ANIMSA

ANIMSAk estreinako enpresa-hitzarmen kolektiboa sinatu du

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra Política de Cookies.

Hitzarmenaren testua langileen batzarrak babestu eta ANIMSAko administrazio-kontseiluak onetsi du.

Enpresaren estreinako hitzarmen kolektiboa da, estatututik kanpoko hitzarmen baten bidez funtzionatzen baitzuen enpresak orain arte, hots, enpresa-itun baten bidez; 2007an sinatu zen ituna, 2010-2011 aldian berretsi eta orain arte aplikatu da.

Hauxe izan da negoziaziorako jarraitutako bide-orria: enpresaren bideragarritasun ekonomikoa, egonkortasuna eta bake soziala bermatzea; talentua gorde eta erakartzea langile kualifikatuen bidez; soldata-masa modu jasangarri eta neurritsuan haztea; alderdi sozialak (bateragarritasuna, telelana, baimenak,…) lantzea; eta lanpostuen balioak ezartzea.

Hartara, gehitu diren alderdi aipagarrienen artean, nabarmenena da soldataren hazkunde erreala Nafarroako bulegoen hitzarmenaren kontzeptuetan eta prima bat ezartzea enpresaren helburuak betetzeagatik. Halaber, lanpostuak baloratzeko sistema bat ezartzea negoziatu da, baita hura finantzatzeko diru-partida bat ere (finantzazio neurritsu eta iraunkorra helburu).

Lan- eta familia-bizitza bateragarri egiteko neurriak hobetu dira: lan-jardunaldia murrizteko aukera seme-alabak 12 urte betetzen dituen ikasturtea amaitu arte eta lan-jardunaldia 09:24ak arte hasteko aukera lan-murrizketa aplikatu  beharrik gabe. Bestetik, senideak zaintzeko lan-eszedentzia 2 urtetik 3 urtera luzatzen da eta lanpostua erreserbatuko da lehenengo urtean eszedentzia boluntarioetan.

Arlo sozialari dagokionez, hauexek dira aipagarrienak: %33ko edo gehiagoko desgaitasuna, fisikoa edo psikikoa, duten adingabeengatik ordaintzen diren familia-laguntzetarako osagarria handitu da eta baimen berreskuragarriak ugaritu dira; izan ere, 3tik 4ra luzatu dira norberaren aferetarako egunak, eta handitu egin dira kontsulta medikoetara edo larrialdiko zerbitzuetara laguntzeko orduak, baita zainketa aringarriko unitateak edo gizarte-zerbitzukoak etxean egin beharreko bisita medikoetakoak.

Lan handiko urte luze hauek igarota, eskerrak eman nahi dizkiegu ANIMSAko langileei zein enpresa-batzordeko kideei egindako ahalegin handiagatik; izan ere, hari esker sinatu ahal izan da ANIMSAko estreinako hitzarmen kolektiboa.