ANIMSA

Gaurko solasaldian…

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra Política de Cookies.

Julen Jiménez eta Leire Goñi, Murillo el Frutoko Udaleko idazkaria eta administraria.

Duela hainbat egun, Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernando Cirizak azaldu zuen lau urterako plan bat egingo dela 20.000 biztanletik beherako toki-entitateetan administrazio elektronikoa sustatzeko. Nola deskribatuko zenukete Murillo el Frutoko Udalaren egoera alor horretan?

Julen Jiménez. Urtarrilean hasi nintzen lanean udalean, eta bai nik, bai talde osoak ahalik eta lasterrena ezarri nahi dugu administrazio elektronikoa; jabetu gara, dena den, urratsez urrats egin behar dugula. Une honetan, gure lehentasuna da enpresa guztiak modu telematikoan harremanetan jartzea gurekin, egoitza elektronikoa erabiltzea eta faktura guztiak modu elektronikoan bidaltzea.

Leire Goñi. Badakigu beste udal batzuk baino atzeratuxeago gabiltzala eta zaila izango dela herritar guztiak administrazio elektronikoa erabiltzera ohitzea. Alde batetik, langile gutxi daudelako gure entitatean, eta, bestetik, herritar batzuek nahiago dutelako aurrez aurre aritu udalarekin. Hala ere, badakigu gazteak errazago ohituko direla, eta, horregatik, etorkizunari begira lan egiten ari gara.

Hainbat hilabete daramatzazue lan egiten ANIMSAk espediente elektronikoak kudeatzeko duen aplikazioarekin. Nola baloratuko zenukete?

 Julen Jiménez. Tresnak dituen aukerak ikusten ari gara pixkanaka.  Adibidez, txosten juridikoak nola jakinarazi eta nola egin eta abar probatzen ari naiz ni orain. Garrantzitsuena ez gelditzea da. ANIMSArekin dugun loturari esker, tratu pertsonalizatua jasotzen dugu. Gure kasuan, Verónica Azcárate behin baino gehiagotan etorri da gurera aplikazioak konfiguratzen laguntzera, adibidez. Mota horretako ekintzek ematen digute konfiantza.

 Leire Goñi. Egia esan, ez zitzaigun bat ere intuitiboa iruditzen hasieran. Noraezean-edo genbiltzan. Dena den, aplikazioa errutinaz erabiltzen hasi garenean, askoz errazagoa izan da dena. Espediente bat hasieratik amaieraraino ikusteko aukera gustatzen zait gehien niri.

 Esan ohi da ez duela zentzurik toki-entitate txikietan administrazio elektronikoa erabiltzeak, herritar askok, zuek esan bezala, nahiago dutelako udalarekin aurrez aurre aritzea. Zer egin dezakegu iritziz aldatzeko?

 Leire Goñi. Hasieran, ni neu nintzen uzkur horren aurrean. Arazo gehiago soluzio baino emango zituela uste nuen, lan gehiago ekarriko zuela. Baina, azkenean, nola dabilen esaten dizutenean eta aukerak ikusi ahala, abantailez jabetzen zara.

Adibidez, herritar batzuek jaiegun bat eskatu behar dute lantokian udalean tramite bat egin ahal izateko eta, gainera, batzuetan, kontua ezin da egun berean bukatu. Kudeaketak etxetik, edozein ordutan egitearen erosotasuna da, hain zuzen, administrazio elektronikoaren abantaila nagusietako bat, eta hori azaldu egin beharra dago.

Julen Jiménez. Garrantzitsua da hori ezagutaraztea haren onurak erakusteko eta konbentzitzeko.  Adibidez, udalak dituen beste kanal batzuk, hala nola Facebook, udalaren WhatsApp taldea eta/edo udal-bandoa ere, erabil ditzakegu egoitza elektronikoaren bidez zer tramite egin daitezkeen hedatu eta ezagutarazteko.

 Leire Goñi. Beste alde batetik, herritar batzuk konbentzitzea zaila izango bada ere, beste sektore batzuk, aldiz, guk aurrera egitea eskatzen ari dira, hala nola udalerrian bizi ez diren enpresa edo pertsona batzuk.  Eta eskatzen ari dira administrazio elektronikoaren aukerak ezagutzen dituztelako.

Zer abantaila nagusi ditu administrazio elektronikoak herritarrentzat eta entitatearen barruko lanerako?

Leire Goñi. Tramiteak egiteko orduan, erosotasunaz gain, segurtasuna da administrazio elektronikoaren beste abantailetako bat, eskatu duen pertsonarekin soilik egiten duzulako tramitazioa eta dokumentuak galtzen ez direlako.

Julen Jiménez. Barne mailan, denbora aurrezteaz gain, aulkitik altxatu gabe egin dezakegu tramite osoa. Izan ere, inprimatu, eskaneatu, bidali… egin behar genuen lehen. Beste abantaila bat artxibo elektronikoa da. Dugun artxiboa, paperena, antzina-antzinakoa da, 500 urtetik gorakoa. Oso agiri interesgarriak ditu, batez ere historialarientzat, baina, gure egunerokorako, oso lagungarria da artxibo elektroniko eta digitalizatua izatea.

Urruneko Zerbitzuen Zentrora sartu, ez sartu erabakitzen ari zarete. Zer eman diezaioke horrelako zerbitzu batek zuen udalari?

Julen Jiménez. Gure kasuan, udaletxeko instalazioak ez dira egokienak zerbitzari bat izateko. Onena, beraz, zerbitzariaren erroreez kezkatu behar ez izatea izango litzateke, eta, zaharra denez, gero eta usuago gertatzen ari da hori.

Leire Goñi.  Halaber, ez genuke segurtasun-kopiez arduratu beharrik izango. Askoz erosoagoa izango litzateke guretzat, gainera, edozein gorabehera kudeatzea.

Egin dezagun orain zientzia-fikzio pixka bat. Nola irudikatzen duzue Administrazioa 30 urte barru?

 Leire Goñi.  Paper bat ere erabiliko ez duen administrazio bat irudikatzen dut nik.

Julen Jiménez. Etorkizuneko belaunaldiek naturaltasun handiagoz biziko dute administrazio elektronikoa.  Nik uste dut erosoagoa eta errazagoa izango dela dena, administrazioarekiko tramitazioak errazago egingo direla. Hori bai, norbait egon beharko da beti ordenagailuaren atzean.