ANIMSA

47 toki-entitatek eskatu dute ANIMSA-NASERTIC hitzarmenera atxikitzea Nafarroako Gobernuaren sarea erabiltzeko

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra Política de Cookies.

2018ko irailean, hitzarmen bat sinatu zuten ANIMSAk eta NASERTICek, eta, hari esker, ANIMSAren akziodunak diren Nafarroako toki-entitateek Nafarroako Gobernuaren sarea erabili ahalko dute, zeina NASERTICek kudeatzen baitu.

Zer dela-eta hitzarmena?

2020 Agendak Internetera banda zabalaren bidez sartzea ezartzen du EBko ahal bezainbeste lurraldetan, eta ekimen horren barruan kokatu behar da hitzarmenena.  Esparru horren barruan, hitzarmenak toki-entitateak Nafarroako Gobernuaren banda zabaleko sarerako sarbidea egituratzen du, abiadura handiko konektibitatea izan dezaten bai Internetekin, bai beste administrazio eta organismo publiko batzuekin.

NASERTIC sozietatearen xedea da IKT zerbitzuak ematea Nafarroako Gobernuari, hala nola banda zabaleko sare informatikoa kudeatzea.

ANIMSA sozietatearen xedea eta izateko arrazoia da IKT zerbitzua ematea toki-entitateei, baina ez du Nafarroako Gobernuaren antzeko banda zabaleko sarerik.

Hitzarmenari esker, ANIMSAren akziodunak diren toki-entitateek Nafarroako Gobernuaren sarearen azpiegitura erabil dezakete ANIMSAren (toki-entitateentzako amaierako zerbitzu-emailea) eta NASERTICen (Gobernuaren sarearen kudeatzailea) bitartekaritzaren bidez.

Zer abantaila ematen ditu?

Hitzarmenak toki-entitateak Internetera modu seguruan konektatzea ahalbidetzen du, baita beste entitate publiko batzuetako baliabide eta zerbitzuetara ere.  Hartara, hobekiago eta seguruago erabil daiteke Internet. Horrez gain, azkarrago sar gaitezke Nafarroako Gobernuak argitaratutako zerbitzuetara (SARA sarera ere), baita ANIMSAk argitaratutakoetara (toki-entitateetako egoitza elektronikoa ostatatzen baititu) zein toki-entitateek berek beren barne-kudeaketarako argitaratutakoetara.

Hona hemen Nafarroako Gobernuaren sarea erabiltzeak nafar udalei ematen dizkien abantaila zehatzak:

  • Egoitza elektronikoek hobe eta azkarrago funtzionatzea, haien zerbitzarien arteko konexioaren abiadura azkartu eta kalitatea hobetzen baita, eta ANIMSAren edo hirugarrenen azpiegituraren bidez argitaratutakoek ere hobe eta azkarrago funtzionatzea.
  • ANIMSAren azpiegituran argitaratutako zerbitzu eta funtzionaltasun zentralizatuetara (posta elektronikoa, mugikortasuneko sinadura, Urrutiko Kontroleko Zerbitzuak,…) sarbide hobea izatea, eta ANIMSAren teknikariek errazago sartzea entitate bezeroetara, arreta hobea emateko. Konektibitate hobeari esker, zerbitzu eta funtzionaltasun berriak emateko aukera zabaltzen da.
  • Aurreko sarbide horien guztien babes egokia zein Interneteko beste edozein sarbiderena; horrez gain, hirugarrenak udalen sarera baimenik gabe sartzeko ezintasuna bermatzea.
  • Toki-entitateen artean konexio selektibo, pribatu eta seguruak ahalbidetzea, adibidez, elkarte edo mankomunitate bateko udalen artean.

Argi esan behar da, dena den, toki-entitateei banda zabaleko konektibitatea ematea erabilera korporatiborako dela hitzarmenaren xedea, hau da, berezkoak dituzten administrazio-eginkizunetarako. Ezin da, beraz, erabili hitzarmena herritarrei konexioak errazteko (wifi-eremuak, zibergelak, erabilera askeko ordenagailuak eta abar).

Zer balio erantsi ematen du NASERTICek?

NASERTICek, Nafarroako Gobernuaren zerbitzu-emailea baita, gobernuaren egoitza guztiei zerbitzua ematen dien sare-azpiegitura kontrolatzen du.  Ia Nafarroa osoan barna hedatzen den sare-azpiegitura du, beraz, ahalmen handikoa, eta zerbitzu eta eragile nabarmen guztietarako konexioak ditu (ahalmen handiko konexioa Internetekin, konexioa SARA sarearekin, ANIMSArekin,…)  Halaber, baliabideak ditu, bai inbertsioetarako aurrekontuari dagokionez, bai langileei dagokienez, gobernuaren sarea NASERTICek gaur egun azpiegitura ez duen tokiraino hedatu ahal izateko.  Baina NASERTICen xedeak ez dio baimentzen toki-entitateei sare-zerbitzua zuzenean ematea.

Zer balio erantsi ematen du ANIMSAk?

ANIMSAk, toki-entitate akziodunentzako IKT zerbitzuen kudeaketa zuzeneko baliabidea baita, komunikazio-azpiegiturako kudeaketa-zerbitzuak ematen dizkie toki-entitateei, baina ez du banda zabaleko sare propioa aipatu zerbitzuak hobetu ahal izateko.

Hauxe da ANIMSAren zeregina hitzarmenaren barruan: kudeatzea ANIMSAko toki-entitateen erabilera Nafarroako Gobernuaren sarean, behar dituzten zerbitzu guztiak eskaintze aldera, hala nola konektibitatea, bideratzea eta segurtasuna. ANIMSAren papera izango da, beraz, NASERTICek emandako datu-garraiorako zerbitzuak toki-entitateen konektibitate-premia orokorrak eta, kasu zehatzetan, bakoitzaren premia espezifikoak asetzea.

Interesatzen zait.  Zer egingo dut orain?

Hitzarmenaren onurak baliatzeko, bidali eskaera ANIMSAra. Prozesu osoan zehar gidatuko zaitugu, eta, gainera, zure toki-entitateak banda zabaleko konektibitatea izateko NASERTICekin egin beharreko elkarrizketa- eta koordinazio-lanak egingo ditugu.