ANIMSA

ANIMSAk langile-deialdiak bizkortzeko Iruñeko Udalaren aplikazio berria garatu du

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra Política de Cookies.

Online aplikazio berriak langileak aldi baterako kontratatzeko deialdiak egiteko Iruñeko Udalak erabiltzen zuen aurreko eredua ordezten du, zeina telefono-deietan oinarrituta baitzegoen. Sistema berriari esker, prozesua bizkortu egingo da, eta, ondorioz, plaza hutsak bizkorrago beteko dira.

2021eko azaroa

Udaz geroztik, ANIMSAk garatu duen online sistema telematiko berri batek langileak aldi baterako kontratatzeko deialdiak egiteko Iruñeko Udalak erabiltzen zuen aurreko eredua ordezten du, zeina telefono-deietan oinarrituta baitzegoen. Sistema berriari esker, prozesua bizkortu egingo da, eta plazak bizkorrago beteko dira.

Bi arrazoi nagusirengatik jo zen beharrezkotzat deialdien sistema aldatzea: batetik, telefono-deien sistemak prozesua atzeratzen zuen, teknikariek banan-banan deitu behar baitzieten izangaiei eskaintza bat zabaltzen zen bakoitzean; eta, bestetik, sistema horrekin, batzuetan izangaiek ez zuten telefonoa hartzen, egun batzuk eskatzen zituzten erantzuteko, edo beste egoera batzuk sortzen ziren telefonoz deitzean. Azken batean, sistema zaharkituta geratu zen, Udaleko langileen arabera.

Oraingo aplikazioari esker, eskaintza bat sortu, eta deialdi bera pertsona kopuru jakin bati egin dakioke. Izangaiak Udalaren webguneko lan-eskaintzen atalean sartu behar du, eta eskaintza onartzen duen, modu arrazoituan baztertzen duen edo arrazoitu gabe baztertzen duen adierazi.

Aplikazioaren beste berritasun handietako bat da prozesuaren informazio guztia izangai bakoitzaren web-izapidean agertzen dela, eta, ondorioz, bakoitzaren egoerak jasota geratzen direla, kontsultatu ahal izateko.

Horrela, Udaleko teknikariek esan digutenez, prozesu osoa ez da hainbeste luzatzen, eta kudeaketa administratiboak ere arindu egiten dira, nahiz eta aplikazioa estreinatu berria izan eta oraindik lehenengo fasean egon. Une honetan, bai ANIMSAko teknikariak bai Iruñeko Udalekoak elkarrekin ari dira lanean sortuz doazen arazo praktikoak konpontzeko. Halaber, ANIMSAk bigarren faseari ekin dio, zeina datozen hilabeteetan garatuko baita.

Bigarren faseari esker, kontratu mota bakoitzerako zerrendetan zein egoeratan dauden kontsultatu ahal izango dute izangaiek, web-izapidearen bidez aktibatu ahal izango dira zerrendetan, automatikoki egunera daitezen, eta, horrez gain, baztertzeko arrazoiaren arabera tipifikatuko dira egiaztagiriak (une honetan, dei asko jasotzen dira kontu hori argitzeko). Azkenik, penalizazioa automatikoa izango da, prozedurako jarraibideen arabera.