ANIMSA

GAUR GUREKIN SOLASEAN… Coro Gómez, Los Arcoseko Udaleko idazkaria

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra Política de Cookies.

«Herritarrek gugan konfiantza dutela ziurtatu behar dugu, badakitela arauak betetzen ditugula, eta beren informazioa gure eskuetan utzita seguru egongo direla; hori funtsezkoa da.»

2021eko azaroa

Coro Gómez Baquedano elkarrizketatu dugu, Los Arcoseko Udaleko idazkaria. Los Arcos Segurtasun Foroaren parte diren Nafarroako 15 udaletako bat da. Segurtasun Foroa ANIMSAk sustatutako proiektu bat da, eta toki-erakundeetako Segurtasunaren Eskema Nazionala ezartzea du helburu. 

Azken urtean, beste inoiz baino gehiago, zibersegurtasuna erakunde guztietan indartu beharreko elementu nagusietako bat dela entzun dugu. Zure ustez, prest eta kontzientziatuta daude toki-erakundeak arlo horretan?

Prest daude, bai, baina ez daude kontzientziatuta. Legezko betebehar bat ez ezik, behar bat ere badela onartu behar dugu. Garrantzitsua iruditzen zait gaia, eta uste dut gehiago kontzientziatu behar dugula, batez ere udalen alderdi politikoan. Zera nabarmendu nahi dut: segurtasuna da gai honetako hitz garrantzitsuena, eta toki-erakundeak ez daude oso kontzientziatuta, batez ere ertainak eta txikiak.

ANIMSAk Segurtasunaren Foroa sortu zuen Segurtasunaren Eskema Nazionala Nafarroako toki-erakundeetan ezartzean estrategia zehazteko beharrezkoak ziren bitartekoak eskaintzearren. Los Arcoseko Udala, beste 14 udalekin batera, foro horretan dago. Nola baloratzen duzu hori?

ANIMSAk proiektua proposatzeko deitu zidanean, aukera bikaina iruditu zitzaidan. Beti izan dugu harreman ona ANIMSArekin, eta beti izan gaitu kontuan esperientzia pilotuak egiteko, hainbat gairen inguruan zer iritzi dugun jakiteko. Proiektu horrek gurearen moduko udal txikiei eta Iruñekoaren moduko handiei eragiten die, eta aukera bikaina iruditu zitzaidan ANIMSAk udal txikiak ere gonbidatzea. Eduki tekniko handiko proiektu bat da.

ANIMSAk Kriptologia Zentro Nazionalaren (CCN-CERT) laguntza du proiektua sustatzeko, eta udalek ere bilerak egin ahal izan dituzte haiekin. Nola ikusten duzu babes hori?

Babes hori oinarrizkoa eta funtsezkoa da; toki-administrazioan lanean urte asko daramatzagun gu bezalako teknikariontzat luxu handia da CCN-ren moduko profesionalak izatea. Niri, behintzat, asko kezkatu izan nau beti segurtasunaren gaiak; egun osoa pasahitzak idazten ematen dugu: bankuan sartzeko, osasunarekin erlazionatutako edukiak kontsultatzeko… Eta askotan galdetzen diot neure buruari: benetan seguru al gaude? Luxu handia da profesional horiek gure zerbitzura izatea; balio erantsia ematen dio proiektuari, baita berme oso eta erabatekoa ere.

Zergatik erabaki zenuten proiektuan parte hartzea?

Los Arcosek inoiz ez die aukerei ihes egiten utzi nahi izan. Urrats hau egin izan ez bagenu, gero askoz ere gehiago kostatuko zitzaigun. ANIMSAren alderdi onetako bat da bere proiektuen partedun egiten zaituela, eta elkarlanean aritzea da honen moduko proiektu bat aurrera eramateko erarik onena, ez bakarrik ekonomikoki, baita (batez ere) ahaleginari, gauzatzeko moduari, laguntzari… dagokienez. Luxu handia da ANIMSA ondoan izatea. Inoiz ez ditugu zalantzan jarri ANIMSAk ekartzen dizkigun proposamenak, nahitaez bete beharreko proiektuak proposatzen baitizkigu, edo kudeaketan lagunduko digutenak, eta beti baitira oso interesgarriak.  Los Arcoseko Udala beti izan da aitzindari informatikarekin eta teknologia berriekin erlazionatutako kontuetan.

Noiztik du harremana Udalak ANIMSArekin?

Nik 30 urte daramatzat Los Arcosen, eta ordurako bagenbiltzan ANIMSArekin. Oso aspaldikoa da harremana… Zerbitzuaren kalitatea: goizean, iristen naizenean, ordenagailua piztu eta ez badabil, badakizu baduzula nora deitu eta erraz konponduko dizutela arazoa. Niretzat, berme oso eta erabatekoa da. Une honetan, ordenagailurik gabe ez ginateke biziko; gauza guztietarako gaude konektatuta, eta pandemiak teknologiak gehiago erabiltzera behartu gaitu, haien aukerak gehiago ustiatzera (telelana, online trebakuntza…) Nik ez nuke jakingo ANIMSA gabe bizitzen, eta, pertsonalki, oso harreman ona izan dut beti. Hain tresna ahaltsua da informatika, ezen gauza guztietarako erabiltzen baituzu, eta ANIMSA ondoan izateak gainerakoen erritmoari jarraitzeko aukera ematen dizu. Ni beti nago hango teknikariekin harremanetan; egunero bidaltzen dizkiogu mezuak elkarri arazo, behar, iradokizun edo antzekoen berri emateko. ANIMSA ondoan izatearen abantaila handia da bakarrik egonez gero edukiko ez genituzkeen tresnak dauzkagula, ondo ezagutzen dituzte toki-erakundeak, eta badakite zer behar dugun. Elkarrekiko konfiantzan oinarritutako harremana izan da beti. Dena hobetu daiteke, baina nik, 30 urtez ANIMSArekin harremanetan egon ondoren, ez nuke beste ezerengatik ordeztuko.

Zuen udala aitzindaria izan da proiektu honetan, eta Segurtasun Batzordeko kidea da. Zer eginkizun du?

Ni alderdi juridikoaz arduratzen naiz, Zuzenbidean trebatuta bainago. Eredu-hitzarmen bat prestatu dugu, erakunde guztiak atxiki dakizkion. Nik administrazioan teknologia berriak erabiltzeari dagokionez daukadan esperientzia jartzen dut. Ikuspegi juridikoa ematen diot, eta lanean 33 urtez aritu ondoren metatu dudan esperientzia.

Zer espero dute zugandik Segurtasunaren Foroan parte hartuta?

Teknikoki, nola lan egiten dugun jakinarazi nahi nieke herritarrei, haiengandik izan behar dugun konfiantza helarazteko. Eta, egiazki, Los Arcoseko Udalak araudia betetzen duela ikus dezaten nahi nuke, lasai eta seguru egon daitezela gurekin beren informazio pertsonal eta pribatua ematen digutenean. Nik uste garrantzitsuena hori dela: udalek ez dute soilik araudia bete behar; askotan, arauditik haratago joan behar dute. Kasu honetan, aukera bikaina da, proiektua aurrera eramatea kostatuko zaigun zenbatekoagatik (geure kabuz, askoz ere ahalegin handiagoa egin behar baikenuke, ekonomikoa barne). Funtsezkoa da jakitea Los Arcoseko herritarrak seguru egongo direla guri beren informazioa ematen digutenean.

Zure ustez, toki-erakundeetako korporatiboak eta teknikariak behar bezain kontzientziatuta daude zibersegurtasunaren garrantziaz?

Uste dut teknikarioi ez digutela beldurrik ematen aldaketek, ez arauetakoek, ez alderdi teknikoetakoek, baina nik uste politikariek hainbat gauza uzten dituztela gure esku, ezen ez baitira konturatzen zeinen garrantzitsuak diren alderdi batzuk; esaterako, zibersegurtasuna eta SENen ezarpena. Ez dira konturatzen zenbat daturekin lan egiten dugun; gure herritar guztien datu benetan garrantzitsuak ditugu, oso kontuzkoak, eta zibergaizkileek oker erabili ahal izango lituzketenak. Politikariek halako ustea dute gugan, ezen gure esku uzten baitute dena, baina ez dituzte ezagutzen eguneroko bizitzako errealitatea, informazioaren arazoak eta zibersegurtasunak duen garrantzia.

Horren haritik, aipatu duzu politikariak ez daudela kontzientziatuta; horrek oztopatu egiten al du udaletako sistema informatikoek zibersegurtasunaren arloan aurrera ez egitea?

Egiazki, ez. Politikariek halako ustea dute teknikariongan (batez ere udal txikietan), eta hain gertutik jarraitzen ditugu gai guztiak (dirulaguntzen deialdiak, laguntzak…), ezen gai bat aurkezten diegunean eta zerbait egin beharra dagoela esaten diegunean ez baitute zalantzan jartzen, eta udalbatzan aurkezten da. Lehen esan dizudan bezala, ez dira konturatzen zenbat daturekin egiten dugun lan: osasunari buruzko datuak, bankuetako datuak… eta datu horiek guztiak babestu egin behar dira. Esaten diezunean, ondo ulertzen dute, baina aurrekontuen alderdiak ere asko kezkatzen ditu. Araudia bete dadin nahi dute, zehapenik ez egotea, baina uste dut honen moduko gaietan proaktiboagoak izan behar luketela; izan ere, oso gai garrantzitsua da administrazioarentzat, eta bideratu egin behar lukete. Zibersegurtasunaren gaia konfiantzan oinarrituta dago; herritarrek gugan konfiantza dutela ziurtatu behar dugu, arauak betetzen ditugula jakin behar dute. Eta ez ditugu soilik arauak bete behar; herritarrei esan ere egin behar diegu. Horregatik gardentasuna: herritarrei ezagutarazi behar diegu, lanean ari garela jakin behar dute, eta gugan uste osoa izaten jarrai dezaketela, ziur egon daitezkeela araudia betetzen ari garela, eta haiei buruz dugun informazioa (ondarea, kontu-zenbakiak, txosten medikoak, etab.) behar bezala tratatzen dugula. Oso datu pribatuak eta kontuzkoak dira.

Zure ustez, alderdi erabakigarri batzuk (esaterako, teknologiarekin erlazionatutako kontzientziazioa, gaikuntza eta jardunbide egokiak) apur bat ahaztuta egon dira?

Erabat ados. Jardunbide egokiak funtsezkoak dira. Eguneroko lanean, ANIMSAk asko laguntzen digu, konektatzen zarenean gauzak egiaztatzen baitizkigu, hau edo bestea falta den esaten baitigu, eta egunean jartzen baitzaitu. Jardunbide egoki horiek oso garrantzitsuak dira. Segurtasun-ohitura onetan denbora apur bat galdu behar da: oinarrizkoa da gauzak egiaztatzea, gailua segurtasunez deskonektatzea, etab.

Zure ustez, proiektu hau gauzatuko da eta luzaroan geratuko da?

Bai, zalantzarik gabe. Nik uste nagusitzen ari den benetako behar bat dela, orain gizartea une oro konektatuta baitago. Behar bat denez, geratu egin behar du. ANIMSAk parte hartzeko aukera eman izan ez baligu martxan jarriko ez genukeen behar bati erantzuten dio. Badakizu araudia bete behar duzula, baina, ANIMSAk ohartarazi eta elkarlanean jarduteko aukera eman zigun arte, ez genion gaiari heldu. Gauzatuko da, bai, baina gauzatu ere egin behar du. Beharrezkoa eta nahitaezkoa da.

Zure ustez, ekimen honek zuen beharrei eta itxaropenei erantzun die?

Erantzun die, noski, geure kabuz ez baikenukeen pentsatu ere egin halakorik egitea; eguneroko dinamikak gainditu egiten gaitu, eta zaila da kudeatu behar ditugun alderdi administratibo ugarietatik irtetea. ANIMSAk aurrea hartu izan ez balu eta proiektua martxan jarri izan ez balu, gu ez ginatekeen bakarrik lanean hasiko. Horren haritik, ANIMSA funtsezko lana egiten ari da udaletan elkarlanean aritu ahal izateko. Orain, SENen karpeta puztuz doa egunez egun. Lanean hasi arte, ez zara konturatzen zeinen gai garrantzitsua den. Ni egunero sartzen naiz foroan, eta albisteak eta informazioa irakurtzen ditut; elkarlanari esker, zeure kabuz ikusi ere egingo ez zenituzkeen gauzez jabetzen zara. Horrez gain, ideiak bururatzen zaizkizu, eta proposatu egiten dituzu… Proiektu honetan lan egiteak adimena zabaltzen dizu, pentsatzeko eta besteentzat ere praktikoak izateko; adibidez, adinekoei trebakuntza eman behar zaiela pentsatzeko, beren pasahitzak kudeatzen ikas dezaten. Hau da, ikasten ari garen guztia gizarteari helaraz diezaiokegu, eguneroko egoeretan herritar guztiak seguru egon daitezen.

Zer esango zenieke oraindik Foroaren parte ez diren toki-erakundeei etorkizunean parte hartu nahi izango balute?

Anima daitezela. Gu jada ari gara aurreko lan guztia egiten, korapilatsuena; haientzat errazagoa izango da, eta lehenbailehen egin behar dute. Oso beharrezkoa da, batez ere langileentzat; prest eta trebatuta egon behar dugu, prebentziozko jarrerak eduki. Ez gara konturatzen automatizatuta dauzkagun gauza askotaz; adibide asko daude: mezu elektroniko bat bidaltzen dizute, informazioa deskargatzeko estekak erabiltzen ditugu, CD bat sartzen dugu… Hainbat ekintzatan hartu behar dugu aurrea, eta dauzkaten arriskuak ezagutu behar ditugu. Seguru egon behar dugu, babeskopiak eguneratu, eta, ahal dela, haiek gure azpiegitura fisikotik kanpo gorde. Toki-erakundeok konturatu behar dugu ahalegin txikia eginda gauza oso garrantzitsu eta beharrezko bat lortzen dugula.