ANIMSA

“Toki-entitateen zeregina erabakigarria izango da Nafarroa digitalizatzeko”. Guzman Garmendiarekin solasean egon gara.

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra Política de Cookies.

“Toki-entitateen zeregina erabakigarria izango da Nafarroa digitalizatzeko”. “COVID-19a digitalizaziorako akuilu izan da, baina errealitatea kolpe latz batez ere erakutsi digu”.

Banda Zabalaren II. Plana aurkeztu berria, eta Nafarroako Estrategia Digitala 2030 mahai gainean dago. Horiek horrela, Foru Gobernuak Nafarroa digitalizatzeko apustu irmoa egin du, antza. Zerumuga 10 urtekoa da, eta helburua nafar guztiek zerbitzu teknologikoak eskura izatea da, baldintza berberetan. Anbizio handiko proiektu bat da, eta, hartan, toki-entitateen zeregina funtsezkoa izango da. Nafarroako Gobernuko Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusi Guzman Garmendiarekin solasean egon gara, NED2030 zer den zehazteko eta zer ekarriko duen jakiteko.

 

 

-Zein dira Nafarroako Estrategia Digitala 2030en helburu handiak?

Estrategiaren gaia Nafarroa digitala eta iraunkorra izatea da; denek eskura izan ditzatela zerbitzu teknologikoak, baldintza berberetan. Nafarroa osoak berdintasunean izatea banda zabaleko konektibitate erabatekoa, eta nafar guztiek behar bezainbesteko gaitasun digitalak izatea. Pertsonak trebatzea oso garrantzitsua da, eta kolektiboen arteko arrakalak desagerraraztea ere bai; adibidez, adinekoekin gertatzen da. Arrakala gabe, zenbait zerbitzu jaso ahalko dituzte –esate baterako, telemedikuntza–, eta espezialistek artatu ahalko dituzte dauden tokian daudela. Edo gazteek telehezkuntza jaso ahal izatea, desberdintasunik gabe. Nafar guztiak trebatu nahi ditugu, eta diskriminazioa erabat uxatu: geografia, generoa, ekonomia… Hori gailuak eskuratzeko ahalmenean ikusten da, adibidez; gobernuak lagundu egingo die.

 

 

– Zer erronka dakarzkizue Nafarroako Estrategia Digitala 2030ek?

Konektibitatearen kontua konponduta dagoenean, erronka gobernua guztiz digital bilakatzea izango da. Horrek esan nahi du herritarrek administrazioarekin izan dezaketen harreman oro online bideratu ahal izango dela; hau da, erronka gobernuaren zerbitzu guztiak era digitalean eskaintzea da. Osasungintza, gizarte-gaiak, hezkuntza, ogasuna… Aldi berean, gobernuak nafar guztien datuak edukitzeko gauza izan beharko luke, zerbitzu publikoak hobetzeko asmoz. Helburuetako bat hori da, hain zuzen ere: datuak kontrolpean izatea, datuok oinarri hartuta erabaki ahal izateko. Gaur egun, herritarrei buruzko datu andana dugu, desordenatuta. Enkriptatuta eta anonimizatuta beti ere, guztien onerako oso erabilgarriak izan daitezke, ordenatu egiten baditugu. Adibide argi-argi bat dago. Nafarroan koloneko minbizia zuten paziente guztiei buruzko erkaketa eta azterlana egin genituen, datu enkriptatuak erabiliz, eta ondorioa zera izan zen, heriotza-tasa handiena diagnostiko bera zuten pazienteei zegokiela, tumorearen orientazioa dela eta. Hori da hori guztien ongia.

 

– Plana ausarta da, eta anbizio handi-handiko planteamenduak egin dira. Nola emango zaie herritarrei beharrezkoa den gaitasun digitala, tresna teknologikoak erabiltzeko gauza izan daitezen?

Dibulgazio-lan horrek guzti-guztiongana heldu behar du. Horren barruan, badira beste batzuek baino gabezia gehiago dituztenak; adibidez, adinekoak.

Orain, hizketan gabiltza Nafarroako Adinekoen Tercer Tiempo Konfederazioarekin. Horren barnean, erretiratuen elkarteek eta zentroek bat egin dute, eta asmoa prestakuntza ematea da. Haiek ari zaizkigu eskatzen gizarte-zerbitzuen bidez baliozkotzen den gaitegia, eta, orain, ez dute Excel eta Worden gaineko prestakuntza eskatzen; aitzitik, WhatsApp aplikazioa eta mugikor bat nola erabili ikasi nahi dute. Oraingoan, horri buruzko ikastaroak emango zaizkie, eta, etorkizunean, behar denari buruzkoak. Prestakuntza eguneratzen joango gara, behar ahala. Unean-unean baliatzen diren teknologietarako gaitasunak eman behar zaizkie, eta egoitzetan gailu elektronikoak eros ditzaten lagundu behar zaie.

-Prestakuntza eta Interneteko konexioa gobernuak ordainduko al ditu?

Zati bat, bai. Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentua kolektiboei nola lagundu aztertzen ari da, arazo ekonomikoak direla-eta Internetera konektatu ezin badira. Oraindik ez daude horretarako propio sortutako partidak, baina gobernuaren helburu bat da hori. Ez dugu nahi inor digitalizaziotik kanpo geratzerik arazo ekonomikoek behartuta.

 

-COVID-19a termometro bat izan al da, arrakala digitala agerian utzi duena?

Bai, termometro itzela izan da, baina, batez ere, bultzatzailea izan da. Arrakala digitala nabarmendu egin da; argi eta garbi ikusi dugu. Erronkarin, esate baterako, konektibitate faltagatik ezin izan da jendea konektatu; gazteek ezin zuen online ikasi. Kablea eramateko obrak abiarazten gabiltza orain, Interneterako konexioa izan dezaten. Baliabide ekonomikoen faltak ere arrakala digitala azpimarratu du; Nafarroako leku askotan gertatu da. Pandemiaren eraginez, hezkuntzari begira, ikusi dugu Nafarroako 9.000 familiak baino gehiagok ez zeukatela Internetera konektatzeko edo ordenagailu bat izateko ahalmen ekonomikoa. Familia batzuek konexioa duen mugikorrik ere ez daukate, eta unibertsitateko hainbat ikaslek ere arazo bera dute. COVID-19a akuilu izan da, baina errealitatea kolpe latz batez ere erakutsi digu. Nafarren % 60-70ek konektatzeko ahalmen altua du; gainerakoek, ahalmenik ez dute. Zehazki, herritarren % 90 konektatuta dago, eta gainerako % 10 hori da zailena. Toki batzuetan dagoen hutsunea konpondu egin behar da; esate baterako, Orbaibarren eta Pirinioetan. Eremu zailak dira, ekimen pribatuak bideratuko ez dituenak. Ekimen pribatua iristen ez den tokietara, gobernua helduko da; gure erantzukizuna da.

 

-Hortaz, urruti-urrutiko herrietara ere helduko zarete?

Urruti-urrutira ere heldu nahi dugu, bai. Banda Zabalaren II. Planaren barnean, pizgarriak emango zaizkie operadore pribatuei, urrutiko herri horietara irits daitezen. Hartara, xedea da konektibitaterik gabeko etxerik ez egotea Nafarroan, 2024an, eta segundoko 30 Mb-etik gorako konexioa ere kontratatu ahal izatea.

 

-Zer mekanismo beharko dira proiektu hori aurrera ateratzeko?

Banda zabala, eta Nafarroaren Gobernuaren azpiegitura handitzea; alegia, geure zuntza jarri, eta operadoreek konexioari jarraitzea. Nire iritziz, lau urte igaro aurretik ere lortuko dugu. Operadore berriak sartzen ari dira indar handiz. Orain, merkatuan ez dabiltza handiak soilik; lehen baino jokalari gehiago daude taulan, eta haiekin negoziatzen ari gara. Baikor gabiltza. Gure konpromisoa herri guzti-guztietara iristea da, nahiz eta 20 biztanle baino gutxiago bizi edo orografiagatik konplikatuak izan.

 

– Orduan, Nafarroako Gobernua abiadura-palanka bada eta lidergo hori bere gain hartzen badu, nola eragingo die horrek gainerako organismo publikoei, plan horren barnean dagokien zatia har dezaten?

Oraingoz, Nafarroako Gobernuko departamentu guztiekin hitz egin dugu. Departamentu guztietako proiektuak daude; gobernu osoak parte hartu du estrategia prestatzen. Departamentuak ez ezik, beste organismo batzuk ere tartean daude; besteak beste, Animsarekin, NUKFrekin, Nafarroako Ganberarekin, CENekin eta NUPekin mintzatu gara. Guztiontzako proiektu bat da, eta denen babesa jasotzea espero dugu.

 

– Argi dago Nafarroako Gobernuak trakzio-lana egingo duela eta burua izango dela gobernantza-sisteman. Nolako pisua izango dute toki-entitateek?

Pisu osoa izan beharko lukete. Toki-entitateei begira, gure gobernantza-lanik handiena koordinatzea izango da. Haiekin koordinatu behar dugu, portu berera hel gaitezen. Toki-entitateen zeregina ezinbestekoa da; adibidez, hala izango da segurtasunarekin lotutako gaietan, trafikoan edo kanalizazioak kudeatzean. Tokiko administrazioak ez baleude, ezingo genuke ezer egin. Banda Zabalaren II. Planak ez luke ezertarako balio izango toki-entitateen laguntzarik gabe. Harreman etengabea dugu udalekin, konektibitate-arazoak konpontzeko. Esate baterako, Arroitzen kasuan, alkatea nirekin harremanetan jarri zen, biztanleria erdia konektatuta baitzegoen, eta beste erdia, ordea, ez. Orreagara, bestalde, Done Jakueren Urterako heldu nahi dugu, 150.000 erromes ere handik igarotzea espero baita. Gobernantzan, toki-entitateen zeregina erabakigarria izango da. Haien laguntza beharrezkoa da, konektatu nahi badugu eta zerbitzuak eman nahi baditugu osasungintzan, kulturan…

 

– Esaten duzun bezala, toki-entitateen lana funtsezkoa izango bada, haientzako finantza-lerro espezifikoak egongo al dira?

Finantzazioa egongo da, noski, nahiz eta zati txiki-txiki bat besterik ez den jasoko Nafarroako 2021eko aurrekontuetan. Europatik etorriko diren funtsek baldintzatzen gaituzte, eta haietan bai, finantzazio osoa jasota dago. Ia osorik etorriko zaigu Europatik, baina iruditzen zait ez gaudela finantzazio hori xurgatzeko behar bezain dimentsionatuak. Digitalizatzeko eskatzen digute, baina ibilbidea itzela da, eta Nafarroan ez dago hori gauzatzeko behar adina profil. Ezagutza eta profilak behar ditugu, eta erakartzea beharrezkoa izango zaigu. Sormen handia behar dugu.

 

– Eraldaketa horretan, nolako zeregina izango dute Tracasa, Nasertic edo Animsa enpresek, besteak beste?

Oso zeregin garrantzitsua izango dute. Tracasa eta Nasertic kontseilaritza honen menpean daude, eta, beraz, azpiegituretan eta garapenean laguntzen dihardute. Eta Animsak tokiko administraziora iristeko gobernantza-zubia izan behar du. Nire aburuz, hori da bete dezakeen zereginik onena.

 

– Iruditzen al zaizu Nafarroa digitala izango dela 10 urte barru?

Bai, jakina. Berriz diot: egundoko aukera da, eta digitalizatu egin behar dugu. Ezin ditugu Europako funtsak ekarri balio izango ez diguten azpiegituretarako. Funts horiek digitalizatzeko erabili behar ditugu, eta lortuko dugu; Nafarroa digitala izango da. Hain zuzen ere, digitalizazioa da Nafarroari falta zaion hanka, benetan berritzailea izan dadin.