainbat gauza egin ditugu, eta egunez egun egokituz joan gara oso modu arinean.

 

  • Orduan, irtenbide digitalak irauteko iritsi al dira?

Y.G: Baietz uste dut. Gauza bakoitzak duen alde onena eta positiboena hartu behar da. Askoz ere lehenago egin behar genuen aldaketa hori; bada, egoera honek prozesu hori bizkortzeko balio izan du. Gauza bera gertatzen da telelanarekin ere; bikain funtzionatzen du, eta aurrerapauso handiak eman ditugu arlo horretan.

E.T: Oso-oso bizkor egokitu gara bilkura telematikoetara eta telelanera. Duela zenbait hilabete, ezin genuen imajinatu ere egin horrelako egoerara bat biziko genuenik, baina bikain funtzionatu du guztiak. Telelanaren alorrean ere izugarri lagundu digu ANIMSAk. Urruneko konexioak eman zizkiguten, eta ederki funtzionatu dute. Ordenagailuak erosi genituen, eta, gaur egun, gure langile askok etxetik lan egiten jarraitzen dute, eta oso ondo erantzuten ari dira.

Y.G: Gainera, pixka bat alboratuta genituen gai batzuei aurre egiten ari gara, hala nola lana eta familia-bizitza uztartzeko ahaleginari. Bestalde, ziur nago askok lan eraginkorragoa egiten dutela etxetik, udaletxetik bertatik baino.

 

  • Bilkuretarako erabiltzeaz gainera, beste ezertarako erabiltzen al duzue bideokonferentziako tresnak

Y.G: Bai, bilerak egiteko, esaterako. NUKFen bileretarako, adibidez, bideokonferentziako tresnak bidez egiten dituzte deialdiak ia denek.

 

  • Zenbat kostatu zaio Vianako Udalari irtenbide hau?

Y:.G Ezer ere ez. Inbertsioa oso-oso txikia izan da –ia batere inbertsiorik ez dela egin ere esan genezake–, eta irtenbidea, berriz, erabakigarria izan da.