ANIMSA

Gaurko solasaldian… Eduardo Tuñón Gonzalo

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra Política de Cookies.

Eduardo Tuñón Gonzalo, ANIMSAko Aplikazioen Zuzendaria

  1. 2020a urte zaila izan dela inork ez du zalantzan jartzen. Hala ere, balio izan al digu COVIDak toki-erakundeek digitalizazioaren, segurtasunaren, elkarreragingarritasunaren eta abarren arloan dituzten gabeziak eta zailtasunak agerian jartzeko eta, horrela, horiei hobeto aurre egiteko gai izateko?

Konfinamenduak eta edukierak murrizteak, eta horiekin batera herritarrei zerbitzua ematen jarraitzeko beharrak, Administrazio Publikoak premiaz eta ezinbestean arreta teknologian oinarritutako irtenbideetan jartzera behartu ditu. Eta, gertatu ohi den bezala, batzuk beste batzuk baino hobeto prestatuta zeuden; eta irtenbide batzuk beste batzuk baino helduago zeuden. Errealitate teknologiko berrietara egokitzeko prozesuan murgilduta gauden arren, paperaz eta aurrez aurreko arretaz iraganeko zerbait bezala hitz egitea ez da errealista; eta pandemiak modu irmoan erakutsi digu hori. Orain, udal bakoitzak, enpresa bakoitzak, erkidego bakoitzak, bere larruazalean egiaztatu du zein hurbil edo urrun zegoen irtenbide idiliko horretatik, eta zer nolako etekina atera dion orain arte egindakoari. Puntu horretatik aurrera, gogoeta egin behar dugu, ikasi, eta, ahal izanez gero, erabakitasun handiagoz jarraitu.

  1. Zer ekarpen egin diezaioke ANIMSAk Nafarroako toki-erakundeen eraldaketa digitalari eta, zehazkiago, 2030 Nafarroako Estrategia Digitalaren helburuei? ANIMSAren esperientzia funtsezko faktorea al da eraldaketa hori behar bezala egin ahal izateko?

Urteak dira eraldaketa digitalaz hitz egiten dela, baina toki-erakunde guztiek ez dituzte horretarako behar diren baliabideak. Ezin da zerbitzu elektroniko egokirik eskaini zerbitzari eguneraturik gabe, abiadura handiko komunikaziorik gabe, informazioa modu seguruan partekatzen eta berrerabiltzen duten aplikaziorik gabe, eta administrazio publikoko langileei eta herritarrei prestakuntza eta euskarri egokia eman gabe.

Baina baliabide fisikoez gain, prozesuak denbora, ahalegina, dedikazioa eta epe luzerako koordinazioa eta gidaritza behar ditu, toki-erakunde gehienek beren kabuz lor dezaketenaz haratago. 2030 Nafarroako Estrategia Digitalak horiei guztiei kalitatezko zerbitzu digitalak eskaintzeko aukera emango dien erreferentzia-esparrua izan behar du.

Eta legegintzaldiak gainditzen dituen egoera honetan, teknologia oso azkar aldatzen den honetan, ANIMSAk funtsezko eginkizuna du. Toki-erakundeen beharrizanak eta lan egiteko moduak zein diren badakielako; teknologiak talde tekniko kualifikatuak behar dituelako; eta Nafarroako toki-erakundeei modernizazio eta eraldaketa digitaleko prozesuetan laguntzeko eginkizuna duen enpresa publikoa delako.

  1. ANIMSAk 35 urte daramatza Nafarroako toki-erakundeei modernizazioan eta eraldaketa digitalean laguntzen. Azken urteotan egoera erabat aldatu da. Zein izango dira paradigma berri honen gakoak?

Duela gutxira arte, teknologiaren gaitasunak ez zigun aukerarik ematen erakundeetatik bertatik ateratzeko, eta modernizazioa barne-errendimendua hobetzeko eta udal-langileen lana errazteko modu gisa ikusten zen. Duela 10 urte pasatxotik, arreta herritarrengan, administrazioen arteko informazio-trukean, teknologia gauza gehiagotarako aprobetxatzean dago jarrita; komunikazio-sistema hobeetan, esponentzialki hazten ari diren konputazio-gaitasunetan eta gero eta zorrotzagoa den eskaera sozialean oinarrituta. Eta egoera berri horiek erronka berriak dakartzate, hala nola informazioaren segurtasuna eta intimitaterako eskubidea, edo portaerak aurreikusteko eta horren arabera jarduteko gaitasunaren erabilera etikoa.

  1. Nortzuk izango dira funtsezko eragileak eraldaketa honetan?

Lehenik eta behin, zalantzarik gabe, pertsonak. Pertsona kontzientziatuak eta arduratsuak; batzuetan langile publiko gisa jardungo dutenak, beste batzuetan herritar gisa, beste batzuetan presio-elementu gisa, eta beste batzuetan erabakitzeko elementu gisa. Teknologia tresna da, baina zertarako erabiltzen dugun, zein erritmorekin ikasten dugun erabiltzen eta zein asmorekin ikasten dugun erabiltzen geure esku baino ez dago.

Bigarrenik, komunikazioen hobekuntza. Hobekuntza horrek gure lan egiteko modua eta informazioa eskuratzeko eta trukatzeko modua aldatzeko aukera emango du; eta kudeaketa mugikorra ekarriko du, jendea dagoen leku fisikotik eta Administraziotik aparte. Alde handia dago biztanle, administrazio eta enpresa guztiek banda zabalerako eta 4Grako sarbide merke eta eskuragarria duten erakunde baten eta hori horrela ez den erakunde baten egungo aukeren artean, eta Nafarroako herri askotan ikus daiteke hori oraintxe bertan.

  1. Batzuetan, badirudi herritarrak direla Administrazioaren aurretik daudenak digitalizazioaren arloan. Zure ustez, zer eskatzen dute eta zer behar dute Nafarroako herritarrek arlo horretan? Zer eskain dezake ANIMSAk zentzu horretan?

Arazoa da herritarrek eta Administrazioak teknologia desberdina eta modu desberdinean erabili behar dutela. Adibidez, app bat doan deskarga dezaket, nire datu pertsonalak helburu komertzial batzuetarako edo app hori “oparitzen” didanarentzat interesgarriak diren helburu batzuetarako erabiltzearen truke. Eta programa bat “beta” moduan erabil dezaket, ondo funtzionatzeko bermerik gabe; eta beste batera aldatu aurrekoa gustatzen ez bazait. Horrek malgutasun handia ematen du.

Hala ere, uste dut herritarrek Administrazioari eskatzen diotela zerbitzu sendoak, seguruak, eskuragarriak eta egonkorrak eman ditzala; eta berma dezala informazioa ematen den helbururako baino ez dela erabiltzen. Erosotasuna oso garrantzitsua da, baina Administrazioak egin beharrekoa egiten duela bermatzea da funtsezkoa. Eta oso argi geratu behar du hori ez dela merkea, ezta ezartzen erraza ere. Ildo horretan, ANIMSAk laguntza aditua eta espezifikoa ematen du Nafarroako toki-erakundeek beren beharretara egokitutako teknologia izan dezaten, arrazoizko kostuan eta etengabe.

  1. Zer beharko da proiektu hori aurrera ateratzeko?

Nafarroako toki-erakundeetan asko dago egiteko, maila askotan; eta 2030 Nafarroako Estrategia Digitalak asmo handiko helburuak planteatzen ditu. Nafarroako Gobernuaren laguntza ekonomikorik gabe oso zaila izango da horiek lortzea. Baina beharrezkoa izango da, halaber, ilusioa, konpromisoa, seriotasuna, konfiantza eta lankidetza jartzea; baita erakunde bakoitzari etengabeko jarraipena eta laguntza ematea ere. Urteetan erakutsi dugun bezala, ANIMSAn erronka horri aurre egiteko eta erronka hori gainditzeko prest gaude.

  1. Nolakoa izango da Nafarroako toki-administrazioa 10 urte barru?

Uste dut ordurako digitalizazio- eta elkarreragingarritasun-maila handia lortuko duela, eta erronka berriei eta zerbitzu berriei aurre egiteko prest egongo dela; izan ere, datozen 10 urteetan garatuko diren teknologiek aukera ugari irekiko dituzte maila guztietan. Gaurko eraldaketa da biharko eraldaketaren oinarria, eta ANIMSAn toki-erakundeei laguntzen jarraituko dugu Administrazio Publikoaren zerbitzurako teknologiaren mundu konplexuan.