ANIMSA

Gaurko solasaldia…

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra Política de Cookies.

Aintzane Ezkurdia, Antsoaingo Udalekoa, Borja Sada, Murillo el Cuendeko Udalekoa, eta Erika Mellado, Corellako Udalekoa, hautesle-erroldaren aplikazioari buruz.

EINen lankidetzari eta Nafarroako ordezkaritzaren eskuzabaltasunari esker, tresna bat eskaini ahal izan diegu toki-erakundeei, udaleko webgunearen bidez, herritarrek egiaztatu ahal izateko hauteskunde-mahaian izendatu duten ala ez.

Zuen udaletan, lehen aldiz erabili dute aplikazio hori. Abantaila bat izan dela uste duzue?

Borja Sada. Bai; azpimarratuko nuke herritarrek eroso, erraz eta azkar begira dezaketela erroldan zer egoeratan dauden edo hauteskunde-egunean hauteskunde-mahaian egotea egokitu zaien. Ordenagailutik edo telefono mugikorretik bertatik egin daiteke kontsulta.

Aintzane Ezkurdia. Hala da. Udaletxera etorri edo deitu beharrean, jende askok webgunearen bidez egin ahal izan du kontsulta, zuzenean, eta, horri esker, denbora gehiago izan dugu gure eguneroko lanak egiteko, eta eskertzekoa da hori, oso lanpetuta egoten gara eta. Telefono bidezko kontsulta gutxiago jaso ditugu eta jende gutxiago etorri da udaletxera galdetzera. Horri esker, arintasun handiagoa lortu dugu administrazio-arloko kontsultetan, eta, gainera, herritarrek inplikazio edo interes handiagoa agertu dute hauteskunde-prozesuetan.

Erika Mellado. Besteek aipatu duten moduan, udaletxeko bulegoetara ez da jende gehiegi etorri hautesle-errolda begiratzera. Hori izan da abantaila nagusia. Eta herritarrentzat erosoagoa da, online egin baitaiteke kontsulta, edozein unetan. Gainera, ziurtagiri digitala erabili beharrik ez dagoenez, askoz ere jende gehiagok erabili ahal izan du zerbitzua.

Desberdintasunak egon dira beste hauteskunde-deialdi batzuekin alderatuta?

Borja Sada. Bai. Datuen Babeserako Lege berria indarrean jarri zenetik, jadanik ezin dira publiko egin zozketaren emaitzak. Hortaz, oso neurri egokia da herritarrek kontsulta egin ahal izateko.

Aintzane Ezkurdia. Hain zuzen, online kontsultaren bidez, edonork kontsultatu dezake errolda eta mahairako izendatu duten, eta, edozein unetan, udaletxera joan beharrik gabe edo telefonoz deitu gabe; hori egin ezean, udaletxea jo beharko zuten.

Beste toki-erakunde batzuei gomendatuko zeniekete hurrengo hauteskundeetan aplikazio hori erabiltzea?

Erika Mellado. Bai, lana aurrezten delako, eta, gainera, herritarrek errazago egin dezaketelako izapide hori. Jendearen aldetik ere aldeko iritziak jaso ditugu; zerbitzu ona dela esan digute. Hurrengo hauteskundeei begira, eta iradokizun gisa, asko erraztuko litzateke lana, pertsona bat mahai bateko kide den ala ez jakiteko aplikazioan sartzeak jakinarazpen-balioa izango balu.

Aintzane Ezkurdia: Ideia bikaina! Oso ondo legoke jakinarazpen gisa balio izatea.

Nola baloratzen dituzue teknologia berriek herritarrekiko komunikazioaren eta dibulgazioaren arloan eskaintzen dituzten aukerak?

Aintzane Ezkurdia. Argi dago informazioa gehiago zabaltzen laguntzen dutela, eta aukera ematen dutela herritarrek udal-jardueretan parte hartzeko.

Eta, aukera teknikoagoei dagokienez, asko arintzen dituzte herritarrek egin beharreko izapideak, baita toki-erakundeetako arduradunek egin beharrekoak ere.

Borja Sada. Oso positiboki. Herritarrek askoz ere erosoago egin ditzakete udalarekin egin beharreko izapideak, ez baitute bulegoraino joateko beharrik. Eta hori abantaila handia da, are gehiago, kontuan izanik, gure udala, Nafarroako beste asko bezala, hainbat kontzejuz osatua dagoela. Askotan, beste udalerri batean egoten dira udaletxeko bulegoak, eta, zerbitzu horiei esker, herritarrek ez dute joan-etorrian ibili beharrik.

Zuen ustez, herritarrak ohitura hartzen ari dira udalarekin harreman telematikoak izateko?

Erika Mellado. Bai, pixkanaka. Egia da, une honetan, gauza batzuk konplexuegiak dira herritar batzuentzat. Nire ustez, ziurtagiri digitala erabiltzeko beharrik egongo ez balitz, gehiago antzemango litzateke.

Borja Sada. Poliki-poliki aurrera egiten ari den prozesu bat da, baina, bai, pixkanaka, herritarrek gero eta gehiago erabiltzen dituzte era horretako bitarteko telematikoak; batez ere, gazteek.

Aintzane Ezkurdia. Bai. Zoritxarrez, gai horri buruzko legeak errealitatearen aurretik joan dira, eta, bistan denez, bide luzea dugu egiteko, baina uste dut, oro har, jendeak hobekuntza gisa ikusten duela eta oso ondo ari direla barneratzen berrikuntza horiek guztiak.