ANIMSA

Gaurko solasaldian…

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra Política de Cookies.

Begoña Alzugaray Lecuona eta Izaskun Etxeberria Larburu, Lesakako Udaleko langileak; Administrazio Elektronikoaren ezarpenari buruz aritu gara haiekin, eta, zehazki, txosten elektronikoaren ezarpenari buruz.

Betebehar bat dela alde batera utzita, Lesakako Udalean nola egin diozue aurre administrazio elektronikoa ezartzeari?

Begoña Alzugaray. Oro har, hagitz modu positiboan eman diogu aurpegi. Gure kasuan, bereziki baliagarri suertatu zaigu txosten elektronikoa ezartzea; izan ere, guretzat oinarrizko tresna da Udalaren funtzionamendurako.

Izaskun Etxeberria. Hala da. Nik azpimarratuko nuke garrantzitsuena izan dela Udalak %100ean egin duela administrazio elektronikoa ezartzearen alde, eta, hala, ez da inposizio gisa bizi izan, baizik eta hemen lan egiten dugunok hartan sinetsi eta haren alde egiten dugula.

Orain dela zenbait urte, toki-erakundeek erabiltzen duzue gehien Txostenen Kudeatzailea. Zein da arrakastaren gakoa? Tipifikazioa funtsezkoa da hura behar bezala ezartzeko?

Begoña Alzugaray.  “Tresnaren barrenak” ikasi izana arrakastaren zati garrantzitsua izan da, eta horrek lagundu egin digu, batetik, espediente-mota guztiak sortzen, eta, bertzetik, dituen aukerez ohartzen. Kudeatzailea gure beharretara egokitzeko, niretzat, funtsezkoa izan da jakitea probak egiten ahal ditudala eta, zerbaitek funtzionatzen ez badu, gibelera egiten ahal dudala.

Izaskun Etxeberria. Aldez aitzineko lan bat egin zen eta, horri esker, errazagoa izan zen kudeatzaileak eskaintzen dituen aukerak aldatzea eta aprobetxatzea. Aitzinetik egindako lan horri esker, ez dugu jasan behar izan gauza berri bati aitzin egitean sortzen den bertigoa.

Begoña Alzugaray.  Gainera, nik azpimarratuko nuke beti izan dugula ANIMSAren babesa edozein zalantza izan dugularik.  Horri dagokionez, babes handia sumatu dugu beti.

Alde handi samarra dago bertze aplikazio eta tresna batzuekin, horietan Madrildik eman behar baitigute laguntza eta ez da hain erraza izaten haiekin harremanetan jartzea.

Zer lehentasun izan dituzue prozedura horiek ezarri behar izan dituzuenean?

Begoña Alzugaray. Hasteko, une hartan gehien erabiltzen ziren txostenak tipifikatu genituen, hau da, obra txikiak, oihan-probetxamenduak, lan-txostenak, uztondoak erretzea…   Orain, poliki-poliki txosten gehiagotara hedatzea da asmoa eta, azkenean, papera erabat desagerraraztea.

Izaskun Etxeberria.  Hori lortzeko, beharrezkoa da udal-langileek espedienteak tipifikatzea bultzatu eta horren alde egitea, eta haren ezarpenari ahalik eta probetxu handiena ateratzea. Eta, erran dudan bezala, Udal honetan, zorte handia izan dugu, hemen lan egiten dugun guztiok haren alde egiten dugulako.

Batzuetan, barne-erresistentziak topatzen dira lan-prozedura berriak eta aplikazio berriak ezartzean. Nola hauteman duzue aldaketa hori erakundean bertan?

Izaskun Etxeberria. Gure Udalean, arloen artean elkarlanean aritzea da gure lan-kultura. Gure udalerria ez da hagitz handia, ezta hagitz ttikia ere; beraz, hagitz erraza da elkarlanean aritzea, eta ez dugu horrelako erresistentziekin egin topo.

Begoña Alzugaray.  Zalantzaren bat badugu, gure artean moldatzen saiatzen gara. Jeneralean, badago norbait egoera bera pasatu duena, eta, horregatik, saiatzen gara ideiak partekatzen.

Zein dira txostenen kudeatzailearen indarguneak eta zuen ustez hobetu beharreko alderdiak?

Izaskun Etxeberria. Kudeatzaile horrek malgutasun handia du. Tipifikazioa egitean, ikusi egiten ahal da txosten bakoitzean segitu beharreko pausoak. Gure beharretara egokitzen da, baina, hobekuntzaren bat proposatzekotan, malgutasun handiagoa nahi genuke erregistratutako txostenari dokumentazioa eransteko.

Begoña Alzugaray. Tresna hagitz bisuala da eta, azkenean, denbora aurrezten laguntzen digu orain dela urte batzuk egin behar genuenarekin alderatuz gero, paperezko txostena bilatzen ibili behar izaten baikenuen…  Gainera, onurak ez dira guretzat bakarrik, lanaren eta herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetzen baita.

Zuen ustez, herritarrak ohitura hartzen ari dira Udalarekin harreman telematikoak izateko?

Izaskun Etxeberria  Oraingoz, herritarrek begiz begi aritzea nahiago dute. Eta are gehiago denek elkar ezagutzen duten erakundeetan, gurean, konparazio baterako. Halarik ere, administrazio elektronikoa sustatzea da gure xedea. Administrazioek bulkatu behar dugu aitzinera.

Begoña Alzugaray. Gero eta ohikoagoa da herritarrek aplikazioak erabiltzea (webgunea, konparazio baterako), hurbilago suertatzen zaielako. Webgunea argitaratu genuenean, herritarrentzako aurkezpen-saio bat egin genuen, eta, han, haren aukera guztiak azaldu genituen; beharbada, gauza bera egiten ahal zen bertze aplikazio batzuekin, hala nola egoitza elektronikoarekin.

Izaskun Etxeberria.  Oraindik ere, badago nolabaiteko mesfidantza, eta hori aldatu behar genuke, baina, erraten nuen bezala, geronek bulkatu behar dugu haren erabilera, eta horretan ari gara. Adibidez, Udalean faktura guziak formatu elektronikoan aurkezteko eskatzea erabaki zenetik, oso gutti aurkezten dira paperean.  Hori bai, guk eskatzen badugu tresna bat erabiltzeko eta herritarrak hura erabiltzera behartu, tresnak funtzionatu egin behar du.

Zuen ustez, noizbait ere hasiko gara Administrazio Elektronikoa administraziotik kanpo eta bereizita dagoen kontutzat ez jotzen?  

Izaskun Etxeberria. Gure ustez, Udalarekin harremanak izateko modu desberdin bat da, bertzerik ez; baina administrazio bera izaten segitzen du.

Begoña Alzugaray. Azaltzea eta kontzientziatzea dira gako, herritarrek ikus dezaten Udalarekin harremanak izateko modu bat bertzerik ez dela baina Udala bera dela.